Txotx eta hurrup!

Baleak elkartea
2025eko apirilaren 25a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Hendaiako Sagardo Egunak herri kultura eta ospakizun herritarra ekarriko dizkigu herriko etxearen ondoko plazara, maiatzaren 31n.

Ekitaldiaren antolatzaile gara bertze hamaika elkarterekin partaidetzan. Elkarteen artean, elkarlanean, antolatutako besta egun herrikoi eta kulturala da; ez da sagardo dastatze sinplea; gure herri kulturaren ikur den sagardo kulturari gorazarre egiteko eguna da.

Euskal lurralde guztietan dugu sagardoa; hortaz, hango eta hemengo sagardo ekoizleak gonbidatzen ditugu. Bada hendaiar ekoizle ttipi bat, etxerako ekoizten duena eta badira sagardotegitik bizi diren ekoizle handiagoak. Dozena bat elkarte eta dozena bat sagardo ekoizle izan ohi gara partaide. Elkarte bakoitzak sagardo ekoizle bana izaten du mahaikide.

Bertsolariak eta musikariak dira txotx animazioaren eramaile; bertso, trikiti eta txaranga doinuak, kantua, dantza eta hurrup!

Edalontziak salduta ordaintzen ditugu sagardo eta animazio gastuak, eta pintxoen salmentarekin egiten da elkarteen urteko funtzionamendurako diru amiñi bat. Elkarlaneko aliantza baten funtsa elkarlanaren bidez denek onurak ateratzea izaten da eta horixe da xedea: sagar ekoizleak, sagardogileak, elkarteak eta kontsumitzaileak onurak eskuratzea, elkar hobeki ezagutzea eta arratsalde goxoa pasatzea. Antzina, bizirauteko zen edaria, egun, bestaren eta elkarretaratzearen ikur bilakatu da. Sagarra esfera baten itxurakoa izanik, sagarraren eratorria batasunaren eragile biribila dela pentsa genezake.

Egarria asetzeaz gain, nutrizio-ekarpenengatik ere estimatutako edaria dugu sagardoa gure historian. Ipar Atlantikoraino bakailaoa arrantzatzera edo balea ehizatzera joaten ziren euskal itsas espedizioetan biziki ondasun baliotsua zen. Ura ez zen edari segurua, geldirik egonik erraz usteltzen baitzen. Ardoa itsasontzietako ofizialentzat zen; haatik, marinelek egunero bi litro sagardo edateko eskubidea omen zuten. Erraten zenez, sagardoari esker, marinelek ez zuten eskorbuto gaitza biltzen. Sagardo ekoizleek itsasontziak sagardoarekin hornitzearen truke, balearen koipea jasotzen zuten, argiztapenerako erregai garrantzitsua izan zena.

Baleak elkarteak herri kulturaren pindarra hauspotzeko eta sagardoaren kulturak bizirik segitzen duela erakusteko baliatuko du eguna. Graduazio baxuko edaria da, freskagarria, eta sagarrak berekin dituen onura eta ezaugarri asko berekin ditu; neurrian edanez gero, ongizate ekarlea. Zatozte txotx eta hurrup egitera, maiatzaren 31n Hendaiara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.