Zer bilakatuko gara?

Ote Lore elkartea
2025eko otsailaren 7a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Iragan urtean Ote Lore elkartearen berrogei urteak ospatu ditugu. Adin horretara heltzearekin, galderetarik bat da zerk egin duen hainbeste irautea holako egitura batek. Logikoki, erran nahi du elkarteak, sortzean, hartu zituen helburuek eta egitekoek beti badutela funtsa eta urteetan izan direla jendeak ber grina horrekin animatuak hastapeneko proiektuari segida emateko.

Ote Loreren kasuan, elkartea 1984an sortu zen, euskara eta euskal kultura biziarazteko Larresoro herrian. Elkartea abiatu zutenak izan ziren hamar bat emazte eta gizon, ikastolako buraso gazteak gehienak. Euskararen arrangura bazuten, eta gai horren inguruan gure herrietan zen giro biziki bereizi eta mesfidatian, nahi zuten kultura hori ikustera eman herriko plazan, eta partekatu. Beren baitan bazuten gaztetasunaren indarra, kemena, etorkizunean fedea. Irudimen handia ere bai, umorea, eta biziaz gozatzeko tirria ere bai. Argazkietan bistara jauzi egiten du adiskide talde bat dela, bizi osoan elkarri loturik egon direnak: haurrak sortu dira, handitu, etxetik joan, berriz etorri, izan dira ezkontzak, heriotzak, istripuak, berri txarrak eta onak. Elkarren artean asmatu ekitaldi, ateraldi, elkarretaratzeek lotzen zituzten, baita egun guzietako biziak ere, euskal etorkizun bati so betiere.

Berrogei urte berantago, hor dira kide kartsuak, beti prest edozein eskukaldi emateko. Batzuetan horien haur batzuek segida hartu dute elkartearen kudeaketan. Elkartearen hitzorduetan, usu hor dira hiru belaunaldi, aitatxi-amatxiak beren haur ttipiekin etorriak, familia handi bat bezala. Funtsean, hori da Ote Lore egun, familia handi bat.

Hastapenetik hor ziren kideen saihetsean sartu dira lagun berriak, euskal gauzaren kezkak edo interesak erakarririk eta errazki adiskideturik. Baina ez hainbeste. Talde trinko baten aitzinean nornahi herabe edo uzkur egon daiteke, arras kontziente ez bada ere. Egia da elkarte hetsi, politiko, gure euskal nortasunean gotortuak agertzeaz gain —anitzentzat hori baikara—, itxura hori eman dezakegula, kanpokoak ez direla ongi etorriak (ez da hala, noski).

Elkartearen indar kolektiboa kideen arteko atxikimenduan oinarritzen delarik, zer gertatzen da denbora pasatu ahala? Hirugarren belaunaldi bat izanen ote da elkartearen animatzeko? Herentzia jaso edo gibelean utzi behar ote da, gerokoei tokia uzteko? Galdera horietan gaude gaur egun Ote Loren. Elkartea ez da batere hilzorian, indar biziak badaude, mugimendua atxikitzen. Baina gauzak hain segur aldatuko dira. Izan ditzakegun mentura onak betiere dira urte luzeetako adiskidantza gordetzea, eta herri honetan euskara jaun eta jabe den (g)uneak eskaintzea. Horretan, izanen dira ondokoak dudarik gabe, zernahi izan ekintzak hartzen duen forma, eta zein diren horren eramateko diren begitarteak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.