Agur-agur! Pitxu berpiztu genuen 2022an, iduri baitzitzaigun Zuberoa euskaldunik ez dela existitzen folkloretik harago.
Ontsa badakigu Zuberoak zenbaiten makila xutiarazten duela, zuberotarrenena barne: mendi arteko jende guti horiek, üüüü-ka kantan eta frijat jauziz heldu direnak kultur tradizioa atxikitzera. Baina irudi horrekin aserik gara. Tresna ezinago onak eskaintzen dizkigu tradizioak, eta ez gara horien ontsa erabiltzeko gai izan euskararen biziarazteko jaietarik kanpo.
Hartako, egiazko murgiltze gune bat nahi izan genuen sortu, euskararen erabilpena gure biziko arlo guzietara zabal zedin. Bide horretan, hainbat eskaintza proposatzera entseatzen gara: liburu aurkezpenak, mus txapelketak, dokumental proiekzioak, solasaldiak, kontzertu gaualdiak... Ez gara bakarrak xede horren alde lanean ari garenak, beste hainbat elkartek ber bideari jarraikitzen baitiote. Baina jendeak xenda bihurgunetsua baino, autobidea nahiago.
Eta nola gauzatuko da murgiltzea, jenderik ez baldin bada murgiltzeko? Alkohola eta musika besterik ez denean, gazte tropa segurtaturik dugu... edo abantzu! Zeren formula baiezta dadin, ekimenaren giroak modako behar du. Zuberotar gazte badela badakigu, herriko bestetara edo borda galdu zenbaitetara aise joaten baitira, eta andana bat, gainera. Baina musika taldea ez bada ezaguna, sostengu gaualdi bat antolatzen badugu, ohiko koadrotik ilkitzen bagara... kuriositaterik ez zaie pizten.
Formatua seriosten denean, gure publikoaren adinaren batezbestekoa arrunt goratzen da. Agian, orotan zabaldurik den fenomenoa da... Sekula ez genuen usteko Pitxuren berpiztean gure aita-amak ziratekeela gaztetxeko kadira hutsak beteko zituztenak. Gure ekimenetarik bat hurbildu ahala ohartzen garenean gazteak ez direla jinen, aita-amei fite-fite galdegiten diegu hitzordua haien sareetarik helaraz dezaten. Eta hola bete ohi zaigu gela, Zuberoako aspaldiko militanteen bilo zuriz. Zahar etxe bilakatu behar ginateke kasik! Halere, esker beroenak helarazten dizkizuegu, bai baitakigu, gainera, zuek zaretela artikulu honen zuberotar irakurleak.
Pitxuk, pizturik deno, uzten du: gomit bat zuberotar gazteei gaztetxera haborotan agertzeko, euskararekiko duten harremana galdekatzeko. Pitxuk uzten du: dailu bat xenda bihurgunetsu horretarik gurekilan bide egiteko, kaparretan oraino arrunt desagerrarazi ez gaituzteno!