Alde Zaharrak badu kirol kluba

Kirola egiteko eta komunitatea sortzeko jarri dute martxan, Iruñean. Trailean, boxeoan, eskubaloian eta futbolean aritzeko taldeak sortu dituzte, oraingoz.

(ID_17278575974635) Alde Zaharreko Klubaren aurkezpena.
Iruñeko Alda Zaharreko Klubeko kideak, irailaren bukaeran auzoko San Frantzisko plazan egindako aurkezpenean. ALDE ZAHARREKO KLUBA
Olaia L. Garaialde.
Iruñea
2024ko urriaren 12a
05:00
Entzun

Urte eta erdiko barne prozesu baten ondoren, argia ikusi du Iruñeko Alde Zaharreko Kirol Klubak. AZGM Iruñeko Alde Zaharreko Gazte Mugimenduaren, Matalaz Kontrabotere Espazioaren eta San Frantzisko eskolako guraso elkartearen artean sortu dute kluba, eta AZ sare komunitarioaren babesa daukate. Momentuz, traila, boxeoa, eskubaloia eta futbola praktikatzeko taldeak sortu dituzte. «Ikusarazi nahi dugu beste aisialdi mota bat dagoela; hau da, alternatiboa, jokalariak motibatzen dituen dinamika politekin, parte hartzailea…», nabarmendu du Ulises Dometx klubeko kideak.

Iruñeko Alde Zaharrean sortzen ari ziren zenbait kirol proiektu saretzeko eta auzoan kirola egiten jarraitzeko beharra zegoela-eta sortu da kluba. Lehenik, gazte mugimenduak bi futbol talde sortu zituen Matalazen izenean, eta, gero, Matalaz Herri Palestra sortu zuten. Orduan, Matalazen kirol klub bat sortzea pentsatzen ari ziren. Aldi berean, Alde Zaharreko eskolaz kanpoko jarduerak egiten zituzten haur eta gazteek, adin batetik bestera, beste auzoetako taldeetara joan behar izaten dute. Horregatik, denen artean saretzea erabaki dute. «Alde Zaharreko dinamikekin birkonektatzeko beharra ikusi genuen».

«Gure lehen beharra da langileriaren lotura zehatzak, mikroak eta tokian tokikoak ehuntzea»

ULISES DOMETXIruñeko Alde Zaharreko Klubeko kidea

Jarduera fisikoa egiten jarraitzeko beste auzo batera joatea ikuspegi indibidualista batetik «erakargarria» izan daitekeela uste du Dometxek, baina begirada komunitariotik «tamalgarria» dela dio: «Polita da beste auzoetako jendea ezagutzea, baina beste auzo batera joateak berekin dakar auzotik deserrotzea eta komunitateak banatzea». Horregatik, klubaren helburua da «poliki-poliki» dinamika «kapitalista» horren kontra egin eta geldiaraztea: «Gure lehen beharra da langileriaren lotura zehatzak, mikroak eta tokian tokikoak ehuntzea».

Beste era bateko lehiakortasuna

Egun eskaintzen dituzten kirolak traila, boxeoa, eskubaloia eta futbola dira. Luze eztabaidatu dute praktikatu nahi dituzten kirolen inguruan; bereziki, futbolari buruz: «Futbolaren kultura oso kapitalista, indibidualista eta lehiakorra da, eta kultura horrek maskulinitate matxista eta patriarkalaren balioak, indarkeria eta merkantilizazioa erreproduzitzen ditu. Horregatik, kontraesan asko izan ditugu». 

Halere, uste dute futbola eta oro har kirola beste era batera landu daitekeela. Horretarako, entrenatzaileek eta kirolari helduenek eredugarri izan behar dutela dio Dometxek. Horrez gain, aurrera begira beste kirol batzuk ere landu eta sustatu nahi dituzte; esate baterako, herri kirolak. «Oso giro polita eta osasuntsua dago, eta mistoa eta belaunaldiartekoa da». 

Ohiko ligetan lehiatu nahi dute, eta horrek esan nahi du liga horien arauetara mugatu behar dutela. Hortaz, talde batzuk mistoak dira, baina adin batetik aurrera emakume eta gizonen artean bereizten dira taldeak; bereziki, futbolean eta eskubaloian. Dena den, gustatuko litzaieke beste auzoetan ere herri klubak sortzea eta auzoen arteko ligak antolatzea. Horrek lehiatzeko beste eredu bat sortzea ahalbidetuko luke. Boxeokoa eta trailekoa, aldiz, talde mistoak dira. «Noiz lehiatu eta noiz ez: hori ere zalantzan jartzen dugu, baina ez dugu motxila teoriko bat sortu nahi arau pila batekin. Taldeetan sortzen diren beharrei entzunez gauzak eraikiz joan nahi dugu». 

Kluba sortu berri da, eta «poliki-poliki» gauzak landuz joatea dute helburu. Oraingoz, irisgarritasun ekonomikoan eta ikusgaitasunean jarri dute arreta: «Asmoa da beste klubak baino merkeagoak izatea; ordaindu ezin dutenekin hitz egingo dugu, eta beti parte hartu ahalko dute, lekua badago». Dometxek nabarmendu du kirola ezin dela merkantzia bat izan, etxebizitza eta beste gauza batzuk bezala: «Kirola ezin da izan etekin ekonomikoa ateratzeko bizitzaren elementu bat. Berez, ez luke deus izan beharko, baina gaur-gaurkoz oinarrizko elementu bat izan behar da, osasuna delako». 

 Alde Zaharreko Klubeko Mikel Gortari eta Iruñeko Udaleko Berdintasuneko, Ekintza Komunitarioko eta Auzoetako zinegotziZaloa Basabe, irailean, Iruñean, lan hitzarmena sinatzen. IRUÑEKO UDALA
Alde Zaharreko Klubeko Mikel Gortari eta Iruñeko Udaleko Berdintasuneko, Ekintza Komunitarioko eta Auzoetako zinegotzi Zaloa Basabe, irailean, Iruñean, lan hitzarmena sinatzen. IRUÑEKO UDALA

Iruñean dauden klub ugarik jatorri herrikoia bazuten ere, gutxika eraldatuz joan direla uste du Dometxek. Hori dela eta, esan du «geroz eta gehiago» hurbiltzen ari direla enpresa pribatuen ereduetara: «Horrek berekin dakar sozializatzeko espazioak sortu beharrean lehiakortasuna sustatzea, exijentziagatik jendea erretzea eta taldearen dinamika apurtzea». 

Hitzarmena udalarekin

Hamarkadak daramatzate kiroldegi bat eskatzen Iruñeko Alde Zaharrean, kirol jarduerak praktikatzeko instalazioak falta direla eta. Esate baterako, Aranzadiko kirol pista, euria egiten duenean, putzuz betetzen da. Beharra dela eta, eskakizunekin udalera jo zuten: «Presioa egiten ibili gara, eta udalak jarrera eraikitzaileagoa izan du». Hitzarmen bat sinatu dute, eta, horri esker, udalak 2024-2025eko sasoirako 15.000 euroko aurrekontua sortu du klubak kirol instalazioak erabiltzeko. Horrez gain, integrazio sozialean lan egiten duen teknikari baten babesa eskaini die. 

Hitzarmenak kontraesanak eta mugak ere badituela azpimarratu du Dometxek: «Aurrerapauso bat da, baina oso sail txikia jarri dute. Gainera, behin-behineko konponbide bat da; izan ere, edonoiz udal aldaketa egon daiteke, eta hitzarmena pikutara joan daiteke». Horrez gain, hitzarmena proiektu pilotu bat da. Hortaz, datorren urtean ikusiko dute zer bide hartuko duen hitzarmenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.