Agertuko den esperoan

Otsailaren 8an desagertu zen Patricia Paatsek eta Joseba Salegik 'Altsasuko auziaz' egindako ‘In-Defensión/In-Justizia’ koadroa, eta haren bila dabiltza ordutik.

(ID_17135194264315) Patricia Paats eta Joseba Salegi, ‘In-Defensión/In-justizia’ koa
Joseba Salegi eta Patricia Paats, Altsasuko 2019ko Arte Azokaren erakusketan, ‘In-Defensión/In-Justizia’ koadroaren ondoan. JOSEBA SALEGI ETA PATRICIA PAATS
inaki rubio
Iruñea
2024ko apirilaren 28a
05:00
Entzun

«Soilik jakin nahi dugu zer gertatu den koadroarekin». Bi hilabete baino gehiago igaro dira Patricia Paats margolariak eta Joseba Salegi zinemagile altsasuarrak ondu zuten In-Defensión/In-Justizia artelana desagertu zenetik. Altsasuko auziak eragindako sufrimendua salatzeko eta oroitarazteko pintatu zuten hori, eta herrko Koxka tabernan eskegi, jabeek bizi izan zuten gertaera historikoaren errekonozimendu gisa. Otsailaren 8tik ez dago.

Iragan otsailaren 8ko goizaldean jazo zen «baldarkeria», Altsasuko herria Santa Ageda ospakizunean murgildua zelarik. «Jendez lepo zegoen taberna, eta, goizeko laurak aldera, bertan zen gazte talde bati erori egin zitzaion artelana», esan du Salegik. Kalera atera zuten segidan, tabernaren atariko kupeletara, eta hor ikusi zuten azkenekoz. «Badakigu nortzuk izan ziren koadroa atera zutenak, baina ez kaletik ebatsi zutenak», esan du.

Patricia Paatsen 'Altsasu 2016, la respuesta de todo un pueblo' margolana, 'Altsasuko auziari' buruzkoa.
Patricia Paatsen 'Altsasu 2016, la respuesta de todo un pueblo' margolana, 'Altsasuko auziari' buruzkoa.

«Gazteek esan zigutenez, koadroa eusten zuen iltzea erori zen, eta horregatik atera zuten lokaletik», jarraitu du Salegik. Nahita edo nahigabe, justifikaezina dena justifikatzeko aitzakia bat baino ez dela uste dute koadroaren egileek. Mihisea, kalean utzi izana deitoratu du Paatsek: «Tabernako langileei abisua eman behar izan zieten; kalean uztea ere…». Halere, gazteei egoera azaltzen saiatu zela erran du zinemagileak: «Egin zutena arduragabekeria izan zen, eta esplikatu nien koadroak duen balioa». 800 euro balio du mihiseak, baina egileek argi utzi dute ez dutela inongo interes ekonomikorik: «Irudikatzen duenak egiten du artelana baliotsu», esan du Paatsek.

«Badakigu nortzuk izan ziren koadroa atera zutenak, baina ez kaletik ebatsi zutenak».

JOSEBA SALEGIKoadroaren egilea

Beraz, jazotakoa argitze aldera, bideo bat egitea erabaki zuen Salegik. Pantera Arrosa-ren abesti mitikoa ondoan, gertatutakoa azaltzen du bideoak, eta pistaren bat duen orori arren eskatu egileekin harremanetan jar dadin: «Zeozer jakinez gero, deitu 649 43 54 87 zenbakira, otoi». Bideoak bost mila erreprodukzio baino gehiago ditu jada, eta, horri esker, jazotakoak oihartzun handia izan du Sakana osoan. «Bideoaren helburua da koadroa tabernatik atera zutenek etengabe zabaltzea, gazteen artean bereziki, baina ez dira batere arduratu», azaldu dute.

Usteak erdia ustel

Gaur-gaurkoz, ez dakite artelana non dagoen, eta Salegik azaldu du pista faltsuak baino ez dituztela jaso: «Dei anonimo bat jaso genuen: koadroa erre zuela zioen. Baina egia izanen balitz, gehiago tematuko zen, ziurrenik». Egileen hitzetan, itema bilatzeari utz ziezaioten deitu zuen; mihiseaz ahazteko, alegia. Dena den, hamaika teoria dabiltza bolo-bolo. «Tabernaren kanpoaldean ziren batzuk koadroari ostikoak ematen ikusi zituela esan zidan norbaitek; galdetu nion faborez esan ziezadan nortzuk ziren, baina ez zidan ezer esan».

«Jendea gehiago inplikatu beharko litzatekeela uste dugu. Ez dugu errudunik edota dirurik nahi; koadroa nahi dugu».

PATRICIA PAATSKoadroaren egilea

Herriko Guardia Zibilaren eskuetan zegoen zurrumurrua ere iritsi zitzaien, eta Udaltzaingora jo zutela esan dute, egia ote zelakoan. Dena den, ez dute salaketarik jarri. «Koadro bat taberna batean jartzearen arriskuaz jabetuak ginen jada; normalean, parranda orduetan gorde egiten zuten artelana, baina gau hartan ahaztu egin omen zitzaien». Halaber, Paatsek adierazi du tabernako arduradunak lasai utzi nahi izan dituztela, zaurian gehiago piko ez egitearren: «Gorriak eta bi ikusi dituzte Altsasu kasuaren karira, eta iskanbila orotik at egon nahi dute». Esker oneko hitzak baino ez dituzte Paatsek eta Salegik: «Ulertzen dugu haien jarrera».

Lan mardula atzean

«Artista gisa, Altsasuko kasuan gertatu zen guztiari erantzun moduko bat ematearren ondu genuen koadroa». Prozesu hagitz landua izan zela esan du Salegik: «Nik bozetoa egin nuen, eta Patriciak, olioaz margotu». Zuzendari eta aktore rolak hartu zituztela dio Paatsek: «Josebak zuzendu zuen prozesua, eta nik, mihisea margotu». Horretarako, Arantzazuko santutegian (Oñati, Gipuzkoa) dauden Jorge Oteizaren apostoluetan oinarritu ziren: «Oteiza da euskal tragedia eta esentzia hoberen irudikatzen dituena; kasu honetan, Altsasuko gazteen babesgabetasuna eta injustizia». Beraz, apostoluak bailiran irudikatu zituzten gazteak, kolore apalak erabiliz. «Harri baten soiltasuna eta haren kolorearen hoztasuna irudikatu nahi izan genituen».

Gisa berean, Artebide Taldeak 2019an egin zuen erakusketa kolektiboaren parte da koadroa. «Herriko ferietan urtero egiten den Arte Azokan erakutsi genuen; ez da gai finkorik izaten, baina urte hartan Altsasuko auziaren inguruko artelanek osatu zuten». Orain, ordea, artelanaren oroimena baino ez da gelditu. «Jendea gehiago inplikatu beharko litzatekeela uste dugu. Ez dugu errudunik edota dirurik nahi; koadroa nahi dugu», esan du Paatsek. Dena den, koadroa beti egongo dela dio Salegik: «Digitalizazioari esker, hortxe iraunen du artelanak, inoiz ez da ahantziko». Halaber, egileak harro azaldu dira, eta esan dute koadroa egitea ohore bat dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.