Bidatz Villanueva
IRITZIA

Beste 'Marikaroa' bat

2024ko urtarrilaren 26a
05:00
Entzun

Samuelentzat. Maldita. A love song to Sarajevo film laburra hari eskaini zioten Kanaki ekoiztetxeko egileek. Filmaren sakontasunari gehitu zitzaion amaierako keinu hura, eta Zizur Nagusian egin zen aurkezpenean ere izan zen mintzagai, galderen tartean. Autoreek zintzoki erantzun zuten hilketa homofobo hark barneak astindu zizkielako erabaki zutela Samuel gogora ekartzea lan horren aitzakiapean. Finean, Maldita-n sistemaren aurka azaldu den artista baten bizitza kontatzen da, gerrarekin izan zuen lotura, haren identitate ez-normatiboa; bere genero adierazpenak egiten du aske abeslaria: Bozo Vreco. Gauza askori kantatzen die, eta urrun egonagatik, ezin da ekidin Samuel eta haren arteko lotura egitea, bien gorputzak baitira gudu zelai. 

Hilabete batzuk pasatu eta gero, hirugarren aldiz antolatu dute Zizur Nagusian Marikaroa; beste behin, ekintzaz josirik herria. Divina Comediaren bakarrizketarekin ireki zuten edizio berria, kultur etxeko areto nagusian, barregarri bezain gordina, pasarte batzuk ez sobera egokiak edozein publikorentzako, baina guztiz beharrezkoak umorea egiteko beste era batzuk ere badirela erakusteko, barregarria dela uste duen betiko horretaz harago. Izan ere, azken urteetan, bazterrean izan diren umoregileek zentraltasuna hartu dute, eta hori txalotzekoa da. 

Bestalde, txalotzekoa da identitate disidenteak ikusarazteko eta protagonista izateko jardunaldiok antolatzea. Egoera perfektua ez den arren, zinez pentsatzen dut belaunaldiak iragan ahala, ikusmolde askeagoarekin hazten ditugula haurrak. Horri aurka eginen dioten mugimendu erreakzionarioen eta kontrako aldeko erradikalizazioaren lekuko ere izaten ari gara. Afera horri heltzeko moduak hausnartu behar direla uste dut, baina ez nuke erranen gizartean atzerapausoak ematen ari direnik; bere estatusa zalantzan ikusten dutenen erasoak dira. 

Oraindik ere, senide eta lagun taldeetan identitate sexualaren berri eman behar izatea, eta hori notizia bihurtzea, bide luzea geratzen den seinale da.

Jardunaldi batzuetan marika hitza erabiltzeak sortu zuen polemikak eraman zituen hainbat zizurtar Marikaroa deritzona antolatzera. Eraso hura izan ez balitz, beharbada, beste bide natural batetik sortu izanen zen dinamika. Hori ezin da jakin, baina kontzeptua birdefinitzeko hasi zena, ibilbide laburra izanagatik, oparoa izan da Zizurri eta Nafarroari eman dionari dagokionez. Hainbeste gai ukitu ditu, eskertuak besterik ezin gara egon beste mota bateko eta denbora luzez bazterrean izandako irakurketa, ikusmolde, adierazpen eta beste aldarrikatzeagatik.

Areago, Zizur Nagusian segurua den espazioa sortzeagatik. Esperientzia gogor bezain dibertigarriak partekatu dituzte parte hartu dutenek, guztiok egin dugu barre inposatutako arauen aurka, hausnarketarako parada izan dugu, eta festa ikaragarriak antolatu dituzte, beste behin, ardatza LGBT komunitatea zutenak. Oso modernoak eta toleranteak garen gizarte honetan, hori bera aldarrikatzean, begitartea estutzea ezin dut ekidin, Samuel hil zuten bezala, Nafarroan ere gertatzen direlako hamaika eraso. Oraindik ere, senide eta lagun taldeetan identitate sexualaren berri eman behar izatea, eta hori notizia bihurtzea, bide luzea geratzen den seinale da.

Datozen olatu atzerakoien kontra argi izpi bat da Marikaroa, paraleloan iruditegi berria sortzeko eta zabaltzeko. Indarkeria hain presente dugun garaiotan, zeinetan normalizatu dugun hilketak eta bortizkeria kontsumitzea gure begien aurrean, txioak bata bestearen atzetik pasatzen ditugunean, arnasgune bat bilakatzen dira Marikaroa bezalako ekimenak. Zinez, eskerrik asko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.