Antzokien sareak antzerkia, dantza eta zirkua eramanen ditu 32 herritara

Hamalau konpainiak parte hartuko dute Sendaberri programan, eta, denera, 65 funtzio aurkeztuko dituzte. Helburua da kultur ekinaldiak Iruñetik ateratzea, eta tokiko artistak babestea.

Boga-Boga konpainiaren 'Behi jasa' obrako irudi bat.
Sendaberri programan parte hartuko duten konpainietako bat da Boga-Boga; irudian, konpainia horren 'Behi jasa' obrako irudi bat. BOGA-BOGA.
edurne elizondo
Iruñea
2024ko martxoaren 11
05:00
Entzun

Sendaberri programa martxan da, berriz ere. Joan den asteburuan abiatu zuten, eta datozen hilabeteotan, antzerkia, dantza eta zirkua eramanen ditu Nafarroako 32 herritara. Hamalau konpainiak parte hartuko dute, eta, denera, 65 funtzio aurkeztuko dituzte. Nafarroako Antzoki Sareak antolatu du, Nafarroako Gobernuko Kultura Departamentuaren laguntzarekin. 

Nafarroako Antzokien Sareko buru Asier Costak, Elortzibarko Udaleko Kultura zinegotzi Luis Maiak, Sendaberri programaren kudeatzaile Iker Bengoetxeak eta parte hartuko duten hainbat konpainiak aurkeztu dute Sendaberri jendaurrean, Noaingo kultur etxean, otsailaren 29an.

Herrialdeko 35 udalek osatzen dute Nafarroako Antzoki Sarea. 2013. urtean sortu zuten, eta, geroztik, sareak helburu izan du Iruñetik at, sarea osatzen duten herrietan, kultura zabaltzea. Antzoki bakoitzak antolatzen duen programazioa osatzeko, Sendaberri programa du sareak, bertzeak bertze. Aurten, antzerkiarekin batera, dantza eta zirkua ere landuko dituzte.

Yarleku konpainiaren '104. haurra' obra. Sendaberrin aurkeztuko dute. YARLEKU
Yarleku konpainiaren 104. haurra obra. Sendaberrin aurkeztuko dute. YARLEKU

Parte hartuko duten konpainiak aukeratzeko, hain zuzen ere, Nafarroako Antzoki Sareak iazko urrian egindako deialdian jasotako proposamenak hartu dituzte kontuan. Anitz dira Sendaberrin toki bat lortu nahi duten taldeak; deialdiaren bidez, programaren ardura duen lantaldeak jasotako proposamenak aztertzen ditu, «helburuekin hobekien bat egiten dutenak» hautatzeko. Helburu nagusiak dira eskaintza deszentralizatzea eta herrialde osoko konpainiak babestea.

Martxoarekin batera hasi da Sendaberriko aurtengo aldia, eta datorren azaroan amaituko da. Antzerkiaren esparruan, Boga-Boga, Producciones Maestras, Iluna eta Yarleku dira parte hartuko duten konpainietako batzuk; Estefania de Paz Asin aktorea ere ariko da, eta, harekin batera, Entrañas, Coriolis eta Logela taldeak, bertzeak bertze. Ion Iraizozen antzerki garaikideak ere izanen du toki bat: Simulacro aurkeztuko du; Sendaberrik Pez Limboren Itsas behera ere jaso du, proposamen garaikideenen artean.

Dantza eta zirkua

Antzerkia ez da Sendaberrik jorratuko duen diziplina bakarra; zirkuaren esparruan, bi proposamen jaso ditu: La Banda konpainiak Yugen izenburuko lana aurkeztuko du Los Arcosen, Etxarri Aranatzen, Mutiloan eta Lesakan; eta Alodeya konpainiak, berriz, Rube izeneko bere lana aurkeztuko du.

Dantzaren arloan, berriz, Nafarroako Gobernuaren DNA jaialdian sortutako bi proiektu izanen dira Sendaberrin: Akira Yoshida & Lali Ayguaderen Together to get there (Leitzan, Valtierran eta Burlatan), eta iXa konpainiaren Nik.Eu.2.0 (Mutiloan, Burlatan, Zizur Nagusian, Lodosan, Zangozan eta Berriozarren).

192.000

Zenbatekoa den aurrekontua. Sendaberri programaren aurtengo aldiak 192.000 euroren aurrekontua du; Nafarroako Gobernuak 100.000 ordainduko ditu, eta parte hartzen duten udalek, 92.000.

Sendaberriren aurtengo egitarau osoa programaren webgunean dago jasota: Sendaberri.com/eus. Hurrengo emanaldia martxoaren 15ean izanen da: Iluna konpainiak Ezkaba antzezlana emanen du, 20:00etan, Vianako kultur etxean. IXa dantza konpainiaren Nik.Eu.2.0 Arangurengo kultur etxean ikusi ahalko da, martxoaren 17an, 19:00etan hasita. 

Programaren martxoko eskaintza hilaren 24an amaituko da; egun horretan, Alodeya Antsoainen izanen da Rube bere lanarekin, La Banda taldeak Los Arcosen aurkeztuko du Yugen, eta Ion Iraizozek, azkenik, Simulacro aurkeztuko du Atarrabian. Sendaberri ez da martxoan amaituko, eta datorren azarora bitarte izanen du segida, eta herriz herri eramanen ditu antzerkia, dantza eta zirkua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.