Pilotaria, Ados pilota klubaren sustatzailea

Iera Agirre: «Batzuek zalantzan jartzen dute gure profesionaltasuna»

Iera Agirrek eta Maite Ruiz de Larramendik Ados pilota kluba sortu zuten, 2021ean, emakume pilotarien lana profesionalizatzeko. Nafarroako Parlamentuan izan dira, laguntza eske.

(ID_13523791) (Iñigo Uriz/@FOKU) 2024-01-22, Etxarri Aranaz. Iera Agirre pilotari eta Ados pilota elkarteko kidea
Iera Agirre pilotaria, astelehenean, Etxarri Aranazko eskola publikoko atarian. IÑIGO URIZ / FOKU
edurne elizondo
Iruñea
2024ko urtarrilaren 28a
05:00
Entzun

Iera Agirrek (Leitza, 1987) kantxa du berezko toki, baina frontoia utzi, eta Nafarroako Parlamentuaren egoitzan sartu zen, urtarrilaren 10ean, Maite Ruiz de Larramendirekin batera. Bi pilotariok Ados sortu zuten, 2021eko maiatzean: eskuzko pilotari emakumezkoen lehen klub profesionala. Laguntza eskatu dute orain, aurrera egiteko. Babesik eza salatu du Agirrek, eta «benetako aukera berdintasuna» aldarrikatu du: gehiago eskatu du gutxien dutenentzat.

Parlamentariak errateko zenutena entzuteko prest sumatu zenituzten?

Pozik atera ginen. Gure helburua zen gure proiektuaren berri ematea, eta uste dut gure mezua jaso zutela. Parlamentariek esan zutenagatik, eta saioaren amaieran guregana hurbildu zirenek esan zigutenagatik, pozik egoteko arrazoiak baditugula uste dut. Laguntzeko prest agertu ziren.

Zer espero duzue orain?

Hitz politak ez dira nahikoak. Babes bila joan ginen Nafarroako Parlamentura, eta babes hori nola zehaztuko den ikusteko dago.

Emakumeen kirolaren esparruan, zaila da hitz polit horietaz haragoko babesa lortzea?

Bai, askotan gertatzen da hori, hitz politak jaso bai, baina babes zehatzik ez. Hori ere salatu genuen parlamentuan, askotan gurekin argazki bat egin eta argazki hori erabiltzen delako emakumeen kirola sustatzen dutela esateko, beste deus egin ez arren. Bada garaia bestelako urratsak egiteko.

Laguntza eskatu duzue. Zer-nolako laguntza, zehazki?

Batetik, diru laguntzak eskatu ditugu, garrantzitsuak direlako. Proiektu sendo bat nahi badugu, diru laguntzak behar ditugu. Bestetik, ikusgarritasunaren auzia aipatu genuen parlamentuan. Telebistan agertzea ere oso inportantea da behar dugun babesa lortzeko. Hedabideetan bada lan handia egiteko, oraindik ere. Gizonekin alderatuta, arrakala handia da. Gizonen kasuan, pilota aukeraketak ere albiste bilakatzen dira. Emakumeon partiden emaitzak, berriz, albiste txiki bat besterik ez dira, askotan.

Hedabideek autokritika egiteko garaia da?

Baietz uste dut. Esaten da emakumeen kirolari buruzko informaziorik ez dela ematen, ez delako kontsumitzen. Kontua da informazio gutxi dagoela. Informazio hori lantzen hasteko garaia da. Aukera berdintasunaz hitz egiten denean, batzuek uste dute hori dela biri berdina ematea; baina ez da hori, aukera berdintasuna da gutxiago duenari gehiago ematea. Eta egun aukera berdintasun hori oraindik ez dugu lortu.

«Aukera berdintasuna ez da biri berdina ematea; gutxiago duenari gehiago ematea da, eta hori oraindik ez dugu lortu».

Eusko Legebiltzarrak iazko azaroan onartutako mozio batek Eusko Jaurlaritzari eta EITBri eskatu zien emakumeen pilota sustatzeko. Zer deritzozu?

Ados pilotan urtean 120 partida baino gehiago jokatzen ditugu, eta tristea da horietako bakar bat ere ez ematea telebistaz. Ez dugu ulertzen. Emaitzak ere ez dituzte ematen. Binakako txapelketa jokatzen ari gara orain, baina ez gaude telebistan. Erakundeek indar handiagoa egiteko aukera badute.

Nafarroako Parlamentuan, Nafarroako Kirolaren Institutuaren babesik eza salatu zenuten. Zergatik gertatzen da hori?

Beste hainbat erakundetan bezala, ez gaituztelako serio hartzen. Ados emakumeok sortu dugu, eta emakumeok gara proiektu horren parte. Ematen du gizonik ez dugunez gehiago kostatzen zaigula zenbait ate irekitzea. Nafarroako Kirolaren Institutuan, orain arte, ez digute kasu handirik egin. Azken bileran, halere, gauzak aldatu ziren.

Parlamentuko agerraldiak eraginda?

Institutuan jende berria sartu da; eta parlamentukoak ere balio izan duela uste dugu. Laguntzeko borondatearekin hartu gintuzten.

Zerbait zehaztu duzue?

Aurrekontuak jorratzen ari direla esan ziguten, eta aukera badela Ados pilotarentzat diru laguntza bat emateko. Pozik gara, baina zuhur jokatu nahi dugu, ikasi baitugu erabat itxi arte hobe dugula lortutzat ez ematea.

Hutsetik hasi zineten Ados pilotarekin, eta ia hiru urteko bidea egin duzue. Zaila izan da?

Agian, nahi baino mantsoago egin dugu aurrera, baina oso pozik egoteko moduko proiektua osatu dugu. Hamahiru pilotari ditugu, eta orain denek dute kontratu mugagabea; hori gauza handia da. Batzuok bizitza osoa eman dugu pilotan, eta orain hasi gara kotizatzen. Halere, batzuek zalantzan jartzen dute gure profesionaltasuna.

«Maila emateko gai naizen bitartean segituko dut, baina atzetik datozen pilotariei tokia uzteko arazorik ez dut izanen momentu hori ailegatzen denean».

Zer erran nahi duzu?

Batzuek uste dutela profesional hitza guk asmatu dugula. Lan kontratatu batekin ari gara, eta horrek profesional bilakatzen gaitu. Egia da gure soldatak ez digula pilotaz bizitzeko aukera ematen, baina hori beste kontu bat da. Inori ez zaio bururatzen zalantzan jartzea palan edo erremontean ari den pilotari bat profesionala ote den; gure kasuan bai, batzuek ez dute onartzen profesionalak garela.

Beti nabarmentzen duzue etorkizuneko emakumeen alde ari zaretela lanean. Harrobia lantzeak garrantzi berezia du zuentzat?

Bai. Gure asmoa da orain 7 urterekin hasten den neska batek ibilbide osoa egiteko aukera izan dezala, gizonek bezala. 34 neska entrenatzen dira gurekin.

Pilota uzteko momentuaz hausnarketa egiten hasi zara?

Maite Ruiz de Larramendik aurtengoa du azken denboraldia; nik oraindik ez dut uzteko aukerari buruz pentsatu ere egin. Maila emateko gai naizen bitartean segituko dut, baina atzetik datozenei tokia uzteko arazorik ez dut izanen momentu hori ailegatzen denean.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.