Obra bat bere lehen fasean ikusten dugunean, aldamioak eta materialen zaborra nonahi, zaila izaten da bertan altxatuko den eraikina imajinatzea. Perspektiba falta zaigu zimendu eta egitura horiek osotasun, funtzionaltasun eta bizitzaz beteriko zerbait nola bihurtuko diren ikusteko. Ordea, obrak berak ilusioa pizten digunean, irudimena lanean hasten da. Hala, albotik pasatuta, erraz irudikatu nuen hilabete batzuen buruan herrian, Irunberrin, izango dugun D ereduko Batxilergo ikastetxea.
Egun, behin Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaituta, Pirinioetako, Agoizko, Zangozako eta Irunberri aldeko ikasleek euskarazko hezkuntza jarraitu nahi izatekotan, Iruñera joatea besterik ez dute. Zangozan bada Batxilergoa egiteko aukera, baina gazteleraz.
D ereduko institutu hau eraikitzeko eskaera aspaldi egin zen; errealitate bihurtzen ari da, ikastetxe zein familien mobilizazioak tarteko. Hezkuntza Departamentuak hamalau hilabeteko obrak izango direla jakinarazi zuen apirilean, eta pozgarria da martxan direla ikustea. Izan ere, beharra argia da, landa eremuan bizi garenok ez baititugu euskaraz ikasteko hirian bizi direnek bezainbeste aukera. Eta bazen garaia aldea leuntzen hasteko.
Batxilergoa egin nuenean, goizeko zazpietan hartzen nuen autobusa Irunberrin eta arratsaldeko lau eta erdiak aldera heltzen nintzen etxera, bazkaldu gabe. Oroitzen naiz nola aitak gosaria eta hamaiketakoa aurreko egunean prest uzten zizkidan, lo minutuak irabaz nitzan. Kuadrillako lagun batekin egiten nituen bidaia guztiak eta askotan gogoratzen gara errutina horrek zekarren nekeaz: «Siesta egin gabe geratzen ginen ikasteko, zeozer jan eta jarraian. Nik orain ezingo nuke». Nerabezaroko energia izango zela esaten diot, benetan astuna egiten zelako eta denbora asko galtzen genuelako joan-etorrietan.
Erdialdeko herrietatik Iruñera kilometrotan dagoen distantzia, neketsua den arren, egunerokoan egiteko modukoa da. Aldiz, Pirinioetatik datorrenarentzat gehiegizkoa egiten da. Guk egunero hartzen genuen autobusa, baina Erronkari edota Zaraitzuko lagunek Iruñera aldaketa egin zuten zuzenean, eta bertan bizi ziren astelehenetik ostiralera. Horrek familientzat zekarren zama ekonomikoarekin eta 16 urteko gazte bati dakarkion ahalegin fisiko zein emozionalarekin.
D ereduko institutua eraikitzeko eskaera aspaldi egin zen; errealitate bihurtzen ari da, ikastetxe zein familien mobilizazioak tarteko
Hezkuntzaz haratago, Irunberriko zentro berri hau Pirinioetan eta Nafarroako beste landa-eremu batzuetan dagoen despopulazioari aurre egiteko urrats bat ere bada. Oinarrizko zerbitzurik eza baita, beste arrazoi batzuen artean, gazteak hirietara joatea bizkortzen duten faktoreetako bat.
Eraikin berri honek, beraz, hezkuntza-premia bati erantzuteaz gain, herrien hustuketa horren etetean laguntzen du. Gazteek euskaraz eta etxetik gertu kalitatezko hezkuntza jaso badezakete, eta beren familiek ez badute gastu gehigarririk ordaindu behar, litekeena da inguru horretan sustraitzea. Eta errotze hori funtsezkoa da gure herrien biziraupenerako.