Bertsoz blaituko da Arantza

Euskal Herriko Eskolarteko finala jokatuko dute gaur Arantzan. Kattin Madariaga eta Kattalin Lizarraga nafarrak ariko dira kantuan, beste bederatzi bertsolarirekin batera.

Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finala Laban.
Kattin Madariaga Nafarroako Eskolarteko txapelduna, Julio Soto bertsolariarekin, apirilean, Iruñeko Laban. NAFARROAKO BERTSOZALE ELKARTEA
Olaia L. Garaialde.
Iruñea
2024ko ekainaren 15a
04:55
Entzun

Lehia, gozamena eta bertsoak. Horiek uztartzen ditu Euskal Herriko Eskolarteko finalak. «Horrelako txapelketen helburua da gazteetatik hasita helduetaraino bertsolaritzaren ekosistema elikatzea. Horretarako, garrantzitsua da gazteen motibazioa piztea», azaldu du Saioa Onekak, Nafarroako Bertsozale Elkarteko sustapen eragileak. Euskal Herriko Eskolarteko finala jokatuko dute gaur Arantzako frontoian, 17:00etan hasita. Lurraldez lurralde egindako eskolartekoetan sailkatutako 11 bertsolari gazte ariko dira kantuan; horien artean, Arantzako Kattin Madariaga Apaolaza eta Leitzako Kattalin Lizarraga Mendia. Berrehundik gora ikusle inguru espero dituzte. 

Txapelketaren helburuetako bat da gazteei plazan kantatzeko aukera eskaintzea; izan ere, Onekaren arabera, gazteek plazan aritzeko «oso aukera gutxi» izaten dituzte: «Gazteak bertsogintzaren oinarria dira; horregatik garrantzitsua da gazteak motibatzea. Plazak bertsolari berriak finkatzen laguntzen du eta bertsolaritza garatzen du». Horrez gain, gazteek tresna ugari eskuratzen dituzte; horien artean, bat-batekotasuna lantzea, plazak «presio handia» sortzen duelako. «Bat-batekotasunak hartzen du pisurik handiena, baina konfiantza eta ahozkotasuna ere lantzen dira». 

«Plaza gehiagotan aritzeko aukera izan dut, baina presioa ere handiagoa da, jendeak zerbait espero duelako». 

KATTIN MADARIAGA Bertsolaria, Nafarroako Eskolarteko txapelduna

Plazak presioa sortzen badu ere, jai giroan oinarritutako egun bat da. Horregatik, finalaren ostean afari bat egiten dute. «Lagun arteko giroak dibertitzeko eta elkarrekin banatzeko espazio bat sortzen du», esan du Onekak. Horrez gain, entzule asko kantatuko dutenen lagunak edo bertso kideak izaten dira, eta horrek konfiantza «handitzen» du. «Gozatzeko eta ongi pasatzeko ikuspuntua beti presente dago; ahaztu gabe txapelketak dakarren seriotasuna». 

Presioa

Lurraldeka egin dituzte txapelketak, eta gaur elkartuko dira denak. Apirilean egin zuten Nafarroako finala, Iruñeko Laban, eta jendetza bildu zen. Bertan, Madariagak eta Lizarragak lortu zituzten puntu gehien, hurrenez hurren. Madariagak bitan jantzi du Nafarroako txapela: «Plaza gehiagotan aritzeko aukera izan dut, baina presioa ere handiagoa da, jendeak zerbait espero duelako». 

Eskolartekoak esperientzia lortzeko «erabat lagungarriak» diren arren, «kontraesankorra» ere badela uste du Madariagak: «Oso eskertuta nago, baina toki guztietan dago lehia, eta horrek presioa handitzen du». Hala ere, finalean, oholtzan beste lagun batzuekin arituko dela dio: «Hagitz positiboa da gure artean aritzea, polita delako».  Nafarroako txapeldunak garbi du «maila handiko finala» izanen dela gaurkoa, eta «ikusteko polita».

Bertsogintzaren gorakada

Nahiz eta bertsolaritza lehia baino gehiago den, txapelketak alderik «itsugarriena» direla uste du Onekak. Nabarmendu du horrelako ekintzak «geroz eta jendetsuagoak» direla Nafarroan, eta, orokorrean, Euskal Herrian: «Lurralde bakoitzean desberdina bada ere, orokorrean leku guztietan gora doa bertsolaritza, eta gaztetxoak gogotsu daude». 

Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finala, joan den apirilean, Iruñeko Laban. NAFARROAKO BERTSOZALE ELKARTEA
Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finala, joan den apirilean, Iruñeko Laban. NAFARROAKO BERTSOZALE ELKARTEA

Nafarroako eskaintzari dagokionez, «indartsua» izateaz aparte, bertsolaritzaren etorkizuna eta bertsolaritza egiteko moduak «eraldatzen» ari direla dio Onekak: «Nafarroako azken txapelketak inoiz baino jendetsuagoak izan dira, eta plazak eta ikus-entzuleak geroz eta desberdinagoak dira». Horrez gain, eskaintza «deszentralizatuagoa» eta «zabalagoa» da: «Agian, lehen Iruñean edo Iruñerrian zentralizatua zegoen, eta orain herri txikietako plaza gehiago hartzen dira». Hala nola bertso bazkariekin eta bertso poteoekin bertso saioen formatua aldatu dela azaldu du: «Horrek esan nahi du bertsolaritza zabaltzeko eta jasotzeko modua aldatzen ari direla».

bertsolariak

  • Nafarroa. Kattin Madariaga eta Kattalin Lizarraga. 
  • Araba. Hegoi Amabizka eta Iraide Onaindia.
  • Gipuzkoa. June Aiestaran eta Joanes Azpillaga.
  • Bizkaia. Kelmene Abaitua eta Ekhi Zuluaga.
  • Lapurdi. Haira Aizpurua eta Unax Aizpurua.
  • Nafarroa Beherea. Nahia Etxeberri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.