«1999ko maiatzaren 3an jaio zinen, Beleixe irratia, [...] gaztea baina ibilitakoa; gaztea baina kolpe gogorrak jasotakoa. Erori eta jaikitzen den horietakoa [...]». Hitz horiekin eman zion hasiera Beleixe irratiko arduradun eta esatari Eneida Carreñok iragan maiatzaren 3ko zuzenekoari. Guztietan bereziena, edozein irratik ez baitu mende laurden bat betetzen hola eta hola. 25. urteurrena ospatzeko, formatu askotako hainbat egitasmo egin zituen joan den astean, Guaixe fundazioarekin batera. Bestondoa pasatu ostean, aurrera begirakoetan da jada irratiko arduraduna.
«Beleixe irratia zen aktualitatearen berri izateko nire erreferentzia nagusia; Beleixe entzunez jakin nuen Egunkaria itxi zutela, esaterako», esan du Carreñok. Beleixen Alfredo Alvaro eta Aitziber Etxaiz izan ziren 107.3tik uhinak askatzen lehenak, Etxarri Aranazko gaztetxearen alboko gelatxo batetik. Egitasmoa, ordea, ez zen bat-batekoa izan: 1994an Guaixe aldizkaria sortu zuen hainbat euskaltzalek bultzatutako Bierrik elkarteak, eta 1996an irratia sortzeko batzordea abiatu zuten. Hiru urteko barne prozesu baten ostean jarri zuten martxan.
«Irratiak ibarreko euskalkietan mintzatzeko modua ematen du, paperean ez bezala».
ENEIDA CARREÑOBeleixe irratiko arduraduna eta esataria
Carreñoren arabera, ahozkotasunean hutsunea zegoelako ekin zioten irratiari: «Sakanan idatzizko komunikazioa bermaturik zegoen Guaixe eta Oixe aldizkariekin, baina ez zegoen euskaraz egiten zuen irratirik». Bertako euskalkiak hauspotzeko tresna garrantzitsua dela adierazi du esatariak: «Irratiak ibarreko euskalkietan mintzatzeko modua ematen du, paperean ez bezala». Halaber, paperekoak aldizkariak izanik, albisteak berehala zahartzen zirela azaldu du, eta hutsune hori betetze aldera sortu zutela irratia; egunerokoa bermatzeko, alegia.
Orotariko programazio zabal bati ekin zioten orduko esatariek: egunkarien azalak irakurri, albisteen berridazketak lokutatu, Sakanako albisteen berri eman, lehiaketak egin… Halaber, bestelako saioak ere emititzen zituzten arratsaldetan, ibarreko eragileek zein norbanakoek gidaturikoak: «Etxarriko gaztetxekoek, esaterako, saio bat egiten zuten. Orain jada ez dira halakoak egiten; galdu egin da lan militante hori».
«Ni sartu eta gutxira hasi ziren murrizketak, Yolanda Barcinaren garaian. Urte latzak izan ziren».
OIHANA GALLOBeleixe irratiko esatari ohia
Beleixe irratia sortu eta urtebetera Irrati Euskaldunen Sarea sortu zuten Ultzamaldeko Esan Erran, Leitzaldeko Aralar eta Sakanako Beleixe irratiek: «Geroztik, egunero eskaintzen diogu tarte bat tertulia moduko bat egiteari. Orduan, bakoitzak bere eskualdeko albisteak azaltzen zituen, eta agenda osatzen zuten». Gaur egun, Beleixe, Aralar eta Karrape irratiek osatzen dute sarea. Halaber, Euskalerria irratiko saioak ematen ditu Beleixek.
Hamaika esatari pasatu ziren handik, harik eta 2004an Eneida Carreño hasi zen arte. Bakarrik aritu zen hiru urtez, eta 2007an Oihana Gallo hasi zen lanean. Handik gutxira, irratiaren egoitzaren lekua aldatu zuten: Etxarri Aranazko udaletxera igaro zen. Bertan egon da harrezkero. Era berean, Guaixe eta Oixe urte hartan bertan fusionatu ziren, eta, hala, Guaixe astekariari bide eman zioten.
Elkarrekin emandako lehen urteak maitasunez oroitu dituzte Carreñok eta Gallok: «Beleixeren urrezko aroa izan zen hura; lau orduko zuzenekoa egiten genuen: erreportajeak, herriko festak, igerilekuetara joan… Joko handia ematen zuen bi pertsona aritzeak: bata barruan eta bestea kanpoan». 2008an, fundazio bilakatu zen Bierrik elkartea, eta Guaixe fundazioa sortu zuten.
Barearen ostean, ekaitza
Uhinek, ordea, oztopo anitz aurkitu zituzten bidean. «Ni sartu eta gutxira hasi ziren murrizketak, [Nafarroako Gobernuko lehendakari] Yolanda Barcinaren garaian. Urte latzak izan ziren», azaldu du Gallok. Fundazioaren hedabideek krisi larria pairatu zuten; irratiak, bereziki. 2012an Gallo kaleratu egin zuten, eta Carreño bakarrik aritu zen ondorengo urteetan: «Gogoan dut Doctor Deseoren Que amanece de nuevo abestiarekin esan niela agur entzuleei, malko artean». 2013ra arte bertan behera gelditu zen programazioa; musika baino ez zuten jartzen. «Ez genuen isildu nahi. Bestela, lizentzia ere galdu genezakeen», erantsi du Carreñok.
«Gehiago dugu eskaintzeko, baina ez dago dirurik. Nire desioa da gehiago ematea».
ENEIDA CARREÑO Beleixe irratiko arduraduna eta esataria
Urteak igaro ahala, egoera ekonomikoak hobera egin du, eta eutsi egin diote Guaixe eta Beleixe hedabideek. Baina irratiaren osasunak kezkatu egiten du Carreño: «Kristoren potentziala du irratiak, baina ez da probesten. Orokorrean, irratia indarra hartzen ari da, paperaren kalterako, baina Sakanan alderantziz gertatzen da». Egun, egunero bi orduko zuzenekoa egiten du Beleixe irratiak, nahiz eta, Carreñoren iritziz, gutxiegi izan: «Gehiago dugu eskaintzeko, baina ez dago dirurik. Nire desioa da gehiago ematea».
Horretarako, bazkide egitearen garrantzia azpimarratu dute esatariek: «Diru laguntzak jasoko ditugu, baina ezinbestekoa da bazkidetza sustatzea halako proiektuak mantentzeko». Halaber, irratiari bestelako garrantzia eman dakiokeela esan du Carreñok: «Administrazioek ere egin dezakete apustu sendoagoa». Ez du uste irratia ixtera iritsiko direnik, baina gaineratu du Gallorekin hasi zeneko garaiak ez direla itzuliko.
Urteurren oparoa
Oztopoak oztopo, harrera aldetik osasuntsu dirau proiektuak. Horren adibide dira, Carreñoren ustez, 25. urteurrena ospatzeko ekintzek izan duten arrakasta: «Altsasu BHI institutuan egin genuen zuzenekoa apartekoa izan zen, baita Euskara kirolean mahai ingurua ere. Biziki eskerturik nago laguntzaile guztiei; izan ere, elkarlanean gauzak hobeki ateratzen dira».
«Biziki eskertutik nago laguntzaile guztiei; izan ere, elkarlanean gauzak hobeki ateratzen dira».
ENEIDA CARREÑOBeleixe irratiko arduraduna eta esataria
Ospakizunak bukatzeko, Beleixek saio berezi bat egin zuen larunbatean, urteetan bildutako esatarien eta elkarrizketatuen ahots tarteekin, eta, ondoren, bazkideendako bazkari bat antolatu zuen fundazioak, Joxe Aldasororen bakarrizketa eta guzti. Hedabideen logotipoak aurki aldatuko dituzte, eta proiektu berriak datozela erantsi du Carreñok. «[...] Zorionak, Beleixe irratia; zorionak guztioi».