Alfredo Sanzolek (Iruñea, 1972) Fiteron jaso zuen Vianako Printzea saria, ekainaren 29an. Bidean lagundu dutenak oroitu zituen egun hartan, eta hurbilekoen babesak garrantzi handia duela berretsi du Madrildik. Espainiako Antzerki Zentro Nazionaleko zuzendaria da 2020tik.
Nola hartu duzu etxean saritu izana?
Hagitz hunkigarria izan da. Asko eskertzen dut. Antzerkigileon lana bide luzekoa da, eta, eusteko, niretzat ezinbertzekoa izan da nire inguru sozialaren, senideen eta lagunen babesa izatea.
Gorabeheraz betea da zuen lana?
Bai. Nik garbi dut proiektu oro hutsetik hasi beharra dagoela. Horrek erran nahi du arriskatu behar duzula. Sormen lana zalantzaz beteta dago, gainera, eta egoera horri aurre egiteko behar dugu hurbilekoen babesa.
«Antzerkiaren helburua da azaltzea badirela behin eta berriz gertatzen diren gatazkak»
Bertzeen epaiaren beldur al zara?
Gure lana publikoa da; jendearentzat egiten dugu, eta horrek erran nahi du epaia berezkoa duela. Epairik zorrotzena, halere, norberarena da.
Anitz exijitzen diozu zeure buruari?
Kalitatezko lan bat egiteko, ezinbertzekoa da kritika, baina hobetzeko asmoa izan behar du kritika horrek, noski, obra bat sortzea baita kontua.
Proiektu oro hutsetik hasteko beharra aipatu duzu; saria jasotzean ere ideia hori nabarmendu zenuen. Hutsetik hasteko beharrak bidea helmuga bilakatzen al du?
Bai, hala da. Anitzetan, lan artistikoa norabait eramanen zaituen garapen prozesu baten gisa hartzen da, baina nik uste dut zure lanak orainean asebetetzen zaituela. Egia da aurretik egindako lanek perspektiba bat eta biografia bat ematen dizutela, baina biografia hori motza izan edo luzea izan, egunero hutsetik hasten duzu zure lana.
Biografia horrek tresnak ematen dizkizu lanari aurre egiteko?
Bai, baina, tresna bakoitzarekin, zure lanari buruzko begirada are zorrotzago bilakatzen zaizu.
Exijentziak gora egiten du?
Bai. Hasieran tresna gutxiago duzu, baina bat-batekotasunak oreka ematen dizu. Bidean aurrera egin ahala, tresna gehiago duzu, baina epaia zorrotzagoa da. Halere, egin dituzun lanek emandako esperientziaren memoria hori bazter utzi behar duzu zerbait berria sortu ahal izateko.
Egindako bidea, baina, hor dago. Anitz aldatu al da zure hasierako begirada?
Egia erran, anitz kostatzen zait nire lanaren garapenaz hitz egitea, sentitzen baitut hagitz denbora gutxi pasatu dela lanean hasi nintzenetik. 25 urte joan dira, halere. Atentzioa ematen dit hala sentitzeak. Uste dut aukera ematen didala bat egiteko bidean hasi berriak diren gazteekin, eta, aldi berean, ni baino zaharragoak direnekin. Ohartzen naiz ni baino zaharragoak diren horiek nik ditudan zalantza berak dituztela, nire ziurgabetasun berean mugitzen direla.
Ona izan daiteke hagitz eroso ez sentitzea?
Egia erran, eroso egotea zer den ere ez dakit! Gauza berriak sortu eta deskubritu, arriskua hartu... hori nahi dut. Kontua ez baita aurretik egin duzuna errepikatzea. Hori egiten baduzu, ez duzu deus ere egiten. Arrakasta lortu duen modu hori errepikatzen baduzu, geraldia baino ez duzu aurkituko.
Eta ikus-entzuleak eroso ez sentitzea ere izaten da zure helburua?
Ez, hori ez. Nire helburua da kontraesanak agerian uztea, edo errealitatea bere paradoxa guztiekin kontatzen saiatzea, nire lanen bidez errealitatearen ikuskerak komunikatzea.
Egunerokoari lotuta ulertzen duzu antzerkia?
Antzerkia beti izan da arterik politikoena. Antzerkiaren helburua da azaltzea badirela behin eta berriz gertatzen diren gatazkak. Gatazkak oraingoak eta gureak balira bezala bizi ohi ditugu, baina antzerkiaren zeregina da ikuspegi zabalago bat ematea, eta erakustea gatazka horiek berak aurkitu ditzakegula atzera eginez gero. Antzerkiak kontatzen digu ez dakigula gatazka horietako batzuen konponbidea zein den. Hori seinalatzea da antzerkiaren funtzioa.
Vianako Printzea saria ematean, antzerkigintza garaikidearen erreferentetzat jo zaituzte. Pozten zaitu halakoak entzuteak, edo sumatzen duzu arduraren zama?
Eskertzekoa da halakoak entzutea; eskerrak eman eta lanean segitzea da kontua.
«Sormen lana zalantzaz beteta dago, eta egoera horri aurre egiteko behar dugu hurbilekoen babesa»
Ignacio Aranguren aipatu zenuen zuk, zure maisu izandakoa. Berezia izan zen harekin egotea?
Hagitz berezia eta pozgarria. Harekin hasi zen bide hau guztia, Navarro Villoslada institutuko antzerki tailerrean. Gisa horretako proiektuak egokiak dira antzerkiaren arloan murgildu nahi dutenentzat, eta antzerkian biderik egin nahi ez dutenentzat ere bai.
Nafarroako Antzerki Eskolan ere egon zinen. Zer oroitzapen duzu?
Eskolan Maite Paskual ezagutu nuen, orduko zuzendaria, eta niretzat erreferente bat izan zen. Niretzat, eta jende askorentzat, Nafarroan eta Nafarroatik kanpo. Paskualek bideratu ninduen eszena zuzendaritzako ikasketetara.
Madrilen zaude orain, Espainiako Antzerki Zentro Nazionaleko zuzendari. Zer moduz?
Kargua hartu eta berehala hasi zen pandemia; lehen urtea, beraz, hagitz gogorra izan zen, eta, azkenak, berriz, hagitz aberatsak. Dena ematen ari naiz, baina kontent nago jasotzen ari garen erantzunarekin. Bidaia polita da.