Euskal Herri osoko bisitarien zain dira Baigorrin (Nafarroa Beherea). Igandean Nafarroaren Eguna ospatuko dute han, Basaizea elkarteak antolatuta, eta gaur antzerki musikatua eskainiko dute Biletxean. Asteburu osoko plan bat prestatu dute, mugaz bi aldeetako herritarren arteko saretzea bultzatzeko. Parte hartzera deitu du Basaizea elkarteko kide Oihana Bidartek (Baiona, 1994).
Dena prest iganderako, Nafarroaren Egunerako?
Lana egina dugu, baina azken egunetan beti bada zer egin: muntaketa guztia, karpak, ostatuak, gauza horiek guztiak jarri behar dira. Jende anitz biltzen da; hor ariko dira Basaizeako kide guztiak, lagunak, herritarrak. Jendea behar da eta jendeak parte hartzen du, borondate onez.
Gaur ere baduzue zer ikusi Baigorrin: Ai Gure Juaneteak! antzerki musikatua. Asteburu osoko plana antolatu nahi izan duzue?
Bai, hori da asmoa. Biletxean izanen da, 20:30ean, eta gero txarangarekin besta eginen dugu ikastola aitzineko txokoan hasita. Biharamunean bestak segituko du. Asteburu osoko plana ederra izaten da, eta jendea gonbidatu nahi dugu etortzera.
Egun bereziena, halere, igandekoa izanen da?
Bai, bistan da. Igandean dugu Nafarroaren Eguna, eta hori egun osoko besta da. 09:00etan hasiko dugu, Elizako plazan, merkatuarekin. 11:00etan hasiko dugu desfilea Plaza Nagusitik Elizako plazara, eta han eginen dugu ekitaldia. Azpimarratzekoa da aurten txaranga bat egonen dela Gaineko plazan, ohartu baikara han jende anitz gelditzen dela.
«Pandemian mugak itxi zituzten, baina horrek ez gintuen urrundu. Nahi zuten harremana moztu, baina gu saretu gara. Muga elkargune bilakatu dugu»
Mugaz bi aldeetako herritarren arteko harremana sustatzeko beharra bada oraindik?
Beti bada beharra; ez da aski behin egitea. Inportantea da urtero berriz egitea; harremanak berriz pizten dira. Nafarroa osoko jendearentzat egiten dugu, eta Nafarroa osotik etortzen da jendea, Euskal Herri osotik. Topaketa inportantea da euskaldun guztientzat.
Ez da bakarra. Iaz, lehendabizikoz, Baztango eta Baigorriko gazteek Izpegiko bestak antolatu zenituzten elkarlanean. Zer moduz?
Nafarroaren Eguna urtero ospatzea inportantea da, eta ohartu gara inportantea dela bestelako proiektuak ere garatzea elkarrekin. Horrek aukera ematen digu azkarrago egiteko harremana, eta uste dut harreman hori sakonagoa eta egiazkoagoa izanen dela, gainera. Izpegiko bestak egin genituen, eta biziki ongi pasatu genuen. Harreman ona sortu genuen hango gazteekilan, eta hasi gara bilerak egiten bestak antolatzeko berriz. Plazera da haiek berriz ikustea. Besta hori ere urtero egin nahi dugu.
Gazteen artean sortu da bat egiteko gogo hori?
Bai, bada gogoa, bada interesa, bada motibazioa. Zaila da jendea atzematea gauzak antolatzeko, baina gero bestara jendea etortzen da, etortzen da jendea elkarrekin egotera.
Egunerokoan, nolakoa da harremana?
Basaizearekin saiatzen gara harremanari eusten; badugu harremana Tafallakoekin, Baztandarren Biltzarrekoekin, bai eta Lekeitioko [Bizkaia] gazteekin ere. Badirelarik ekitaldi batzuk han eta hemen, joaten gara harat laguntzera, parte hartzera eta haiekin egotera. Eta hemen, Baigorrin, Baztan ez dugu batere urrun, eta egunerokoan joaten gara, bazkaltzera, Izpegiko bestak antolatzeko bileretara edo haiek antolatzen dituzten ekitaldietara. Pandemian mugak itxi zituzten, baina horrek ez gintuen urrundu. Alderantziz, Izpegin elkartzen ginen baztandarrekin itxiera salatzeko. Horrek ere batu gaitu. Nahi zuten harremana moztu, baina gu saretu gara. Muga elkargune bilakatu dugu.
Herrien aldeko aldarri bat ere bada elkarlan horren atzean?
Gazte anitz ikasketak egiteko joaten dira; urrunago ere joan nahi izaten dugu, eta bidaiak egin munduan, baina gero errotuak gara herrian, eta gehienak itzultzen dira. Lotuak dira herriari eta hemen dugun bizimoduari. Ez dakit herriaren aldeko aldarri bat den; berez, ez dut uste, gehiago da behar bat. Kulturak eta hizkuntzak badute oihartzun berezi bat gure baitan, eta edonoiz berriz pizten zaigu; ez badugu, falta sumatzen dugu.
Mugaz bertzaldekoekin harremanari eusten saiatzen zaretela erran duzu; mugaz bertzaldeko horiek ere bai?
Nafarroaren Egunean ikusten dugu, zenbat jende etortzen den Hegoaldetik. Nahiz eta batzuek exotiko atzeman, beste batzuk etxean bezala sentitzen dira.
Oraindik ere exotikotzat hartzen zaituztete?
Bai, tamalez. Pena da, baina gertatzen da. Behar ditugu ugaritu elkarguneak elkar ikusteko, elkarrekin antolatzeko gauzak, elkarrekin ezagutzeko tokiak. Horrela konturatuko gara hizkuntza, kultura eta ohitura berak ditugula, eta ez garela exotikoak.
«Kulturak eta hizkuntzak badute oihartzun berezi bat gure baitan, eta edonoiz berriz pizten zaigu; ez badugu, falta sumatzen dugu»
Gogaitzen zaitu hitz horrek?
Ni bai. Besteekilan ere aipatua nuen, eta, bai, aspergarria da. Gure aldarrikapena eta haiena ere bada Euskal Herri bat garela, baina batzuek ez dute hori erraten. Behar dugu Nafarroaren Eguna, eta behar ditugu besta gehiago ere.
Hemen da aurtengo Nafarroaren Eguna. Zein da mezua?
David Rodriguezek egin du aurtengo afixa, eta helburu zuen erakustea kultura zaharraren eta modernoaren arteko lotura. Hortik atera dugu, berriz ere, Joxean Artzeren errana: «Iturri zaharretatik edaten dut beti berria den ura». Aurten helburu dugu azpimarratzea kultura belaunaldiz belaunaldi pasatzen den zerbait dela, eta guk dugula beti biziarazten. Behar dela erabili, eta behar dela aberastu.