Arrazakeriari aurre egiteko etxe bat

Berriozarko Udalak Nafarroako SOS Arrazakeriaren esku utzi du etxebizitza bat, etxeko eta zaintzako langile migratzaileak artatzeko. Asmoa da emakumeokin lan egitea, prekaritatea gainditu dezaten.

Nafarroako SOS Arrazakeria erakundeko Flavia Navarrete, Berriozarko Udalak herri horretan utzitako etxebizitzako logeletako bateko atean, azaroaren 11n. IÑIGO URIZ / FOKU
Nafarroako SOS Arrazakeria erakundeko Flavia Navarrete, Berriozarko Udalak herri horretan utzitako etxebizitzako logeletako bateko atean, azaroaren 11n. IÑIGO URIZ / FOKU
edurne elizondo
Berriozar
2024ko azaroaren 15a
05:05
Entzun

Lau logela, komuna, sukaldea, egongela eta terraza. Etxe bat, eta hori baino anitzez ere gehiago: Berriozarko Udalak Nafarroako SOS Arrazakeria erakundeari utzi dio herriko udal etxebizitza bat, etxeko eta zaintzako emakume langile migratzaileak arta ditzaten. Proiektuak bide luzea egin du, SOS Arrazakeriako kideak 2022an hasi baitziren mamitzen. Etxea haien esku da jada, eta, urtea amaitu baino lehen, aurreneko zortzi langileak han bizitzen egonen dira. Asmoa da zaurgarriak diren eta etxeko eta zaintzako esparruan ari diren emakume migratzaileak etxean hartzea, eta haiekin lan egitea, prekaritatea atzean uzteko eta euren baldintzak hobetzeko aukera bat izan dezaten.

Berriozarko Gipuzkoa etorbidean dago udalak Nafarroako SOS Arrazakeriari utzitako etxebizitza. «Etxe hori izan zen herriko lehen haur eskola», oroitu du EH Bilduko zinegotzi Saki Ortigosak. Udan Nafarroara etortzen diren haur sahararrak hartzeko ere erabili izan dute, eta, SOS Arrazakeriaren esku utzi baino lehen, udalak larrialdietarako etxe gisa erabiltzen zuen. SOS Arrazakeriak garatu duen proiektuak ere larrialdi bati aurre egitea du helburu: etxeko eta zaintzako lanetan aritzen diren emakume migratu anitzen egoera prekarioari eta larriari, hain zuzen. «Udal batek bultzatutako jarduera antirrazista bat da etxebizitza hau, gisa honetako bakarra», erran du SOS Arrazakeriako kide Flavia Navarretek.

Hark prestatu eta garatu du Nafarroako SOS Arrazakeriak Berriozarko etxebizitzan martxan jarri duen proiektua, erakunde bereko kide Aleyda Gasparrekin batera eta Nafarroako Berdintasun Institutuaren babesarekin. «2021. urtean hasi ginen etxeko langileen egoerari buruzko lan bat egiten SOS Arrazakerian. Langile horietako anitz gure bulegora etortzen ziren, euren egoeraren berri ematera eta salatzera», azaldu du Navarretek. Horren ondorioz, SOS Arrazakeriako kideak bulegoan lan aholkularitza eskaintzen hasi ziren astean behin. «Gu ez gara sindikatu bat, ordea, eta konturatu ginen esparru horretan mugak genituela, eta bertze bide bat probatzea erabaki genuen», erantsi du Navarretek.

«Zaintzan ari diren emakume anitzi etxeko langile gisa egiten diete kontratua; lantokia bizitoki bilakatzen zaie»

FLAVIA NAVARRETENafarroako SOS Arrazakeriako kidea

Bertze bide horrek Iruñeko Emakumeen Etxearekin bat egitera eraman zituen Nafarroako SOS Arrazakeriako kideak, eta hiriburuko Agoitz karrikako egoitza horretan hasi ziren elkartzen etxeko eta zaintzako langile migratuak, larunbatetan. «Zaintzaren zama emakume migratuen bizkar dago, neurri handi batean. Funtsezko lan bat egiten dute, baina ikusezin dira gizartean. Emakumeen etxean bat egiteko toki bat bazuten, elkarren berri izateko toki bat», erran du Navarretek. Gainera, txangoak antolatzen hasi ziren, Nafarroako Berdintasun Institutuaren babesarekin, eta emakume horiek aukera izan zuten bertze hainbat herritako esperientziak eta eragileak ezagutzeko. Zumaiako Malen Etxea bisitatu zuten (Gipuzkoa), bertzeak bertze; etxeko eta zaintzako lanen esparruan aritzen diren emakume migratzaileek sortutako elkarte bat da Malen Etxea.

Azterketa bat eta plan bat

Etxeko langileekin egindako lan hori da orain Berriozarren martxan jarritako proiektuaren hazia. Izan ere, Berriozarren bizi ziren Nafarroako SOS Arrazakeriako kideek artatzen zuten etxeko langile horietako bat; lanetik kanporatu behar zutelako jo zuen langile hark SOS Arrazakeriara, lanik gabe ez ezik aterperik gabe ere geldituko baitzen. «Berriozarko Udalera jo genuen, eta orduko alkateak konpromisoa hartu zuen langile haren erroldaren auzia konpontzeko, hori baitzen zegozkion laguntzak jasotzeko behar zuen urratsa. Alkateak, gainera, etxebizitza bat hartzeko aukera proposatu zigun orduan», gogoratu du Navarretek.

Berriozarko Udalak Nafarroako SOS Arrazakeria erakundeari utzitako etxeko sukaldea, urriaren 24an egindako aurkezpenaren egunean. IÑIGO URIZ / FOKU
Berriozarko Udalak Nafarroako SOS Arrazakeria erakundeari utzitako etxeko sukaldea, urriaren 24an, aurkezpenaren egunean. IÑIGO URIZ / FOKU

Berriozarko Udalak badu kezka herrian bizi diren eta zaintzaz arduratzen diren etxeko langileen egoerarekin. Horixe nabarmendu du Ortigosa zinegotziak. «Zaintza lanetan aritzen diren emakume asko bizi dira herrian. Emakume horietako asko lan egiten duten etxean bizi dira, eta horrek erabat baldintzatzen ditu», azaldu du Ortigosak. Berriozarko Udala herriko kultur aniztasunari buruzko azterketa bat egiten ari da, herriko errealitatera egokituko den plan bat prestatzeko asmoz, eta azterketa horrek aukera eman die udaleko kideei zehatzago jakiteko zertan den zaintzaren arloan ari diren etxeko langileen egoera. «Batez ere, emakume arrazializatuak ari dira lan horretan, eta oso prekario», erran du Ortigosak.

Berriozarko Udalak eta Nafarroako SOS Arrazakeria erakundeak lankidetza hitzarmen bat sinatu dute etxeko langileak artatzeko programa martxan jartzeko. Udalak apirilean onartu zuen Gipuzkoa etorbideko etxebizitza SOS Arrazakeriako kideen esku uzteko akordioa; zehazki, hamar urterako utzi du udalak etxebizitza. SOS Arrazakeriarekin lau urteko akordioa sinatu du, etxebizitza horretan garatuko duten proiektua kudeatzeko. Lau urte horiek pasatuta, berritzeko aukera izanen dute. Udalak utzi du etxebizitza, eta udalak ordainduko ditu, gainera, gastu nagusiak. SOS Arrazakeriako kideei dagokie, berriz, etxebizitzara ailegatuko diren emakumeekin garatu beharreko programaz arduratzea eta hura kudeatzea.

«Bidea luzea izan da, baina laster izanen dugu aukera etxean hartuko dituzten emakumeak ezagutzeko; pozgarria da»

SAKI ORTIGOSABerriozarko Udaleko zinegotzia

«Gure helburu nagusia da etxebizitza hau trantsiziozko baliabide bat izatea egoera prekarioan dauden emakume langileentzat, aurrera egin dezaten, eta lan eta bizi baldintzak hobetu ditzaten», nabarmendu du Navarretek. Etxeak lau logela ditu, eta denera zortzi pertsona hartzea da asmoa. Sei hilabetetik urtebetera arteko egonaldiak eskainiko dituzte. SOS Arrazakeriak gizarte langile edo hezitzaile bat kontratatuko du, etxebizitza zuzenean kudeatzeko.

«Helburua da etxebizitzatik pasatuko diren emakume horiei tresnak ematea. Asmoa da emakume bakoitzarekin euren egoeraren araberako lan bat egitea», azaldu du Navarretek. «SOS Arrazakerian ditugun baliabideekin batera, Nafarroako Gobernuak dituen baliabideak erabili nahi ditugu; bertzeak bertze, lanaren esparrua jorratzeko. Gainera, bertze hainbat eragilerekin elkarlanean aritu nahi dugu, eta lan guztia feminismoaren eta transbertsalitatearen ikuspuntutik garatu».

«Toki duin bat»

Gipuzkoa etorbideko etxebizitza atontzen eman dituzte azken hilabeteak. «Toki duin bat eskaini nahi diegu etorriko diren emakumeei», erran du Navarretek. Emakume horientzat, hain zuzen, bizitzeko, ikasteko eta elkarri laguntzeko toki bat izanen da etxea. «Gaur egun, zaintzan ari diren emakume anitzi etxeko langile gisa egiten diete kontratua, eta, horren ondorioz, lantokia bizitoki bilakatzen zaie. Zaintzaren ardura dute, bai eta etxeko lanena ere, eta lanaldia amaituta, ez dute lasai egoteko edo bertze norbaitekin elkartzeko bertze tokirik. Egoera hori salatu, eta buelta eman nahi diogu».

Emakume bat Berriozarko Udalak Nafarroako SOS Arrazakeriari utzitako etxebizitza aurkezteko egindako bisitan. IÑIGO URIZ / FOKU
Emakume bat Berriozarko Udalak Nafarroako SOS Arrazakeriari utzitako etxebizitza aurkezteko egindako bisitan. IÑIGO URIZ / FOKU

 

Etxean egonen den gizarte langilearen soldata ordaintzeko, SOS Arrazakeriako kideek Nafarroako Parlamentura jo dute. Parlamentuko taldeekin bilerak egiten ari dira diru laguntza lortzeko. Azaro amaieran eginen dute lehendabiziko zortzi kideak hautatzeko prozesua, eta etxean sartu ahal izanen dira urtea amaitu baino lehen. «Guretzat, erronka handia da, bai baitakigu jende anitz kanpoan geldituko dela», onartu du Navarretek.

Etxebizitzarena egungo «arazo nagusietako bat» dela erantsi du, eta arrazakeriak arazo hori «are larriago» bilakatzen duela. Navarretek, bada, Berriozarko Udalak egindako urratsa egitera deitu ditu herrialdeko gainerako udalak; arrazakeriari aurre egiteko planak garatzera, alegia: «Berriozarren egin duguna bertze edozein herritan ere egin daiteke; borondate politikoa bertzerik ez da behar».

Berriozarko hautetsiak proiektua martxan ikusteko gogoz dira. «Bidea luzea izan da, baina laster izanen dugu aukera etxean hartuko dituzten emakumeak ezagutzeko, eta pozgarria da hori guretzat», azpimarratu du Ortigosa zinegotziak.

Iruñerriko herri horretan ere badute etxebizitzari buruzko kezka, eta Ortigosak nabarmendu du han ere, herrialde osoan bezala, alokairuen prezioak gora egin duela. Gipuzkoa etorbideko etxebizitzako proiektuarekin bide bat hasi dute emakume zaurgarriei laguntzeko, Nafarroako SOS Arrazakeria erakundearekin batera. Laster beteta egonen dira etxebizitza horretako gelak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.