Beren jatorria ezagutzeko asmoz

Iruñeko La Unica peñak bere iraganari so egin dio: bazkideen testigantzak, agiriak eta argazki zaharrak biltzen aritu da azken urteotan, Labrit etxearen eta NUPeko ikerlarien laguntzarekin.

Iruñeko La Unica peñako kideak, 1941. urteko argazki batean, hiriburuko zezen plazan. LA UNICA
Iruñeko La Unica peñako kideak, 1941. urteko argazki batean, hiriburuko zezen plazan. LA UNICA
edurne elizondo
Iruñea
2025eko otsailaren 28a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Beren jatorria ezagutzeko asmoz: helburu horrekin hasi ziren lanean Iruñeko La Unica peñako kideak, duela hamabi urte. Beti erran izan da La Unica dela Iruñeko peñen artean zaharrena, baina sorreraren data zehatzik aipatu gabe: 1902 inguruan izan zela, 1907an sortu zela, 1920an... «Zaharrenak gara, baina ez guk uste bezain zaharrak: 1930-1933 inguruan jaio ginen», erran du La Unica peñako kide Jabiertxo Andiarenak. Hura aritu da peñaren iraganari so, Jokin Lizarraga kidearekin batera. La Unicaren bidea noiz eta nola hasi zen jakin nahi zutelako hasi ziren artxiboetan arakatzen; sorrerari buruzko agiririk ez dute aurkitu, baina bai egindako bidea hobeki ezagutzeko arrastoak. Labrit etxeko kideekin eta NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko Historia eta Ondarea graduko ikerlariekin batera, La Unicaren historiaren zertzelada nagusiak jaso dituzte film batean.

Iruñeko La Unica peñako kideak, hiriburuko karriketan, 1947ko sanferminetan. LA UNICA
Iruñeko La Unica peñako kideak, hiriburuko karriketan, 1947ko sanferminetan. LA UNICA

Bazkideei egindako elkarrizketak, prentsa zatiak, agiri eta argazki zaharrak... La Unicaren ondare material eta immateriala bildu nahi izan dute. «Asmo handirik gabe hasi ginen, peñaren esku zegoena aztertuz», oroitu du Andiarenak, 2012an egindako lehendabiziko urratsei buruz. Egoitzan zituzten agiriak digitalizatzen hasi ziren, baina laster ohartu ziren, batzuek eta bertzeek kontatukoari esker eta han eta hemen aurkitutako agiriei eta argazkiei esker, elkartearen memoria osatzeko lana gero eta mardulagoa zela. «Lan horri zorroztasun akademikoa eman nahi izan genion, eta peñak erabaki zuen Labrit etxeko kideengana jotzea, gure historia eta memoria behar den bezala jaso ahal izateko», erantsi du Andiarenak.

Elkarrizketak

Ondare immaterialari buruzko bilketa egin du Labrit etxeak, zehazki. «Egindako lanari esker, peñaren historiari buruzko transmisioa bermatuta dago», nabarmendu du Labriteko kide Gaizka Arangurenek. Denera, 26 pertsona elkarrizketatu eta filmatu dituzte, eta 123 argazki bildu eta interpretatu; nolabaiteko erakusketa birtuala osatu dute argazki horiekin, irudiei La Unica peñako kideen azalpenak eta oroitzapenak gehituz. Arangurenek proiektuan parte hartu duten lau peñakide «bereziki» oroitu nahi izan ditu lana aurkezteko ekitaldian —Iruñeko Kondestablearen jauregian—, lan horren emaitza ikusi baino lehen hil baitira: Jose Mari Ibiriku, Antonio Muro, Felix Lasa eta Elias Anton. Azken hori aurkezpenaren egun berean zendu zen, otsailaren 19an. Anton, La Unica peñako kide ez ezik, Herri Batasunako zinegotzi izan zen Iruñeko Udalean.

«La Unicarekin lan egitea akademia herritarrengana hurbiltzeko aukera bat izan da guretzat»

GEMMA PIEROLANUPeko irakaslea

26 elkarrizketa, eta ia 40 ordu filmatuta. Berrogei minutu inguruko laburpen bat prestatu dute Labrit etxeko kideek, La Unicaren ibilbideko mugarri nagusiak azaltzeko asmoz. Jatorriaz, elkartearen identitateaz eta antolatutako jarduerez ari dira La Unicako kideak filmean. Jacinto Martinezek, Manuel Mercerok, Mikel Domeñok, Txomin Mundiñanok, Mila Martinezek. Rosa Mari Saralegik, Blas Subizak, Encarna Martinek, Txaro Pardok, Aitziber Leatxek eta Koldobika Ostak hartu dute hitza bideoan, bertzeak bertze.

Ahoz jasotako informazioa, tira egiteko hari bilakatu da, kasu anitzetan, eta hari horiekin mataza osatzeko, La Unicako kideek artxiboetara jo dute. «Peñak duen artxiboan, peñakideek utzitakoetan, hemerotekan, Iruñeko Udal Artxiboan eta Nafarroako Artxibo Nagusian aritu gara arakatzen», kontatu du Andiarenak. Ez dira bakarrik aritu, ikerketan uste baino gehiago sakontzen ari zirela ohartu zirenean, NUPera jo baitzuten laguntza bila. Zehazki, Historia eta Ondarea graduko ikasle Raul Iriarte eta Unai Perez aritu dira La Unicaren iragana arakatzen, Gemma Pierola irakaslearen ardurapean egindako praktiketan. «Guretzat zoragarria izan da La Unica peñarekin lan egitea. Akademia herritarrengana hurbiltzeko aukera bat izan da guretzat, eta komunitatearekin lan egitekoa. Hori hagitz garrantzitsua da», adierazi du Pierolak, Kondestablearen jauregian egindako aurkezpen ekitaldian. Andiarenak eta La Unicako gainerako kideek «biziki» eskertu dute NUPeko ikasleen laguntza eta egindako lana.

Errepresioa

Peñako kideek eta NUPeko ikasleek elkarrekin egindako lanak eman du fruiturik; bertzeak bertze, La Unicaren jatorriari buruz. Ikerketaren bidez, zehaztu dute peña 1930. eta 1933. urteen artean sortu zutela, Iruñeko Curtidores auzoko Venecia aretoan. Aurkitu dituzten agirien artean, 1933ko prentsa zati bat dago: La Unica aipatzen du, eta 1933rako futbol talde bat bazuela. 1962ko eskela batek eman die bertze pista bat: hildako bazkideen omenezko meza bat iragartzen du, peñaren 29. urteurrenean. Horren arabera, 1933koa litzateke La Unica. 1966an, baina, bertze prentsa zati batek La Unicak 34 urte dituela aipatzen du, eta, ondorioz, 1932koa litzateke.

Iruñeko La Unica peñaren 2016ko pankarta. Erorien Monumentuaren auzia jorratu zuten, Asisko Urmenetak egindako irudi baten bidez. HITZA
La Unica peñaren 2016ko pankarta. Erorien Monumentuaren auzia jorratu zuten, Asisko Urmenetak egindako irudi baten bidez. HITZA

Nolanahi ere, 36ko altxamendu militarraren aurrekoa da La Unica. Gerrak, baina, kolpe latza eman zion elkarteari, hango hainbat kide fusilatu eta atxilotu baitzituzten. «1934ko argazki batean, peñako orduko kideak ageri dira. 30 inguru ziren denera. Argazki hori da gerra piztu aurreko azkena, eta 30 kide horietatik lauk jasan zuten errepresioa», azpimarratu du Jabiertxo Andiarenak. Jesus Dorronsoro eta Calixto Aniceto Pajares 1936an hil zituzten. Urte berean, Angel Requetibate atxilotu eta Ezkabako gotorlekura eraman zuten. Valero izen edo abizeneko peñako bazkidea indarrez eraman zuten gerra frontera, eta larri zauritu, eta 1943. urtean hil zen.

La Unica gai izan zen frankismoak eragindako geldialdiari aurre egiteko. 1940. urtean, estatutu berriak aurkeztu, eta legeztatzea lortu zuen. 1941ean, peñak 104 bazkide zituen. Guztiak ziren gizonak, emakumeek debekatua baitzuten bazkide izatea. Horrek ez du erran nahi, halere, andreek peñaren jardueran parte hartu ez zutenik. Emakumeen parte hartzeari buruz, hain zuzen, elkarteko egungo kideek ezagutzen ez zituzten hainbat datu argitara eman ditu egin duten ikerketak: «1950eko hamarkadako azken urteetan eta 1960koan, emakumeen parte hartzea nabarmena zen; mendiko atalean eta karitatekoan aritzen ziren, batez ere», aipatu du Andiarenak.

Iruñeko La Unica peñako kideak, 2010eko sanferminetan. LA UNICA
La Unica peñako kideak, 2010eko sanferminetan. LA UNICA

Mendia, futbola, errugbia...; kirolaren esparruan bide bat egina du La Unica peñak, eta horren berri ere jaso du elkarteak egindako ikerketa lanak. Andiarenak nabarmendu du 1965. urtean Amaia kirol elkartea sortzeko prozesuan parte hartu zuela La Unicak, hiriko bertze hainbat peñarekin eta elkarterekin batera. «Hamabost erakundek bat egin zuten, langileriak erabili ahalko zuen kirol elkarte bat martxan jartzeko».

Lehen emakumeak

Emakumeak 1950eko hamarkadan hasi ziren La Unican parte hartzen; 1980. urtera arte ezin izan ziren bazkide izan, ordea. 1980an, Mari Jose Goñi, Encarna Martin eta Mari Carmen eta Ana Sanz ahizpak izan ziren bazkide txartela lortzen lehenak. «Bazkide izan gabe ere, peñan egoten ginen», oroitu ditu Ana Sanzek ordukoak. Sanzek peñako kide zuen aita. «La Unica beti izan da hagitz hurbileko toki bat niretzat. Kuadrillako gizonak peñakoak ziren, eta gu haiekin sartzen ginen. Peñako gizon ezkonduak ziren emakumeak kanpo utzi nahi zituztenak», erran du.

«Peñako artxiboan, hemerotekan, udal artxiboan eta Nafarroako Artxibo Nagusian aritu gara arakatzen»

JABIERTXO ANDIARENALa Unica peñako kidea

Bazkide izateko eskubidea lortu baino lehen, emakumeak sanferminetan peñako amabitxi izaten ziren. 1978koa Maite Hermoso de Mendoza izan zen. «Harat eta honat eramaten gintuzten. Nire senarra peñako bazkidea zen, baina niri ez zidaten bazkide izaten uzten». 1978ko uztailaren 8an, zezen plazan egon behar zuen Hermoso de Mendozak, baina La Unicako kide bati utzi zion amabitxi izateagatik doan ematen zioten zezenketarako txartela. Egun hartan, Espainiako Poliziak tiroz hil zuen German Rodriguez iruindar gaztea.

La Unica peñak 1975. urtean egin zuen emakumeak bazkide gisa onartzeko lehen ahalegina, baina 1980ra arte ez zuen lortu. Geroztik, andreek bide propioa egin dute elkartean. Peñak 90 urte baino gehiagoko historia du. Iragan horri so egin nahi izan diote bazkideek, urte horietako guztietako memoria jasotzeko, gordetzeko eta zabaltzeko, eta aurrera egiten segitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.