Martxoaren 14an, Endometriosiaren Nazioarteko Egunean, Nafarroako Hitza-k Asenna Nafarroako Endometriosi Elkarteak ekoitzitako dokumentalaren eta endometriosiaren nondik norakoen berri eman zuen. Albistea irakurtzean, nagusiki honakoak eman zidan arreta: sei emakumek sortu zuten Asenna 2022ko abenduan, eta orain 50 kide inguru ditu. Datuei erreparaturik, endometriosiak emakumeen %10-15i eragiten die, gutxi gorabehera; beraz, bi datuen arteko arrakala argia da. Ez hori bakarrik: datuok gaixotasunaren inguruko isiltasuna nahiz ezezagutza eta elkarteek nahiz elkar zaintzeko sareek gaixoengana heltzeko egin beharreko ahalegina ere argira ateratzen dute.
Nik lagunengatik izan nuen endometriosiaren berri; are gehiago, niri ez dit inork azaldu endometriosia zertan datzan. Halaber, sekula ez dit aditu batek azaldu umetokiari eragin diezaioketen gaixotasunak zeintzuk diren eta zer ondorio dituzten, eta, garrantzitsuena, zein sintoma dituzten.
Halere, denboraren joanarekin ezagutu ditut gaixotasun horietako zenbait; obulutegi polikistikoaren sindromea, kasurako. Era berean, denboraren joanarekin izan dut batzuek zerbait gertatzen zitzaiela uste izan eta medikuarenean izandako hainbat esperientzia desatseginen berri; denboraren joanarekin ikasi dut, gutxi gorabehera, Interneten informazioa lortu nahi izanez gero, zein webgunez fidatu; denboraren joanarekin jakin dut sintomarik gabe ez dudala berrikuspenik egiteko eskumenik, «adin-tarte jakin batean gorputza, oro har, osasuntsu» dagoelako. Berebat, denboraren joanarekin ikusi dut hori ez dela egia, arestian aipaturiko baiezko perpaus horretan milaka pertsona adinagatik biltzea arriskutsua izan daitekeela, eta, bai, minaren, kisteen, fibromen eta abarren berri izatea ez dela hain arraroa.
Denboraren joanarekin nire ezezagutzaren berri izan dut, eta, horrek, egia esan, ezinegona sortzen dit. Ez dut nire ugaltze-aparatuak izan ditzakeen gaixotasunen berri izan; ikasle garaian sexu-transmisiozko gaixotasunen berri eman ziguten, baina inork ez zigun azaldu, harreman afektibo-sexualez harago, nolakoa izan behar duen hilekoak, zein odol-kantitate den neurriz kanpokoa eta minak zein esanahi eta iturri izan ditzakeen. Gure gorputzak, ugalketatik harago, sufri dezakeena isilarazi ziguten, eta guztiok, noiz edo noiz, minera ohitu behar izan dugu.
Hari beretik, gogoan dut, 2023an, hilekoaren minagatik lanean baja eskatu ahalko zela ebatzi zutenean jendeak izan zuen erreakzioa; izan ere, jende ugari trufatu zen gure minaz eta hainbatek esan zuten emakumeok eskumen hori nahieran erabiliko genuela. Bi urte beteko dira laster, eta zer pentsatu eman dit efemeride horrek, nire inguruan ez baitu inork bajarik hartu; are gehiago, arestian aipatutako ezezagutzagatik mina jasaten jarraitzen dute askok.
Gure gorputzak, ugalketatik harago, sufri dezakeena isilarazi ziguten, eta guztiok, noiz edo noiz, minera ohitu behar izan dugu
Joan den astean, maiz entzun ohi dudan literatur saioan, albatrosaren eta sai arrearen berri izan nuen. Bien hegaldia arina omen da: lehenak esfortzurik gabe planeatzeko ahalmena du, eta ez hori bakarrik: hegan egiten duenean eta atseden hartzen duenean bihotz-erritmo antzekoa izaten du; bigarrenari, ordea, pisu handiagoa duenez, asko kostatzen zaio hegaldia hastea, baina behin airean dagoela, haize-korronteak erabiltzen ditu hegan egiteko.
Nago ez ote gaituzten sai arrearen zenbait jarrera hartzera derrigortu; nago ez ote gauden behartuta behin eta berriz gorputza jasotzera eta, behin hegaldia hasita, berau mantentzeko, haize-korronteak profitatzera. Nago ez ote dauden albatros gehiegi.