laura peganos rodriguez
IRITZIA

Antzerkia

2025eko martxoaren 14a
05:10
Entzun 00:00:0000:00:00

Herri txiki, pobre eta itsusi batean hazi nintzen. Baina apreziatzen dut. Bertan jaio nintzenean, ez zegoen ospitalerik; horren ordez, osasun postua genuen, herriaren goialdean. Nitaz han erditzea erabaki zuen gure amak. Ez dakit zergatik, ez naiz ausartzen galdetzera. Bogotatik nahiko gertu dago herria. Eliza parkearen erdian, nola ez, merkatua, udala, Polizia, noski, eta eskola.General Santander eskola, han egin nuen lehen hezkuntza osoa. Herri grisa, hotza, lainotsua eta euritsua. Hori bai, garai horretan aire garbi-garbia arnasten genuen. Ez zegoen ezer berezirik egiteko edo ikusteko, eta gu kalean ibiltzen ginen aske arratsalde osoa. Maiz pentsatzen dut zein izan ziren nire erreferenteak antzezlea izateko eta antzerkia maitatzeko maite dudan moduan. Eta oraindik ez dakit; uste dut jendea izan zela. Soinuak, paisaia, inguruan genituen mendiak zoragarriak ziren-eta, nahiz eta herria bera ez den polita berez.

Egun batean zirku bat iritsi zen herrira. Hermanos Pompeyo, horrela zuen izena harribitxi hark. Nik 8 urte nituen, eta harrituta gelditu nintzen ikusi nuenean. Etxeko atzeko ataritik zirkuaren armazoia ikusi nuenean, ezin nuen sinetsi. Pentsatu nuen okertuta etorri zirela gure herrira, ez zekitela nora ziren iritsiak. Baina aldi berean opari zoragarria iruditu zitzaidan. Gainera, gure etxetik oso gertu instalatu ziren. Jendeak esaten zuen zirkuko jendea oso mainatsua zela, erne ibili behar genuela. Baina hori niri bost; gainera, gezurra zen, zurrumurruak, besterik ez. Gauero egiten zuten ikuskizuna, eta ni gauero joaten nintzen ikustera. Bihotza pozten zidan. Zoriontsu sentitzen nintzen. Ohera asebete joaten nintzen.

Nik Gabi izan nahi nuen, neskatila kontorsionista eta trapezista; nire ametsa zirku batean munduan barna ibiltzea zen. Ni maiteminduta nengoen neska harekin eta miretsi egiten nuen; izan ere, adiskidetu egin ginen. Autokarabana zahar batean bizi zen eta beste autokarabana batean zirkuko aldagela zegoen. Lehen aldiz aldagelara sartu nintzenean eta ispiluak, argiak, makillajea eta jantziak ikusi nituenean, begiak plater gelditu nintzen, hunkituta, bihotza dardarka eta bero-bero. Oraindik gogoan dut Gabik oparitu zidan ezpainetakoa. Berak erabiltzen zuen ikuskizunerako. Pare bat gehiagotan etorri ziren herrira, baina horietako batean Gabi ez zen itzuli. Eta hurrengoan ere ez. Azkenean, bere zain egoteari utzi nion. Gure herrian inoiz gertatu zen gauzarik onena izan zen zirku hura etortzea.

Egun batean zirku bat iritsi zen herrira. 'Hermanos Pompeyo', horrela zuen izena harribitxi hark. Nik 8 urte nituen, eta harrituta gelditu nintzen ikusi nuenean

Nolakoa den bizitza: egun antzezlea naiz, eta nahiz eta gure lanbidea erraza ez den, bere horretan jarraitzen dute gaur egun ere txikitan sentitzen nituen distirak eta berotasunak, oraindik biltzen naute oholtza gainean ari naizenean. Joan zen hilaren 28an Putaren bakarrizketa eroetxean aurkeztu genuen Iruñean, Klandestinak jaialdian, Teatrolari antzerki eskolan. Emanaldi ederra izan zen, berezia. Berriz ere, arima eman. Berriz ere, nire baitan bizirik dagoen Gabi, neskatila trapezista hura, sokan ibili zen orekari eusteko ahaleginean erori gabe, Peter Brooken hitzetan, katua zelatan nola, kontentzioan. Tokiak, ofizioak eta publikoak ez dute gutxiago merezi eta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.