Bidatz Villanueva

Berdintasuna ala begirunea?

2023ko urriaren 20a
05:00
Entzun

Berdintasunaren oinarrizko printzipioak ez du tratamendu bera edo berdina eskatzen, begirune bera baizik”. Hala dio Peter Singer filosofoak Animal Liberation: A New Ethics for Our Treatment of Animals liburuan. Berdintasunaren aldarriak hutsune asko ditu, horietan sakontzen ez badugu. Izandako eztabaida bat hona ekarriz, ezin dira parekatu, esaterako, bi kafesne eskatu eta espainolez erantzuteko ihardesten dizun zerbitzari baten jarrera, edo Katalunian, espainolez erantzuteari muzin egiten dionaren kasua. Izan ere, horietako bakoitzaren esperientziak oso ezberdinak dira, zerk daramatzan hala jokatzera, alegia. Biak ala biak, ez dira jarrera egokiak nire ustez, baina bata gorroto supremazistatik dator, ziurrenik, eta bigarrena, denbora luzeko jazarpenak bestearengana eragindako gaitzespenetik.

Hizkuntzaren aferari noakio, jazarpenak nahasten direlako, dakigunez, transbertsalki eragiten digutelako, eta azalean bizitzeak, beste batzuekiko sentiberago bilaka zaitzakeelako. Singerren esana dakart, animaliekiko begirunea urruti baitago merezi duten errespetutik. Oraindik gogoan dut nola iritsi nintzen antiespezismora, noiz egin zuen klik nire buruak, behin betaurreko moreak jarri nituen moduan, erantsi nizkiola nire buruari antiespezistak. Justuki txerri baten bideoarekin izan zen. Hala erranda komikoa lirudike, eurez dugun iruditegia baita animalia zikinak eta leloak direla. Txakur baten antzera ikus zitekeen txerria gizakiarekin jolasean.

Txakurrak merezi badu gizakiaren errespetua, zergatik txerriak ez? Badago erranen duenik txakurrek ere ez dutela merezi errespeturik, eta haiei galdetuko nieke: zergatik ez? Argi dago guztiok balio moral batzuetan hezi gaituztela, eta, jazarpen guztien artean, animaliekikoa dugu hain barneratua, gure sinesmenak zalantzan jartzera ere prest ez gaudela. Gizakia gutxiesteko erabiltzen diren mekanismoen artean, feminizazioa dugu, batetik, eta animaliekin parekatzea, bestetik. Gure hizkuntza ere espezista da.

Hain haragizaleak diren lurraldeetan, Nafarroan kasurako, denbora galtze eta pribilegiodunen afera gisa ikusi da antiespezismoa, gizakion hainbeste sufrimenduren artean nola eman garrantzia animalienari, bata eta bestea kontrajarriak balira bezala. Autoan zoazela, behiak larretan ikusteak askatasun sentimendua eragin dezake, hemengo abeltzaintza errespetuzkoa den sentsazioa eman. Singerren hitzak berriro gogora ekarriz, txahala ezin da modu humanitarioan ekoitzi. Nola izan daiteke errukitsua edo duina esplotazioa eta hilketa? Gainera, gizakiak jaten duen haragiaren gehiengoa modu intentsiboan ekoizten da.

Hainbeste sufrimendu, hilketa eta sarraski dauden munduan, animaliekikoak kopuru hori askoan biderkatzen du. Sufrimendua objektiboki neurtu daiteke? Esanen nuke gizakiak eta animaliak berdin-berdin sufrituko dutela laban batekin zauritzen badute, nahiz eta berdinak ez izan. Hainbestetan parekatzen garenez animaliekin gizakiok haiekiko ditugun jarrerak justifikatzeko, Singerren hausnarketa aproposa dirudit: “Gizakiak hil gabe bizi daitezkeen bitartean, gainerako animaliei bizirik irauteko hiltzeko aukera besterik ez zaie geratzen”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.