Naiara Irigoien, korrikalaria: «Antolatzaileek eta markek kirolariek baino gehiago irabazten dute»

Kilometro bertikaleko Munduko Txapelketa irabazi berri du Naiara Irigoienek. Sorian izan zen proba, irailaren 6an, eta 50:08ko denborarekin lortu zuen urrea.

(ID_14278754) (Idoia Zabaleta/@FOKU) 2024-09-23, Burlata. Naiara Irigoyen kirolariak berriki irabazi du kilometro bertikaleko mundu...
Naiara Irigoien, irailaren 23an, Munduko txapelketa irabazi ostean, Iruñean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Ane Etxandi.
Iruñea
2024ko irailaren 30a
05:00
Entzun

Korrika egiten berriki hasi bada ere, irailaren 6an kilometro bertikaleko diziplinan Munduko Txapeldun bilakatu zen Naiara Irigoien (Iruñea, 1995), Sorian (Espainia). Urrezko domina irabazi zuen, 50:08ko denborarekin. Harentzat erronka handia izan da txapelketa, hainbat arrazoirengatik. Udan lesio bati aurre egin behar izan zion, eta entrenamenduak moldatu behar izan zituen. Horrez gain, kirola lanarekin uztartzea zail egin zaio zenbaitetan. Hala ere, oztopoak oztopo, gai izan da garaipena eskuratzeko.

Nolakoa izan zen kilometro bertikalean Munduko Txapelketa irabaztea? Espero al zenuen?

Oso hunkigarria izan zen, oso berezia. Ez nuen espero. Ez nekien nola iritsiko nintzen lehiaketara, udan lesio bat izan nuelako, eta ezin izan nintzen nahi bezainbeste entrenatu. Azken asteetan bertikalerako entrenamendu espezifiko gehiago egiteko aukera izan nuen, eta urrea lortu izana oso berezia izan zen. Gainera, nire bikotekide Alain Santamariak ere urrea lortu zuen modalitate berean egun horretan. Hori elkarrekin bizitzea emozio bikoitza izan zen.

Lesioa aipatu duzu. Zer egin zenuen sendatzeko?

Kirolari batentzat inoiz ez da erraza lesioak izatea, baina pixkanaka ikasten den zerbait da. Inpaktu handiko jarduerak egiteari utzi behar izan nion; igerilekuan entrenatzen edo bizikleta egiten aritu nintzen, baina korrika egiteari utzi nion. Azken asteetan, min gutxiago nuenez, ohiko entrenamenduekin jarraitu nuen. Txapelketan konfiantzaz irten nintzen, eta uste dut nahikoa indar izan nuela.

Lasterketaren lehenengo zatian zuhur ibili zinen, eta amaieran azkartu zenuen. Lehiaketetan erabiltzen duzun estrategia hori izaten da?

Bai. Nire indargunea malda handiak izaten dira, atal teknikoena. Lehen zatia lauagoa zen, eta, orduan, banekien zati horretan abantaila hartuko zutela beste korrikalariek. Lasai samar hasi nintzen, baina indartsu ikusi nuen neure burua, eta lehiakideak aurreratzen nituela ikusi nuenean, are gehiago bizkortu nuen. Azken zatira iritsitakoan, barruan nituen indar guztiak atera nituen.

Kilometro bertikaleko modalitatea ez da oso ezaguna. Zertan datza?

Lau edo bost kilometroko lasterketak dira, eta mila metro positibo inguru igotzen dira. Igoera baino ez da, jaitsierarik gabe, eta mendi tontorrean amaitzen da. Horregatik ez da hain ezaguna, normalean puntu berean hasi eta bukatzen delako. 

«Txapelketan konfiantzaz irten nintzen, eta uste dut nahikoa indar izan nuela»

Hiru urte besterik ez daramazu korrika egiten, eta jada Munduko Txapelketa irabazi duzu.

Bai. Hala ere, beti egin izan dut kirola. Lehen, igeriketa egiten nuen, baina, unibertsitate garaian ikasketekin uztartzea zaila zenez, utzi egin nuen. Orduan hasi nintzen korrika egiten, mugitzeagatik eta aktibo egoteagatik, batez ere. Gerora, mendira ateratzen zen talde batekin hasi nintzen elkartzen. Hor hasi nintzaion gustua hartzen. Hasieran hobby bat zen; ez dut inoiz pentsatu emaitzetan. Gauzak iristen joan dira, eta oso pozik nago jendearen aldetik jasotzen dudan laguntzagatik.

Nolakoa izaten ari da orain errutinara ohitzea berriro? Izan ere, korrikalari izateaz gain, baduzu beste lan bat.

Bai, industria ingeniaria naiz energia berriztagarrien zentro batean. Adibidez, Soriatik itzuli ginenean, igandean itzuli eta astelehen goizean lan egitea tokatu zitzaidan. Dena ahaztu eta bat-batean ohiko errutinara itzultzea bezala izan zen. Oso gogorra da entrenamenduekin eta lasterketekin uztartzea; batez ere, aurten, nazioarteko bidaia asko izan ditudalako. Kostatu egiten da ordutegiak egokitzea, txandaka lan egiten dudalako; goizak, arratsaldeak eta gauak egiten ditut, baita asteburuak ere. Okerrena da atseden hartzeko denborarik ez dudala, eta hori ezinbestekoa da kirolarientzat. 

Munduko Txapelketa irabazi ostean, ba al dago beste jomugarik? Zeintzuk dira zure erronkak orain?

Nire ustez, hori da handiena, Munduko Txapelketa bat, urre bat. Baina, gero, beti daude beste lasterketa batzuk, irabaztea edo, besterik gabe, parte hartzea ilusio berezia egiten dutenak. Niri asko gustatzen zait bidaiak aprobetxatzea leku berriak ikusteko, jendea eta kulturak ezagutzeko. Uste dut oraindik ibilbide luzea geratzen zaidala, eta gogo handiz nago.

Saria 500 eurokoa izan zen. Zer deritzozu?

Egia esan, munduko txapelketa bat izateko oso gutxi dela iruditzen zait. Beste edozein lasterketatan diru gehiago ematen dute. Egia da, Espainiako Batzorde Olinpikoaren aldetik, munduko txapelketako urrezko dominagatik diru kantitate bat ematen dutela. Baina, hala da, kirol honetan ez dago oso aitortua atzean dagoen lana. Askotan, antolatzaileek eta markek kirolariek berek baino gehiago irabazten dute.Azkenean, gu gara korrika egiten dugunak; gu gabe ez legoke ikuskizunik. 

Emakumeen kategorian gertatzen da hori, edo gizonen kategorian ere bai?

Bietan. Gutxi gorabehera ikusgaitasun bera ematen zaie bi kategoriei. Egoera berean gaude.

Kilometro bertikalaz gain, beste diziplinarik egiten duzu?

Bai. Kilometro bertikala da gehien gustatzen zaidana, baina 20 eta 30 kilometroko lasterketak eta maratoia ere egin ditut. Hala ere, distantzia horiek oso luzeak egiten zaizkit oraindik. Urteekin eta esperientziarekin kilometro gehiago egiten hasiko naiz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.