Asenna Nafarroako Endometriosi Elkarteak gaitz horri buruz ondu duen dokumentala estreinatuko du gaur Iruñean, Endometriosiaren Nazioarteko Egunean. Sei emakumek sortu zuten Asenna, 2022ko abenduan, eritasun horren berri emateko. Orain 50 kide inguru ditu, baina hasierako helburu bera: endometriosiak jota daudenen bakardadeari aurre egitea, diagnosi goiztiarra lortzeko urratsak egitea, eta endometriosia dutenen arteko sarea osatzea.
«Hobera egin dugu, baina oraindik badugu bide luze bat egiteko. Endometriosia dutenak artatzeko diziplina anitzeko unitate bat behar dugu, gaixoak ikusi behar dituzten espezialista guztiek batera aritzeko aukera izan dezaten». Asennako kide Espe Zirizarenak dira hitzak; elkartea sortu zutenetako bat da Ziriza, eta Endometriosis: hagamos visible lo invisible (Endometriosia: ageriko bilaka dezagun ikusezina dena) dokumentalean parte hartzen duten zazpi emakumeetako bat. Gaitz horrekin bizitzea zer den azaltzen dute andreok Diana Navak zuzendutako lan horretan.
Asennako kideekin batera, Olivia Intimi Aguilar aktoreak parte hartu du dokumentalean. «Gure lekukotasunekin batera, fikziozko istorio bat kontatu nahi izan dugu, emakume gazte anitzen egoera islatu ahal izateko. Hilekoa dutenean minak jota diren andre gazteei erran nahi diegu inportantea dela diagnosi goiztiar bat jasotzea», azaldu du Zirizak. Endometriosia eritasun kroniko bat da, eta gaitz hori dutenek ezgaitzailea izan daitekeen mina pairatzen dute. Uteroa inguratzen duen endometrioa handitu egiten zaie, eta uterotik kanpo ere hazten da; bertze organoetara itsas daiteke endometrioaren ehun hori —burmuinera ere ailegatzen ahal da—, eta, ondorioz, hamaika sintoma eragin.
«Hilekoa dutenean minak jota diren andre gazteei erran nahi diegu inportantea dela diagnosi goiztiar bat jasotzea»
ESPE ZIRIZANafarroako Asenna elkarteko kidea
«Bizi kalitate on bati eutsi ahal izateko, inportantea da ahalik eta azkarren jakitea zer gertatzen ari zaizun», gehitu du Zirizak. Diagnosi bat izatea «lasaigarria» dela nabarmendu dute Asennako kideek. Elkartea sortu zutenek «berandu» jaso zuten, eta, bidean, haien hitza aintzat hartu ez izanak eragindako «frustrazioa» kudeatu behar izan zuten.
Profesionalen laguntza
Profesionalek ere parte hartu dute Asenna elkarteak ondutako dokumentalean. Hori nabarmendu du Zirizak, eta erantsi profesionalen ikuspuntua «hagitz garrantzitsua» dela. Zehazki, Navak zuzendutako lanak Alejandro Correa ginekologoaren hitzak jaso ditu, endometriosiari buruz. Profesionalen artean «gero eta babes handiagoa» jasotzen ari direla erran du Zirizak, baina oraindik badela zer hobetu.
Asennak gogoeta bultzatu nahi du bere dokumentalaren bidez, eta, asmo horrekin, mahai inguru bat antolatu du gaurko. Asennako kideekin batera, Nafarroako Unibertsitate Ospitaleko Ginekologia Zerbitzuko kide Eva Arpak eta Jennifer Gil emaginak parte hartuko dute, bertzeak bertze. Dokumentala Iruñeko Txantreako Salestarren aretoan estreinatuko dute, 18:00etan, eta ondoren eginen dute mahai ingurua.
Estreinatu eta gero, Asennako kideen asmoa da dokumentala endometriosiari buruz hitz egiteko eta gaitz horren berri zabaltzeko tresna bilakatzea. «Lana herrialdeko ikastetxeetan erakutsi nahi dugu; bertzeak bertze, emakume gazteek behar duten informazioa izan dezaten endometriosiari buruz», azpimarratu du Espe Zirizak.

Kontatu du berak ez zuela informazio hori eskura izan: «Hilekoa lehendabizikoz izan eta gero, giltzurrunetan sumatzen nuen mina, bereziki. Medikuek erraten zidaten kolikoak zirela, baina ez nuen inoiz harririk izan. Behin, sanferminetan, dantzan salto egin, eta ezin mugituta gelditu nintzen. Medikuarengana joan, eta zortzi zentimetroko kiste bat aurkitu zidaten azkenean; endometriosiak eragindako kiste hori nerbio ziatikoa zapaltzen ari zitzaidan». 2022an, histerektomia oso bat egin zioten. «Mina, baina, ez da desagertu. Gaitzak ez gaitu hiltzen, baina ez digu bizitzen uzten».
Asennak errealitate horren berri eman nahi du egindako dokumentalaren bidez. Han eta hemen erakutsi nahi dute, denek jakin dezaten endometriosia zer den. Oraindik ezkutuan dagoen gaitz bat dela erran du Zirizak, baina urratsak egiten ari direla eritasun horren atzean dagoena agerian uzteko eta endometriosiak jota daudenen egunerokoa ezagutzeko.