Eslogan hau irakurri ahal izan dugu Zuberoako murruetan Martxoaren 8a kari: Menopausia errebeldea. Baina menopausia nola izaten ahal da errebelde?
Gure gizartean, menopausia guti aipatzen da; gehienetan, medikuntzaren ikuspuntutik, eritasun bat balitz bezala, sintoma zerrenda bati lotua. Eta, noski, laborategiek medikamentu eta tratamendu andana bat proposatzen dute efektu bakoitza sendatzeko.
Alta, XIX. mendera arte, aldi hori ez zen izendatzen. Egun ere zibilizazio batzuetan ez da hitzik horretaz mintzatzeko, ez baitiote inportantzia handirik ematen.
Funtsean, menopausia manera biziki desberdinez bizitzen ahal da. Baina usu, ezkorra den zerbait bezala pentsatua da, ugalkortasunaren bukaera baita gehienik baloratua. Neska bat egiazko emazte bat bilakatzen balitz bezala ama delarik.
Bestalde, menopausia guti aipatzen da, zahartzeari lotua baita. Emazteak beti gazte iduri behar bailuke. Zimurrik ez, bilo zuririk ez, gorputz fina eta tonikoa...
Orduan, Menopausia errebeldea esloganak erran nahi du menopausia ez dela gibelatze bat, baizik eta etapa bat. Gainera, menopausia askapen bat bezala bizitzen ahal da: hilabetekoetako trabak desagertzen dira, tripako eta bizkarreko minak, akidura, baita haurdun izateko arriskua ere.
Ez du erran nahi ukatu behar direla gorputzean bizitzen diren kanbioak eta agertzen ahal diren sintoma desatseginak. Baina horiek hobeki bizitzen ahal dira, eta ttipitzen ere bai, gehiago kontuan hartzen badira, eta ez bakarrik medikuaren bulegoko hormona tratamendu batekin. Erremedio naturalak existitzen dira, baina inportanteena, beharbada, denbora hartzea da, pausatzeko eta menopausian diren beste emazteekin mintzatzeko, baita gure inguruko pertsonekin ere: etxean, lanean, karrikan... Maleruski, gure gizarte kapitalistan ez dugu beti posibilitatea emekiago joan eta gure behar fisiologikoak errespetatzeko. Eta biziki errazkiago onartuko da haurdun den emazte baten pausatzeko beharra ez eta menopausian den emazte batena...
Bukatzeko, Menopausia errebeldea esloganak erran nahi du zahartzen garen emazteak ez garela itzalean ezarriko, gure gorputza erakusten ausartuko garela, zahartzearen seinaleak ezabatu gabe. Etapa hori ez da ahalke bat, baizik eta harrotasun bat biziaren esperientziak azkarrago, goxoago eta lasaiago egiten baikaitu.