Maria Ortega Zubiate

Lagunekin beti bai

2025eko apirilaren 25a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

«Honakok leihotik salto egiten badu, zuk ere bai?». Behinola esan zidaten hori, artean umemokoa baino ez nintzela, eta, harrezkero, harlauza pisutsu bat izan dut lepo gainean. Bueno, behinola-behinola ez, askotan esan didate. Ez dut gogoan galdera hori egin zidaten lehen aldia, ezta noren ahotik entzun nuen ere, baina badakit umezaroan hasita, gelditu barik errepikatutako galdera dela; ia erretorikoa, ezezko biribil batez baino ezin baitzen erantzun. Ia-ia agindua, norbere erabakiak, norbere nahiak izan behar direla azpimarratzeko. Eta ni zer egin ez nekiela, laguna bainuen maite. Eta lagunek egiten bainaute.

Umeei esandako esaldi bat baino ez da. Are, gerora konturatu naiz munduko esaldirik ohikoena dela, ume denok entzun dugula, eta zenbaitek haren oihartzunak lagatako harlauza ere konpartitu dugula. Esaldi inozo bat, baina mundu ulerkera argi bat islatzen duena. Norbera intromisio bariko izaki estanko bat dela erakutsi nahi ziguten, eta inguruak ezin duela baldintzatu norbere nahia. Giza harremanez eraikiko ez bagina legez; besteekiko harremanek gu egingo ez bagintuzte legez.

Oso kuriosoa egin zait, gainera, norberaren berezitasun horren alardean, lagunen «intromisio» hori toxizitate moduan identifikatu izan dela beti. Beraz, lagunak izatea ondo, baina beti euren tokian eta erabaki txarrik hartu barik badaude. Ze, lagun horrek erabaki txar bat hartzen badu, agian ez da horren laguna eta «hor konpon, Marianton». Sentsazio horiek ematen dizkit.

Ez dut esango munduaren noranzkoa gero eta indibidualistagoa dela, aspalditik baita horrela; aldatu dena neroni naiz, hazi eta kontzientzia hartuta konturatu bainaiz bakarrik ezin dela, baina lagunekin bai

Eta sentsazio horiek eman dizkie beste askori, nirekin batera harlauza hori daramatenei, baina desberdin. Askori entzun diet, oso modan dagoelako eta film introspektibo askotan errepikatzen delako, munduan bakarrik gaudela: bakarrik jaio eta bakarrik hil. Eta, hain zuzen ere horregatik, tarteko bidea ere bakarrik egiten dutela. Eta esan nahi nuke umeen kontuak direla, kontu hutsalak eta esaldi hutsez harago ez doazenak. Baina uste baino jende gehiagok itxiko luke leihoa lagunak salto eginez gero.

Eta hor nago katramilatuta. Ez dut esango munduaren noranzkoa gero eta indibidualistagoa dela, aspalditik baita horrela; aldatu dena neroni naiz, hazi eta kontzientzia hartuta konturatu bainaiz bakarrik ezin dela, baina lagunekin bai. Eta klixeak dira, eta esaldi ponposo arrosak dira, baina egia dira: bateko eta besteko lagunek eusten digute eta haiek egiten gaituzte gu.

Beraz, berriz ditxosozko galdera egingo balidate, orain ere ez nuke erantzun argirik izango. Ze, lagun batek leiho batetik salto egingo balu, nik ere ez dakit atzetik salto egingo nukeen, bertigo mandoa daukat eta. Agian, terraza bateko leiho bat balitz... Baina salto baten kasu hipotetikoan ipinita, eta saltorik egingo ez banu ere, behean itxarongo niokeela ziur nago. Eta ingurukoek eta nik delako sare hori botako genukeela ere bai, kolpea txikiagoa izan dadin. Ba, horixe: bakarrik ezin dela, baina lagunekin bai (bis).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.