Akordio bat egin dute Tuteran hidrogeno berdea ekoizteko planta bat eraikitzeko

Nekazaritzako Elikagaien Hirian eginen dute, 18.500 metro koadroko lursail batean. Ekologistak Martxan taldearen ustez, akordioa berri txarra da.

(ID_17417744555865) Tuterako nekazaritzako elikagaien hiria.
Tuterako Nekazaritzako Elikagaien Hiria, artxiboko irudi batean. Hidrogeno berdea ekoizteko planta bat eraikiko dute han. NAFARROAKO GOBERNUA
edurne elizondo
Iruñea
2025eko martxoaren 22a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Nafarroako Gobernuak akordio bat egin du Statfkraft eta Grupo Enhol enpresekin, herrialdean hidrogeno berdea ekoizteko planta bat eraikitzeko. Zehazki, Tuterako Nekazaritzako Elikagaien Hirian eginen dute. Gobernuak, Tuterako Nekazaritzako Elikagaien Hiria enpresa publikoaren bidez, 18.500 metro koadroko lursail bat alokatu die bi enpresei. Nafarroako Gobernuko Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilari Juan Luis Garciak Tuterako Nekazaritzako Elikagaien Hiriko administrazio kontseiluko kideekin bilera egin zuen martxoaren 11n, eta enpresekin egindako akordioaren berri eman zien. Garciaren hitzetan, Tuterako hidrogeno berdeko planta «giltzarri» izanen da «energia eredu jasangarriago baterako trantsizioa egiteko».

Gobernuak ezagutarazi du egindako akordioak aukera ematen diela enpresei orain alokairuan hartutako lursaila erosteko. Enpresek hidrogeno berdeko bost megawatteko planta eraikitzeko konpromisoa hartu dute; asmoa da urtean 742 tona ekoiztea. Gobernuak zehaztu du prozesuan erabiliko duten energia guztia iturri berriztagarrietatik lortutakoa izanen dela, ekoizpena «erabat berdea» izanen dela bermatze aldera.

«Tuterako hidrogeno berdeko planta giltzarri izanen da energia eredu jasangarriago baterako trantsizioa egiteko»

JUAN LUIS GARCIA Nafarroako Gobernuko Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilaria

Statkraft eta Grupo Enhol ez dira Tuteran hidrogeno berdeko planta bat eraikitzeko prozesuan parte hartu duten bakarrak. Bertze batzuek ere izan dute proiektuan parte hartzeko interesa, baina Nafarroako Industriaren Elkarteak Statkraft-Grupo Enhol taldeak egindako proposamena hautatu du. Enpresen asmoa da obrak 2026ko bigarren seihilekoan hastea, planta 2027an martxan jarri ahal izateko.

Ekologistak, kontra

Nafarroako Gobernuak proiektu «berdetzat» saldu du Tuterako planta. Ekologisten artean, baina, kezka anitz piztu dituzte hidrogeno berdearen inguruko proiektuek. Kontuan hartu behar da hidrogeno berdea ez dela energia iturri bat; alderantziz, hidrogeno berdea ekoizteko energia kontsumitu egin behar dela. Hain zuzen, Ekologistak Martxan taldeak eta bertze hainbat eragilek iaz aurkeztutako txosten baten arabera, hidrogeno berdeak «ur eta energia berriztagarrien kontsumo handia» eragiten du, eta, gainera, «jokabide neokolonialak» sustatzen ditu Hegoalde Globalean.

Herrialdean, Nafarroako Gobernuak Hidrogeno Berdearen Agenda onartu zuen 2022an, gas hori sustatzeko asmoz, eta agenda horretan jaso zuen bere asmoa dela iturri berriztagarrietatik lortutako argindarra erabiltzea hidrogeno berdea ekoizteko. «Batere kontrolik gabe ezartzen ari diren eguzki parke eta parke eoliko erraldoiak justifikatzeko aitzakia da Tuterako planta», salatu du Erriberako Ekologistak Martxan taldeko kide Eduardo Navascuesek.

«Batere kontrolik gabe ezartzen ari diren eguzki parke eta parke eoliko erraldoiak justifikatzeko aitzakia da planta»

EDUARDO NAVASCUES Erriberako Ekologistak Martxan taldeko kidea

Hark erantsi du hidrogeno berdea industriaren esparruan baino ezin dela erabili, eta, bertzeak bertze, autogintzaren arloan ez dela bideragarria. «Tuteran, Nekazaritzako Elikagaien Hiriko enpresak hornitzeko baino ez du balioko. Nafarroako Gobernua energia berriztagarrien esparruan garatzen ari den eredu okerra justifikatzeko tresna bat da planta», berretsi du Navascuesek.

Erriberako Ekologistak Martxan taldeak salatu du Nafarroa «suntsituta» dagoela «Iruñetik beheiti», eguzki parkeen eta parke eolikoen erruz. Haize errotek faunari eragiten dioten kaltea nabarmendu du Navascuesek, eta ezagutarazi Espainiako Gobernuak ezarritako protokoloa bete dezatela eskatuko dutela aurrerantzean: «Haize errota batek hildako hegaztiren edo saguzarren baten berri badugu, haize errota hori geldiaraz dezatela exijituko dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.