«Auzotarren bultzada funtsezkoa izan da. Ez dute amore eman, eta, bultzada horri esker, orain gertuago dugu Sanduzelai auzoari irtenbidea emateko unea». Iruñeko alkate Joseba Asironenak dira hitzak. Hiriburuko Sanduzelai auzoko Civivixeko areto nagusian erran zituen, urriaren 16an, auzo hori eraldatzeko ideien lehiaketan hautatutako hiru proposamenak aurkezteko egindako ekitaldian. Asironekin batera, Iruñeko Udaleko zinegotzi Joxe Abaurreak (Hirigintza) eta Aitziber Campionek (Hiritarren Parte Hartzea) egin zuten bat urriaren 16ko aurkezpenean, eta iragarri zuten martxan dela, azaroaren 20ra bitarte, auzotarrek Sanduzelai eraldatzeko hautatutako hiru proposamenei buruz iritzia eman ahal izateko prozesua.
Udalak antolatutako ideien lehiaketako epaimahaiak Verde-ANDO (73 puntu), Tres en raya (66) eta Más barrio y menos barreras (53) izenburuko proiektuak hautatu ditu. Hirurek dute asmo nagusi bat: Nafarroa etorbidea lur azpitik pasaraztea. Nafarroa eta Sanduzelai etorbideek lau zatitan banatzen dute auzoa, eta autoari ematen diote nagusitasuna. Hori da Sanduzelaiko bizilagunek erdigunean jarri dituzten arazo nagusietako bat, eta konponbide bat eman nahi izan diote Iruñeko Udaleko ideien lehiaketan hautatutako hiru proiektuek. Udalak, hain zuzen, Decide.pamplona.es webgunean jaso du hiru proiektu horien inguruko informazio osoa. Gainera, erakusketa bat jarri du Civivox aretoan, eta tailerrak antolatu ditu, proiektuen inguruan egon daitezkeen zalantzak argitzeko. Campionek Sanduzelain iragarri zuen urriaren 30ean eta azaroaren 6an, 13an eta 20an eginen dituztela tailerrak.
Iruñeko Udalak erakusketa bat jarri du Civivox aretoan, eta tailerrak antolatu ditu, proiektuen inguruan egon daitezkeen zalantzak argitzeko
Azaroaren 20tik aurrera, bertze fase bat hasiko dute: «Epaimahaiaren ebazpena eta auzotarren iritzia jasota, Iruñeko Udaleko taldeon arteko lana hasiko da. Garbi izan behar dugu hau hamarkada baterako plangintza bat dela», azaldu zuen Abaurreak, urriaren 16ko ekitaldian. Nabarmendu zuen gerta daitekeela hiru proiektuetako bat hautatu arren bertzeetako elementuren bat jasotzea. Udalaren asmoa da plangintza udaberri bukaerarako zehaztea.
Verde-ANDO
Argako pasealekua auzo barrura sartu nahi duen proiektua
Verde-ANDO proiektuak jaso du puntu gehien udalak egindako ideien lehiaketan. OFS Profesionalen Elkarte Kooperatiboak eta Sertecnak ondu dute, eta Nafarroa etorbidea osorik lur azpitik pasaraztea proposatzen duen bakarra da. Hori da egitasmoko elementu nagusia, lurrazpiko bide horrek aukera ematen baitu auzoan oinezkoentzako parke handi bat sortzeko.
«Nafarroa etorbideko errepide lerro guztiak lur azpitik pasarazten baditugu, egungo trafikoa %50 murriztuko genuke», azaldu du proiektuko arduradun Jaime Sueskunek. Proiektuak proposatzen duen parke nagusiak oinezkoei emanen lieke lehentasuna, eta hainbat jarduera egiteko espazioa eskainiko luke; egileek, bertzeak bertze, rokodromo bat eta skate parke bat egitea proposatu dute.
Klima aldaketari aurre egiteko asmoak gidatu dituVerde-ANDO proiektuan jasotako urratsak, egileek nabarmendu dutenez. Daniel Larraldek zuzendu ditu paisaiarekin lotutako proposamenak, eta garbi erran du «funtsezkoak» direla. Verde-ANDOproiektuaren asmoa da auzoan eremu iragazkor gehiago lortzea: «Egun, auzoko azaleraren %25 da iragazkorra; %75 ez da, eta ura pasatzen uzten ez duten eremu haietako %40 autoentzako bideak dira. Datu horiei buelta eman nahi diegu, eta auzoko azaleraren %75 iragazkor bilakatu; eremu iragazkor horietako %55 parkeak izanen lirateke gure proiektuaren bidez», zehaztu du.
Larraldek uste du Sanduzelaiko paisaiak «kalitatea galdu» duela, eta galdutako indar hori itzuli nahi diote auzoari. Sanduzelai etorbideko ardatza ere sendotu nahi dute, eta hori Argako pasealekuarekin lotu, haien arteko karrika bertikalen bidez. Auzotarrentzako berdegune gehiago nahi dituzte, finean. Izan ere, Iruñea berdugune anitz dituen hiriburu bat izan arren, eremu berde horiek Sanduzelaitik kanpo daude.
Verde-ANDO proiektuak bidegorriak, auzotarrentzako baratzeak eta estalitako eremuak garatzeko aukera ere jasotzen du. Gisa horretako neurriak eskertu ditu epaimahaiak, eta nabarmendu du egileek proposatutako plataforma bakarreko parke nagusia dela auzotarrentzako espazio publiko gehien eskaintzen duena. Nafarroa etorbideko bide guztiak lur azpitik pasarazteko aukerak, ordea, epaimahaiko kideen zalantzak eragin ditu: «Neurriz kanpokotzat» jo dute. Dena den, onartu dute proiektuak jasotako faseak «egokiak» direla, eta garatu daitezkeela Sanduzelai auzoan dagoen tren geltokia tokiz aldatu gabe ere.
Tres en Raya
Biribilgune bat kendu eta bertze bat jarri
Ramon Garitano eta Simon Garitano arkitektoek eta EOS Ingeniaritzako Alvaro Sesmak ondu dute Tres en Raya proiektua. Garbi dute Nafarroa eta Sanduzelai etorbideen arteko biribilgunea dela Sanduzelai auzoko arazo nagusietako bat, eta Nafarroa etorbideko erdiko bi lerroak lur azpitik pasaraztea proposatu dute, auzotik pasatu eta bertze nonbaitera doazen autoak Sanduzelaitik ateratzeko asmoz. Egungo biribilgune handia kendu, eta auzoko trafikoa kudeatzeko biribilgune txikiago bat proposatu dute.
Asmo hori da Tres en Raya proiektuko elementu nagusietako bat. Bertze bat auzoko iparraldean proposatu duten ardatza da; egungo trenbidearekiko paralelo egonen litzateke, eta Arrotxapeko iparraldean hasi eta Nafarroa etorbideraino ailegatuko litzateke. «Ardatz berri hori eginda, egungo trenbidea oinezkoentzako pasealeku bilaka dezakegu», azaldu du Ramon Garitanok. Zehaztu du asmo horrek lotura zuzena duela abiadura handiko trenari buruzko proiektuarekin, trenbidea pasealeku bilakatzeko beharrezkoa baita tren geltokia Sanduzelaitik ateratzea.
Tres en Raya proiektuaren egileek nabarmendu dute oinezkoei eman nahi dietela lehentasuna, eta hori lortzeko hamaika neurri proposatu dituzte: espaloiak zabaldu, atseden hartzeko eremuak eraiki Nafarroa etorbiderako lurrazpiko bidearen gainean, eta berdegune gehiago sortu, bertzeak bertze.
Hautatutako hiru proiektuen artean bigarrena da Tres en Raya. Nafarroa etorbiderako konponbidea txalotu du epaimahaiak, baina ez du begi onez ikusi auzoko iparraldean sortu nahi duten ardatz berria. Epaimahaiko kideen ustez, iparraldean biribilgune berri bat egitea ez da irtenbide egokia. «Egungo arazoak biribilgune berri horretara eramanen lituzke».
Mas Barrio y Menos Barreras
Hainbat estrategia autoari tokia kendu eta auzoko oinezkoei emateko
Madrilgo Labit Group etxeak ondu du Mas Barrio y Menos Barreras proiektua, helburu nagusi batekin: autoari tokia kentzea, Sanduzelaiko oinezkoei emateko. Hori lortzeko, hain zuzen, Nafarroa etorbideko erdiko lerroak lur azpitik pasaraztea proposatu dute, gainean bulebar bat eraikitzeko. Ez da hori haien proiektuan jasotako bulebar bakarra: Sanduzelai etorbidean bertze bat sortu nahi dute, eta, biek bat eginez, iparraldetik hegoaldera eta ekialdetik mendebaldera «erraz» mugitzeko aukera eskaini nahi diete auzotarrei.
Proiektuko arduradunek euren egitasmoaren lehendabiziko fasean jaso dute Nafarroa etorbidea lur azpitik pasarazteko aukera. «Hori eginez gero, espazio publikoaren %20 itzuliko genieke herritarrei, kolpe bakar batean, eta orain halako bi izanen litzateke auzoko berdeguneek hartutako eremua», erran du Luis Sierra arduradunak. Zehaztu du lehen fase hori tren geltokia Sanduzelaitik atera gabe ere egin daitekeela.
Paisaiarekin lotutako neurrien inguruan, Sierrak erantsi du Mas Barrio y Menos Barreras proiektuaren asmoa dela auzoan sortuko dituzten berdeguneen arteko lotura sustatzea, eta berdegune horiek, aldi berean, Argako pasealekuarekin lotzea. Argaren ondoko eremuan, hain justu, euri lorategi bat egitea proposatu dute Labit Group etxeko kideek; batetik, udako sasoiaren arabera urak azpian hartuko lukeen eremu bat izanen luke; bertzetik, ura biltzeko eta kudeatzeko balioko lukeen bigarren eremu bat proposatu dute. Azkenik, baratzeak egiteko eremu bat zehaztu du proiektuak.
Hegoaldean, Nafarroa etorbideko lurrazpiko bidearen hasieran, bertzalde, denda txikiak jartzeko espazio bat aurreikusi du Mas Barrio y Menos Barreras proiektuak. «Asmoa da auzoa biziberritzea», nabarmendu du Sierrak.
Epaimahaiak uste du proiektu horrek mugikortasuna erraztuko lukeela, baina «arazoak» dituela nabarmendu du, Nafarroa etorbideko lurrazpiko bideak trenbidea zeharkatzea proposatzen baitu iparraldean. Ondorioz, tren geltokia tokiz aldatu arte ezin izanen lukete egin.