Nagore Eslava
IRITZIA

Arruntena, berezi

2024ko irailaren 6a
04:55
Entzun

Oparia irribarre batekin jaso duzu, sabelean sentitzen hasi zaren tentsio arin hori ezkutatzen saiatuz. Papera arretaz hautsi duzu, eta datorrena ikustean, etsipen-ziztada deseroso bat sentitu duzu. Ez da espero zenuena, ezta gustatzen zaizuna ere, baina irribarre egin duzu; keinu hori zinez eskertuz, eskuetan duzuna armairuaren hondoan nola ezkutatuko duzun pentsatzen duzun bitartean.

Konpromiso sentsazioa saihetsezina da. Edonork eutsi dio irribarreari halako egoera batean. Oparia egin digun pertsona horren sentimenduak zauritzearen beldur garenez, ez gara gai izaten benetan sentitzen duguna adieraztera, baina, agian, hurrengo galdera egin beharko genioke geure buruari: ez al da pertsona hori ere konpromisoak bultzatuta jokatzen ari? Ez al gaude biok itxurazko joko batean harrapatuta?

Urtez urte gertatzen den egoera hori errepika ez zedin eta aldebiko konpromiso horretatik urrundu nahirik, aurten urtebetetze oparia nik neuk neure buruari egitea erabaki nuen. Hala, inoiz izan dudan konjuntorik eleganteena erosi nuen; bizkar osoa zabalik duen alkandora eta orkatiletara heltzen den gona luze-luzea. Etxean probatu, amari erakutsi eta zuzenean bota zidan: «Polita da, bai. Baina hori noiz jantziko duzu? Ez da oso sofistikatua?». Nik baietz erantzun nion, errutinarako beharbada sofistikatuegia dela, baina aurkituko dudala une bereziren bat hura janzteko.

Neure buruari kapritxoa eman ostean, amaren erreakzioan pentsatzen geratu nintzen, konjuntoa noiz estreinatuko nuen bueltaka. Eta orduan konturatu nintzen askok dugula une bereziaren sindromea (amak eta biok behintzat, bai). Zerk bultzatzen gaitu egunerokotasunean disfruta dezakeguna geroratzera? Zergatik dugu ohiz kanpokoa edo apartekoa dena loriatzeko joera hori?

Hondarribiko influencer bat jarraitzen dut Instagramen. Kontatzen duenagatik, astean behin bere bikotearekin «afari erromantikoak» egiten ditu etxean. Horietarako, kalera irtengo balira bezala apaintzen direla kontatzen du; armairuan dituzten look politenak aukeratu, eta egongela jatetxe edo tabernatzat hartzen dute. Batzuentzat, txorakeria izango da, etxean denok baikaude erosoago pijaman galtza bakero batzuekin baino, baina, nire ustez, bikote horrek unea bilatzen daki, unea heltzearen esperoan egon gabe.

Uneak baldin badira benetan ondo sentiarazten gaituztenak, gure aldetik jarri eta arrunta denari berezi begiratzen ikastean egon daiteke gakoa

Sindromearen konponbidea, akaso, benetan berezia denari buruz dugun pertzepzioa aldatzean datza; kanpoko gertaera batek objektu edo esperientzia bati balioa eman diezaion itxaron beharrean, egun bakoitzak berez berezia izateko potentziala duela erabakitzean, alegia.

Askotan esaten da zoriontasuna istanteak direla, momentuak. Izan ere, zoriontasuna bere horretan zer den interpretatzea apur bat abstraktua suertatzen da. Baina zorion uneak baldin badira benetan ondo sentiarazten gaituztenak, gure aldetik jarri eta arrunta denari berezi begiratzen ikastean egon daiteke gakoa. Agian, gaur da konjuntoa estreinatzeko eguna, despentsan hautsez beterik duzun botila ardoa irekitzekoa edo hilean behin soilik erabiltzen duzun lurrin hori botatzekoa.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.