Bidatz Villanueva
IRITZIA

Agurrak

2024ko martxoaren 22a
04:55
Entzun

Agurrek beti dakarte dolua iragateko prozesua. Intentsitate handiagoz edo txikiagoz sentituko dugu zeri edo zeini agur egiten diogun. Batzuk iaioagoak dira horretan, beste batzuek nahiago dute hanka puntetan iragan, agurrek sor ditzaketen emozio eta zirrara ekiditeko, ixtea beldur ematen dieten etapei horietara itzultzeko zirrikitu txiki bat irekirik uzteko. 

Batzuetan hori ez da posible. Agurrik mingarrienak heriotzarekin loturikoak dira usu, eta bakoitzak ahal duen moduan egiten die aurre, ez baitigu inork irakatsi halako egoera zailetan nola kudeatu oraina, geroa eta, beharbada, iraganarekin loturik osatu beharreko zauriak. Eta badira agur horien sufrimendua areagotu dieten herritarrak Euskal Herrian ongi ezagutzen ditugun bidegabekeriengatik.

Duela aste batzuk sakelakoan jaso genuen amonarena izandako erromeroa biziberriturik eta loraturik, handi, Nafarroako herririk euskaldunenetakoan. Paradoxa da, Faltzesen sortu baitzen bera, gerraostean, guztiz jazarritako lurraldean, eta ahal izan zuen moduan borrokatu zen bizitza duin bat eraikitzeko. Bere zorigaitzerako gorriak eta euskaldunak atera zitzaizkion seme-alabak, baita ondorengoak ere. Bada, zer edo zer (gauza asko, ziur naiz) ongi egin zenuen. Agur hura bereziki gogoratzen dut, eta orain, erromero euskaldun horretan ere gordetzen da haren oroimena. Gioconda Belliren eleberria datorkit burura.

Familiako lehen katua azkenengo aldiz ikusi nuenekoa ere gogoan dut. Izaki txiki eta gaixo hura zenbat estimatu genuen. Herriko zuhaizpean lurperatu genuen, zeremonia intimo batean. Hark jarri zuen antiespezismoaren hazia nigan, eta uste dut, modu batean edo bestean, berarekin izan nuen lotura horrek baldintzatu zuela hautu hura. Tristuraz harago, hari ahal izan genuen bizitzarik hoberena eman izanak lasaitzen nau.

Gure esku dago saretzea, enpatizatzea, zilegi ez dena borrokatzea eta elkar zaintzea. Batez ere, azken hori: elkar zaintzea.

Bestalde, egunerokoan egin beharreko agurrak daude. Min egiten digunari agur erratea ere mingarria izan daiteke, min horretan bizitzen dakigulako, eta hortik kanpo, zer gertatuko da? Hori ere ez digute irakatsi. Gure gurasoen traumen seme-alabak gara, tradizio judu-kristauan bizi izan direnak, eta sufritzearena oso barneratua dugu. Arazo horiek guztiak, ordea, ez dira indibidualak. Bizi dugun sistemaren egituretan dago oinarrituta. Gure ongizatea ez dago soilik norberaren borondatean, baina gure esku dago saretzea, enpatizatzea, zilegi ez dena borrokatzea eta elkar zaintzea. Batez ere, azken hori: elkar zaintzea.

Poza eta alaitasuna sortzen duten agurrak ere badaude, Iruñeko Udaletxeko plazan 2023ko abenduan bizitakoa, herritarrok merezi baitugu politika sozialagoa eta euskalduna, nahiz eta ez izan perfektua. Agur kolektibo hark, espero dut, Iruñean norbanakoen bizitza hobetzeko mugarria ezarri izana. 

Agurrek, txikiak izanik ere, beti dakarte aldaketa, errealitate berri batean birkokatzea, eta uste dugun baino zama handiagoa aska dezakegu horiekin, zergatiak sakonago arakatzen baditugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.