Elkarte bat, denak batzeko. Horixe egin dute Iruñeko Iturrama auzoan: hainbat kultur proiektutan ari den herritar talde batek Atariandia kultur elkartea sortu du, «indarrak batzeko». Orain arte nork bere kabuz antolatutako ekinaldiak sendotu nahi dituzte, eta, aldi berean, berriak sortu. Euskara eta euskal kultura sustatu nahi dituzte, eta auzoko bizilagunen arteko sarea ehundu. Hilaren 6an aurkeztu zuten.
«Hori falta zaigu», aitortu du Atariandia elkarteko kide Haritz Pascualek; eratzeko daudela indarrak batzeko behar dituzten sare horiek. Iturramak 22.000 biztanle baino gehiago ditu; hiriburuko auzorik jendetsuenetako bat da —Arrotxapea dago sailkapeneko lehen postuan, ia 27.000 biztanlerekin—, bai eta zaharrena ere herritarren adinari erreparatuz gero. Ondoan du, gainera, Nafarroako Unibertsitatearen campusa, eta horrek eragiten dio auzoko egunerokoari. «Auzo bitxia da gurea; antolatzen diren gauza asko ikasleei begira egiten dira», nabarmendu du Pascualek. Zailtasunen gainetik, baina, «Iturraman eta Iturramarentzat» ariko den elkarte bat sortu dute. Eta abian jarri dira. Iturramako bestak hasiko dira gaur, eta Atariandia elkarteko kideek botako dute txupinazoa, bertze eragile batzuekin batera. Gainera, bestetarako propio prestatu dituzten bi erraldoi berriak aurkeztuko dituzte: neska pilotari bat eta zesta-puntan aritzen den mutikoa. «Lopez frontoia dugu auzoan, eta beti izan da topagune bat auzotarrontzat», kontatu du Pascualek.
«Arazoa da askok hasitako bide horrek ez duela segidarik izan. Haien lekukoa hartu nahi dugu guk, eta saiatu gure proiektuari jarraitutasun bat ematen, auzotarren arteko harremana sendotzeko»
HARITZ PASCUALAtariandia elkarteko kidea
Iturramako erraldoien konpartsa da Atariandian bat egiten duten taldeetako bat, hain zuzen; auzoko Olentzero besta antolatzen dutenak, Kantuz taldekoak, Iturramako dantzariak eta txistulariak, eta jai batzordea ere batu dira proiektura. Auzoko Amaiur ikastolako eta Iturramako eskolako gurasoak ere bai. Denera, 50 pertsona inguru. «Talde eragilean hamar inguru gaude», zehaztu du Pascualek. Kontatu du gehienak Amaiur ikastolako gurasoak direla, eta haien artean sortu zela Iturrama auzoko kulturari astindua eman nahi dion elkarte bat sortzeko ideia.
Elkarlanean
Garbi erran dute ez direla hutsetik hasi; egon direla auzoan bide bat egin duten bertze elkarte eta eragile batzuk, eta eskertu egin dute aurretik aritu ziren horiek egindako ahalegina. «Arazoa da askok hasitako bide horrek ez duela segidarik izan. Haien lekukoa hartu nahi dugu guk, eta saiatu gure proiektuari jarraitutasun bat ematen, auzotarren arteko harremana sendotzeko», nabarmendu du Pascualek.
Hori lortzeko, herritarren arteko harremana sendotzeko, elkarlanaren alde egin dute Atariandia elkartekoko kideek; gainera, kultur eragileekin batera, uste dute auzoko dendariek ere badutela zer erran. «Dendek ere bizia ematen diote auzoari», erran du Pascualek. Egoera, baina, ez da hagitz ona, Atariandia elkarteko kideek nabarmendu dutenez. Alokairuen prezioa «oso garestia» dela salatu dute, eta horrek egoitzak ixtera behartu dituela dendari anitz. Auzoko gazteei ere eragin die alokairuen prezioak gora egin izanak, Pascualek erantsi duenez, eta anitzek Iturrama utzi eta hiriburuko bertze auzo batzuetara joateko urratsa egin dute.
«Dendari batzuk auzoa biziberritzeko gogoz dira, gu bezala, eta indarrak batu ditugu. Auzoan dinamizatzaile izan nahi dugu, ez baitugu nahi Iturrama ikasleentzako egoitza huts bilakatzea».
HARITZ PASCUALAtariandia elkarteko kidea
Atariandia elkarteko kideek elkarlanean aritu nahi dute auzoko dendariekin; hasi dira jada pausoak ematen bide horretan, eta elkarrekin antolatu zuten apirilean Iturramako Liburuaren Eguna. Auzoko eskolak ere inplikatu ziren, eta ipuin lehiaketa antolatu zuten Amaiur ikastolan eta Iturramako ikastetxean. Auzoko liburu dendariek eman zituzten sariak. «Dendari batzuk auzoa biziberritzeko gogoz dira, gu bezala, eta indarrak batu ditugu. Auzoan dinamizatzaile izan nahi dugu, ez baitugu nahi Iturrama ikasleentzako egoitza huts bilakatzea. Kalean egon nahi dugu, auzoko egunerokoan, auzotik eta auzokideentzat ekinaldiak prestatzen», berretsi du Haritz Pascualek.
Liburuaren Eguna egin baino lehen, Atariandiak Santa Ageda ospatu zuen, otsailean. Datozen hilabeteetarako ere hasi dira zenbait ekinaldi prestatzen; ekainean, San Joan gaua ospatuko dute, eta urrirako, berriz, Iturramako Euskararen Eguna antolatzen ari dira. Gau Beltza ere ospatu nahi dute. Auzo izaera sustatzea eta herritarren arteko sarea sendotzea da asmoa.