Aitona-amonen lezioak

Iñako Redinek bere familiaren gerra ondoko memoria jaso du: Secundino Redin haren aitona margolaria zen, eta errotuluak egiten zituen. 1937an, anaiak salatu zuen, eta hiru urtez egon zen preso. Atxilotua izan baino lehen, Iruñeko Arte Eskolan ezkutatu zen

2023-11-02, Iruñea. Memoria historikoa
1 Oraina. Oscar Brako eta Iñako Redin, azken horren aitaren denda izandakoan, Iruñean, joan den astean. IÑIGO URIZ / FOKU
edurne elizondo
Iruñea
2023ko azaroaren 10a
05:00
Entzun


Guda zibil bat baino gauza okerragorik ez da». Secundino Redinek esaldi horrekin hasten zituen Iñako Redin bere bilobarekin 36ko gerrari buruz izaten zituen hizketaldiak. Iñako Redinek 18 urte bete zituenean hasi zen haren aitona gerrari buruzko bere memoria bilobari transmititzen. «Gaixotu nintzen, eta hiru hilabetez egon behar izan nuen ohean; aitona arratsaldero etortzen zen nirekin egotera, eta orduan hasi zitzaidan kontatzen».

Ordura arte, isiltasuna izan zen nagusi Redinen familiako kideen artean. Aitonak bilobarekin apurtu zuen isiltasunezko horma hori, eta lehen pitzadura egin eta gero, gehiago agertu ziren: Iñako Redinen aita Clementek ere bere hitzekin jo zuen urte luzez eraikitako horma hura, eta memoria bilakatu zuen 36ko gerrak eragin zion amorruaren arrastoa, hil baino lehen.

Memoria hori jaso du Iñako Redinek, gordetzeko ez ezik, zabaltzeko ere, eta bide horretan izan du nork lagundu: Oscar Brakorekin, eta aitonak margotutako errotulu baten bidez, oraina iraganarekin lotu du. «Zirkulua itxi da».

Hiru urte preso

Margolaria zen Secundino Redin (Iruñea, 1905-1996), bai eta errotulu egilea ere. 1936ko kolpe militarra gertatu eta gero, preso hartu zuten, 1937an, anaiak salatu ondoren, eta hiru urteko kartzela zigorra bete zuen Bilboko espetxean. Zigorra bete ostean, Iruñera itzuli zen, eta margo denda eta drogeria bat ireki zuen. «Iruñeko Nafarroa Beherea etorbidean zegoen denda; aitonaren garaiko Francoren etorbidean», oroitu du Iñako Redinek.

Dendako errotulua Redinek margotu zuen; hiriko bertze denda batzuetakoak ere Redinek egin zituen. «Dirua zutenek neonezko kartelak izaten zituzten; baliabiderik ez zutenek, berriz, eskuz margotzen zituzten euren kartelak. Redinen errotuluak altxor bat dira; gisa horretako kartelek garai baten berri ematen zuten». Oscar Brakorenak dira hitzak, Ondare Grafikoa Babesteko Iberiar Sareko kidearenak. Redinen drogeriako errotuluak lotu du Brakoren bidea Iñako Redinek familiaren memoria josteko egindako urratsekin.

Izan ere, Redinek gorde du, urte luzez, aitonak egindako drogeriako kartela, Brakoren esku utzi arte. Brakoren bidez, Iruñeko Arte Eskolak hartu du orain Redinen errotulua: 1936an hiru hilabetez Secundino Redinen gordeleku izandako erakunde berak, alegia.

«Aitona UGTko kidea zen, eta Nafarroako laneko epaimahai mistoen elkartekoa», kontatu du Iñako Redinek. Ondorioz, Francisco Franco diktadoreak estatu kolpea jo zuenean, ezkutatu egin zen. Egoerak okerrera baino ez zuen egin Redin Iruñeko Arte Eskolan gordeta egon zen hilabeteetan, eta mugaz bertzaldera ihes egitea erabaki zuen. Arreba moja bat gaixotu zitzaiola eta haren bila joan behar zuela azaltzen zuen gutun faltsu batekin abiatu zen mugaz bertzaldera, autobusez.

«Autobusean, militar falangista bat eseri zen aitonaren ondoan», aipatu du Iñako Redinek. Secundino Redinek autobusean pasatu zuen beldurraz hitz egin zion bilobari. «Luzaidetik atera zen, eta oinak mugaz bertzaldean jarri bezain pronto, besoak altxatu eta ospatzen hasi zen. Orduan, ondoan eseri zitzaion militarrak atzetik heldu zion aitonari! ‘Salbatu gara, salbatu gara’ oihukatzen hasi zen, pozarren; jantzi militarra mozorro bat besterik ez zen!».

Secundino Redin ez zen luze gelditu mugaz bertzaldean; berriz gurutzatu, eta Bilbora joan zen. «Han jakin zuen alde egin zuenean emaztea haurdun zegoela, eta Iruñera itzultzea erabaki zuen», kontatu du Iñako Redinek.
«Ezkertiar amorratua eta errepublikazale sutsua» zen Secundino Redin; «beste aldean» anaia bat zuen, ordea: «Erreketeen korneta maisua zen; hari eskatu zion laguntza, baina lagundu ordez, aitona salatu zuen».

«On Jose Arrue»

«Guda zibil bat baino gauza okerragorik ez da». Aitonak ohe ondoan arratsaldero erraten zizkion hitzak oroitu ditu Iñako Redinek, bai eta ongi ulertu ere. Anaiaren salaketak eraman zuen Secundino Redin Bilboko espetxera. Hiru urte eman zituen kartzelan, eta, handik atera zenean, ehun pezetako isuna ezarri zioten.

Secundino Redinen espetxealdiak familia osoa zigortu zuen, haren emazte Felisa Janariz bakarrik gelditu baitzen etxean bere lau seme-alabekin. «Beharrak gogor jo zuen aitonaren etxea; amonak garbitzen eta kozinatzen egiten zuen lan. Niza tabernan zigarrokinak hartzen uzten zioten; amonak saltzeko nahi zituen, eta Euskal Jai frontoian sartu zituzten presoei emateko», azaldu du Iñako Redinek.

«Etxeko egoerak arrasto sakona utzi zion gure aitari; haserre eta amorru handia eragin zion», oroitu du Secundino Redinen bilobak. Bilbon preso egon zenean, hain zuzen, hiltzeko zorian izan zen Iñako Redinen aitona: «Fusilatzera eramateko atera zuten ziegatik, baina Jose Arrueren elkartasunak salbatu zuen».

«Gure etxean beti izan zen On Jose Arrue!», gogoratu du Iñako Redinek. Arrue margolaria zen, eta Bilboko kartzelan egon zen preso, Secundino Redinekin batera. «Lagun min bilakatu ziren». Espetxean zegoenean, margolanak egitera behartzen zuten Arrue. «Kontua da espetxeko kideek Arrue behartu nahi zutela Espainiako armarri handi bat margotzera. Aitona hiltzera eraman zutenean, Arruek erran zien aitona fusilatuz gero sekula ez zuela margotuko. Aitona utzi zuten, eta Arruek ez zuen inoiz armarri hura margotu».

«Arrue askotan etortzen zen etxera; aitonak eta Arruek eutsi egin zioten espetxean hasitako adiskidetasunari». Elkarrekin egin zuten lan, gainera. Betelun, biek egindako mural bat zegoen, baina  desagertu da. Arruek egindako lanak ere badira Redin familiako kideen etxean eta dendan. «Javier Ruiz Redin nire lehengusuak bazuen Arruek egindako kartel bat, eta hori ere Iruñeko Arte Eskolan da orain».

Aitonaren eta Arrueren duintasuna nabarmendu du Secundino Redinen bilobak. «Arruek arriskuan jarri zuen bere burua gure aitona salbatzeko». Iñako Redinek eredutzat hartu ditu aitona eta Arrue, baina ez dira familiako bakarrak, nabarmendu duenez, haren amaren gurasoak ere inplikatu baitziren frankismoaren aurka.

Juli Arrasate zen Iñako Redinen ama; Redinen amonak arrandegi bat zuen Iruñean, eta han ezagutu zuen Ezkaban senarra preso zuen Madrilgo emakume bat. «Emakume horrek familia aberats baten etxean egiten zuen lan; amonak ogia ematen zion, senarrari eraman ziezaion, baina etxeko nagusiek kentzen zioten. Azkenean, aitona-amonek euren etxean hartu zuten emakumea», azaldu du Iñako Redinek.

Igandeko bisitak

Bikote madrildarrak ez zuen seme-alabarik; Ezkaban, baina, seme-alaben bisita jasotzen zuten presoei patiora ateratzen uzten zieten igandeetan. «Nire ama eramaten zuen emakumeak, senarrak patiora ateratzeko aukera izan zezan». Redinek kontatu du Juli Arrasate haren amak sekula ez zuela ahaztu Ezkabako presoak lehendabizikoz ezagutu zuenean eman zion besarkada. «Aita-alabak ziren, ustez, baina ez zuten elkar ezagutzen. Amak dirua eramaten zion bisitetan».

Aitona-amonen lezioak jaso ditu Iñako Redinek, eta aitak sentitu zuen amorrua ilusio bilakatu du. Katea, gainera, ez da eten: Historia eta Ondarea ikasten ari da haren alaba Uxue Redin. Historiak eta istorioek izanen dute nork entzun.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.