Iruñeko Iturrama auzoan du Hui Chi Yuk (Taiwan, Txina, 1980) Nihao bere txinerako akademia. Hutsik dauden geletako batean oroitu ditu Nafarroara ailegatu zenekoak, eta ordutik egindako bideaz mintzatu da. Nafarroako Gobernuak sari bat eman berri dio, elkarbizitzan laguntzeagatik.
Nafarroa Koloretan saria jaso duzu. Kontent?
Hagitz kontent, eta, batez ere, hagitz eskertua. Uste dut bertze pertsona anitz ari direla elkarbizitzaren alde lanean Nafarroan, eta nik egiten dudana baino lan handiagoa egiten. Saria jasotzea, beraz, pribilegio bat da niretzat.
Taiwandik ikastera etorri zinen Nafarroara. Gelditzeko asmoz?
Egia erran, ez. Migratzaile gisa, pribilegiatua naizela garbi dut. Hagitz pribilegiatua. Ikastera etorri nintzen, ez lan baten bila, edo gerra batek bultzatuta, bertze anitz bezala. Gurasoek beti nabarmendu didate balio nagusietako bat dela bertzeak errespetatzea, eta ez dut inoiz ahaztu hori.
20 urterekin etorri zinen.
Taiwango Unibertsitatean filologia ingelesa ikasten ari nintzen. Nire unibertsitarteak hitzarmena zuen Nafarroako Unibertsitatearekin, eta etortzea erabaki nuen, ikasten jarraitzeko. Ez nuen gelditzeko asmorik. Bi urtez egon nintzen unibertsitatean, eta Bartzelonara mugitu nintzen; hain zuzen, itzultzaile lanetan aritzeko master bat egitera.
Zergatik erabaki zenuen Iruñera itzultzea?
Senarra hemengoa dudalako; iruindar peto-petoa da! 2008an ezkondu ginen. Urte hartan, Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialera joan nintzen, eta txinera irakasteko prest nintzela erran nien. Baietz erran zidaten, eta hasi nintzen eskolak ematen. Zenbait ikastetxetan ere aritzen nintzen eskolaz kanpo txinera irakasten.
2013tik, Nihao akademia duzu, Iruñean.
Txinera hizkuntza eskolan ez zen ofiziala, eta, ondorioz, ez zegoen bermatua eskolekin jarraitu ahal izatea. 2017ra arte aritu nintzen, halere, eta 2013an lortu nuen txinerako azterketa ofiziala Iruñera ekartzea. Ikastetxeetako eskolaz kanpoko jardueretan ere egoera ez zen egokiena, adin tarte zabaleko haurrak izaten nituelako, eta horrek zailtzen zuen eskolak emateko prozesua. Horregatik erabaki nuen akademia bat martxan jartzea.
Bada txinera ikasteko interesik?
Bai, bada. Nik, batetik, txinatarrak ez diren ikasleak hartzen ditut, haurrak eta helduak. Txinan adoptatutako haurrak ere bai. Astelehenetik ostegunera aritzen gara. Bertzetik, hemen jaio arren guraso txinatarrak dituzten umeak ditut. Horiekin ostiraletan eta larunbatetan aritzen naiz.
Zergatik bereizketa hori?
Guraso txinatarrak dituztenek etxean dutelako hizkuntza, eta bertzeek, ez. Hizkuntza lantzeko abiapuntu ezberdinak dira.
«Ikastera etorri nintzen ni Iruñera; ez, bertze anitz bezala, lan baten bila edo gerra batek bultzatuta»
NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoan ere aritzen zara. Zertan, zehazki?
NUPeko Konfuzio gelako arduraduna naiz, 2017tik. Gure hizkuntzaren eta gure kulturaren berri ematea da gure helburua.
Duela bi urte, hain zuzen, Nafarroan bizi diren txinatarren komunitatearen berri emateko kanpaina egin zuten Nafarroako Txinatarren Elkarteak eta Nafarroako Gobernuak. Sumatu duzu aldaketaren bat?
Nafarroako Txinatarren Elkarteko kidea naiz ni. Ehun pertsona inguru gaude, baina, egia erran, txinatarrontzat zaila da gisa horretako elkarte batekin bat egitea. Ez gaude ohituta halako elkarteetan parte hartzera. Halere, gauzak aldatzen ari direla uste dut, eta urratsak egin direla jendeak gu ezagutzeko, eta, alderantziz, guk ere bertzeak ezagutzeko. Gure inguru hurbileko pertsonekin harreman estuak garatzen ditugula uste dut, adibidez. Bertzalde, 2018an hasi ginen Urte Berri txinatarra ospatzen, eta gero eta jende gehiagok egiten du bat gurekin. Bada gure kultura ezagutzeko interesa, gero eta handiagoa.
Egiturazko arrazakeria errealitate bat da. Nola eragiten du?
Uste dut herritarrok azkarrago egiten dugula aurrera sistemak baino; Nafarroako gizartea askotarikoa da. Batzuek ezin dute bertzeen izateko eta pentsatzeko moduak aldatu, bat-batean. Gatazkak sor daitezke, baina gatazka horiek bazter uzteko modu bat da nor bertzearen azalean jartzea. Kontua da egunerokoa zailtzen duten hainbat arau eta lege aldatzea zaila dela, mantso goazela arlo horretan. Garbi dut gizartea azkarrago aldatzen ari dela.
Eman dizuten sariaren bidez, zuk egin duzun zubi lana nabarmendu nahi izan dute. Bitartekari izan zarela sentitzen duzu?
Ni saiatu naiz lan hori egiten, gure hizkuntzaren eta kulturaren berri emanez. Pandemian lan handia egin behar izan nuen osasun krisiak eragindako murrizketen inguruko arau eta agindu guztiak itzultzen, txinatarrek informazio zehatza izan zezaten.
«2018an hasi ginen Urte Berri txinatarra ospatzen, eta gero eta jende gehiagok egiten du bat gurekin. Bada gure kultura ezagutzeko interesa»
Hizkuntza da muga nagusietako bat Txinatik ailegatu berri denarentzat?
Bai, zalantzarik gabe. Hizkuntza batek, gainera, kultura oso bat dut bere barnean.
Zuk bi izen dituzu: Hui Chi eta Monica. Zergatik?
Monica erabiltzen dut hemen, hemengoentzat errazagoa delako. Halere, Taiwango Unibertsitatean nintzenean hasi nintzen erabiltzen, irakasle anitz atzerritarrak baitziren.
Ez da gogorra zure izena bazter uztea?
Batzuek Monica erraten didate, bertze batzuek Hui Chi. Baina biak sentitzen ditut propio. Hui Chik perla erran nahi du. Euskarazko izenek bezala, txinatarrek ere badute esanahi bat.
Euskara ikastea pentsatu duzu noizbait?
Bai, nahiko nuke, lasaiago nabilenean.