Bat egin dute «pilotaren alde»

Nafarroako hogei pilota elkartek bat egin dute, eta kritikatu UPNk eta PSNk bidea itxi nahi diotela euskal selekzioari. Euskadiko Pilota Federazioa nazioartekoaren kide gisa onartu zuten abenduan.

Pilotari bat hainbaten artean pilota bat hartzen, Nafarroako Kirol Jokoetako otsailaren 27ko partida hasi aurretik, Atarrabian. IÑIGO URIZ / FOKU
Pilotari bat hainbaten artean pilota bat hartzen, Nafarroako Kirol Jokoetako otsailaren 27ko partida hasi aurretik, Atarrabian. IÑIGO URIZ / FOKU
edurne elizondo
Iruñea
2025eko martxoaren 7a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ez dute aterik itxi nahi. Pilotaren esparruan urratsak egiten segitu nahi dute, eta kirol hori garatzen laguntzen. Helburu hori dutelako, hain justu, Nafarroako Parlamentuan eta Iruñeko Udalean pilotaren inguruan berriki onartutako mozioek haserrea eta kezka piztu dizkiete herrialdeko pilota elkarte anitzi: hogei taldek bat egin dute, eta, ohar baten bidez, UPNko eta PSNko kideen jarrera salatu dute. Bi alderdiok Euskadiko Pilota Federazioa nazioartekoaren kide izateko erabakia bertan behera uzteko eskatu dute Nafarroako Parlamentuan eta Iruñeko Udalean.

Nazioarteko Pilota Federazioak iazko abenduaren 28an egin zuen Euskadiko Pilota Federazioa kide gisa onartzeko bilera, Iruñean. Batzar horrek eztabaida piztu zuen, Espainiako eta Kubako ordezkariek ez baitzuten bozketan parte hartu. Ondorioz, batzuek ezbaian jarri zuten bozketa horren emaitza. Nazioarteko Pilota Federazioak ohar bat zabaldu zuen urtarrilean, polemika amaitzeko asmoz, eta garbi erran zuen Iruñeko batzarreko bozketa «legez» egin zutela. Nafarroako Hitza saiatu da Espainiako Pilota Federazioko presidente Javier Conde nafarrarekin hitz egiten, baina ez du lortu.

Iruñeko Udaleko Herritarren Aferen Batzordeak urtarrilean jorratu zuen abenduko Nazioarteko Pilota Federazioaren bileraren auzia, eta ebatzi zuen «ahala duten Espainiako kirol erakundeei» eskatzea lan egin dezatela Nazioarteko Pilota Federazioak Iruñeko bileran adostutakoa bertan behera uzteko; hau da, Euskadiko Pilota Federazioa nazioarteko lehiaketetan parte hartzeko aukerarik gabe uzteko. Mozioak UPNren, PSNren eta PPren aldeko botoa jaso zuen; EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak kontra bozkatu zuten.

Abaxitabidea pilota elkarteko pilotariak, Oltzako frontoian, martxoaren 3ko entrenamendua hasi aurretik. IÑIGO URIZ / FOKU
Abaxitabidea pilota elkarteko pilotariak, Oltzako frontoian, martxoaren 3ko entrenamendua hasi aurretik. IÑIGO URIZ / FOKU

Nafarroako Parlamentura otsailean ailegatu zen auzia; osoko bilkurak Iruñeko Udalak aurretik egindako eskaera bera egin zuen, UPNren, PSNren, PPren eta VOXen aldeko botoekin: ahala duten erakundeek lan egin dezatela Nazioarteko Pilota Federazioaren Iruñeko batzarreko akordioak bertan behera uzteko.

«Zentzugabekeria da pilota arma politiko gisa erabili nahi izatea, eta amorragarria UPN eta PSN gure bozeramaile gisa aritu nahi izatea. Ez gaituzte kontuan hartu», salatu dute Nafarroako hogei pilota elkartek, zabaldu duten prentsa ohar baten bidez. Garbi erran dute «pilotaren eta pilotarien alde» egiten dutela lan, eta pilotarentzat eta pilotarientzat «ona» dela Euskadiko Pilota Federazioa nazioartean lehiatu ahal izatea. «Espainiako federazioarekin aritu nahi duenak hala egin dezala, eta euskal selekzioarekin lehiatu nahi duenak ere hala egin dezala».

Nafarroako Hitza saiatu da Nafarroako Pilota Federazioko arduradunekin hitz egiten, mozioez eta pilota elkarteek zabaldutako oharraz galdetzeko, baina Andrea Lusarreta lehendakariak azaldu dio «gaur-gaurkoz» ez dutela «fokua» horretan. Lusarreta urtarrilean izendatu zuten federazioko buru, Javier Conderen ordez. Condek Julian Garcia Angulo ordezkatu du Espainiako Pilota Federazioan. Garcia Angulok 33 urte egin ditu kargu horretan.

Tafallako San Sebastian peña

«Onena da aukera bat baino gehiago izatea»

Tafallako San Sebastian pilota peñak sustatu du bertze hemeretzi pilota elkartek sinatu duten idazkia. «Ezin ginen isilik egon», erran du peñako presidente Cecilio Ruizek. Ez du ulertzen Euskadiko Pilota Federazioak nazioarteko txapelketetan egin dezakeen bidea «moztu» nahi dutenen jarrera: «Pilotarientzat onena da aukera bat baino gehiago izatea. Espainiarekin jokatu nahi duenak, badu hori egiteko eskubidea; Euskal Herriarekin aritu nahi duenak ere izan beharko luke. Eskubide hori kendu nahi diete pilotariei».

Tafallako San Sebastian peñaren pilota eskolako bi pilotari, otsailaren 28an, herriko Ereta frontoian entrenatzen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Tafallako San Sebastian peñaren pilota eskolako bi pilotari, otsailaren 28an, herriko Ereta frontoian entrenatzen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Ruizek gogora ekarri ditu duela 25 urte Nafarroako Pilota Federazioan gertatutakoak: «Bitan zatitu zen, federazioko egituran zirenek ez zutelako nahi pilotari nafarrek Euskadiko Pilota Federazioak antolatutako txapelketetan parte hartzea, eta euskara ez zutelako aintzat hartzen». Hainbat taldek Nafarroako federazioa utzi zuten, eta Belate elkartean egin zuten bat. Orduko arazoak konpondu zirela azaldu du Ruizek: euskarak orain baduela toki bat federazioan, eta Euskal Herriko txapelketetan aritzen direla. UPNren eta PSNren oraingo jarrerak giroa gaiztotuko ote duen beldur da, ordea.

1968. urtean sortu zuten Tafallako San Sebastian peña. Laurehun bazkide baino gehiago ditu, eta Tafallako eta inguruko herrietako berrogei haur eta gazte inguru dabiltza haren pilota eskolan.

Oltzako Abaxitabidea

«Talde pila gara, eta gure arteko giroa euskalduna da»

«Zergatik ezin dute pilotariek erabaki norekin parte hartu nahi duten txapelketetan?». Igor Aginagarena da galdera, Abaxitabidea pilota elkarteko arduradunarena. Oltzako elkarte hori da UPNren eta PSNren jarrera kritikatzeko zabaldu duten idazkia sinatu dutenetako bat. «Pilota gure kirola da. UPNk eta PSNk erakutsi dute ez dutela pilota ezagutzen; Nafarroan talde pila gara, eta gure arteko giroa euskalduna da. Espainiako selekzioarekin aritu nahi duten pilotariek badute hori egiteko aukera; ez dezagun itxi euskal selekzioarekin aritzeko atea», erran du Aginagak.

2014. urtean sortu zuten Abaxitabidea elkartea. Aginaga duela hiruzpalau urte sartu zen elkarteko zuzendaritzan. Umetan piztu zitzaion pilotarako zaletasuna, eta orain ibarreko haurrekin eta gazteekin aritzen da lanean, zaletasun hori zabaltzeko asmoz. 42 ume eta gazte dituzte eskolan. Astean lau aldiz entrenatzen dira Oltzako frontoian. «Elkarteak azken hiru urteotan nabarmen egin du gora. Eskolako jolastokiko pareta bat berdez margotu genuen, eta haurrak jolasean hasi ziren», kontatu du.

Pilotarekin gozatzea da Abaxitabidea elkarteko kideen oinarri nagusia. Hori lortzeko, eskolako kideen esku dago lehiaketetan parte hartu nahi duten edo ez erabakitzea. «Partidak jokatzea ez da derrigorrezkoa. Pilotan aritzea eta gozatzea da kontua», berretsi du Aginagak. Onartu du «kosta» egiten zaiela neskak eskolara eta pilotara erakartzea. «Orain bi ditugu bakarrik».

Baztango Txaruta

«Ez diezaietela itxi euskal selekzioaren atea»

«Ados gara idazkiarekin; eta ez gara bakarrak: inguruko bertze elkarteek ere bat egin dute». Baztango Txaruta pilota elkarteko kide Juanjo Atxarenak dira hitzak, Tafallako San Sebastian peñak sustatutako oharrari buruzkoak. «Pilotariek nazioarteko lehiaketetan ikurrina aterako ote duten beldur al dira PSNko eta UPNko kideak? Nahiago izanen dute pilotariak Espainiako selekzioarekin aritzea; horregatik onartuko zituzten Iruñeko Udaleko eta Nafarroako Parlamentuko mozioak», erran du.

Cecilio Ruizekin eta Igor Aginagarekin bat egin du Atxak, eta nabarmendu pilotariek aukera izan behar dutela zer selekziorekin jokatu nahi duten erabakitzeko. «Euskal selekzioarekin aritu nahi badute, ez diezaietela itxi ate hori».

Pilotariak materiala aukeratzen, Narroako Kirol Jokoetako partida bat hasi aurretik, Atarrabiako Lorenzo Goikoa ikastetxeko frontoian, otsailaren 27an. IÑIGO URIZ / FOKU
Pilotariak materiala aukeratzen, Nafarroako Kirol Jokoetako partida bat hasi aurretik, Atarrabiako Lorenzo Goikoa ikastetxeko frontoian, otsailaren 27an. IÑIGO URIZ / FOKU

Atxak ia mende erdiko bidea egina du Baztango Txaruta pilota elkarteko eskolan. 70 pilotari inguru dituzte gaur egun. Astearteetan eta ostegunetan egiten dituzte entrenamenduak, Elizondon eta Iruritan. «Egindako lanak eman du fruiturik», nabarmendu du Atxak, eta gehitu du «polita» dela umeak eta gaztetxoak karrikan pilotan ikustea. Zaletasuna badela garbi du, baina onartu du ez dela erraza futbolaren nagusitasunari aurre egitea: «Baztango neska gehienak futbolean edo eskubaloian aritzen dira. Mutil gehienak ere pilotan eta futbolean aritzen dira 13 edo 14 urte bete arte; adin horrekin bat edo bertze aukeratu behar izaten dute, eta, zoritxarrez, gehienek futbolaren alde egiten dute».

Aurizperriko Auñamendi

«Aukera gehiago izanen dugu lehiaketetan parte hartzeko»

Auñamendi pilota elkarteak Aurizperrin du egoitza, baina inguruko bertze hainbat herritako umeak eta gazteak hartzen ditu. «Hirurogei pilotari inguru ditugu. Aurizperrin, Luzaiden, Bizkarreta-Gerendiainen, Garraldan eta Erron aritzen gara», azaldu du Auñamendi elkarteko kide Jon Retegik. Pilotari gazte horiek egin dezaketen bideari egin dio so, eta nabarmendu «askoz ere aberatsagoa» izanen dela nazioartean Espainiako edo Euskadiko pilota federazioarekin aritzea erabakitzeko aukera badute. Erabakitzeko aukera hori nahi dutelako bat egin dute Tafallatik euskal selekzioaren alde sustatu duten idazkiarekin.

Auñamendin xarea lantzen hasi ziren duela sei urte inguru. Retegik kontatu du xarean aritzen diren pilotariak nazioartean lehiatzeko aukerarik gabe gelditu izan direla, talde nahikorik ez zegoelako: «Euskal selekzioari bidea ematen bazaio, aukera gehiago izanen dugu lehiaketetan parte hartzeko».

Bertze herri anitzetan bezala, Aurizperrin eta ingurukoetan ere futbolarekin aritzen dira lehian Auñamendi elkarteko kideak. Neskak erakartzea ere ez da erraza. Palan aritzeko talde bat badute, halere, eta eskuz ere ari dira pare bat.

Iruñetik urrun egotea ere oztopo bilakatu da behin baino gehiagotan. Xarean aritzeko, hilabetean behin hiriburura mugitu behar izaten zuten, eta pilotari guztiak ez ziren ahalegin hori egiteko prest. Orain, Nafarroako Gobernuaren laguntzaz, Garraldako trinket txikia moldatu dute, eta han aritzen dira entrenatzen. «Gauza handia da guretzat».

sinatzaileak

  • Abaxitabidea. Oltza, Etxauribar eta Orkoien. 
  • Auñamendi. Erroibar, Artzibar, Aezkoa, Auritz eta Luzaide.
  • Aldabide. Arbizu.
  • Atarrabia taldea. Atarrabia.
  • Aoiz taldea. Agoitz.
  • Arrebote. Barañain.
  • Txaruta elkartea. Baztan.
  • Berriozar taldea. Berriozar.
  • Ilunberri taldea. Irunberri.
  • Bortziriak taldea. Bortziriak.
  • Erreka taldea. Doneztebe.
  • Ameskoa taldea. Eulate.
  • Arkupe taldea. Lesaka.
  • Aurrera taldea. Leitza.
  • Larraun taldea. Larraun.
  • Ados pilota taldea. Lekunberri.
  • Cantolagua taldea. Zangoza.
  • San Sebastian peña. Tafalla.
  • Umore Ona taldea. Goizueta.
  • Pilotajauku taldea. Altsasu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.