Jone Larrinaga Danobeitia

Jolastu nahi?

2025eko otsailaren 21a
05:00
Entzun

Ongi etorriak Gizartea deituriko jolas parkera. Interkonexio elektrikoaren beldurrezko trena, etxebizitzarako sarbidearen tonbola, erretiroaren 3D simulagailua eta, erdian, erruleta bat. Zure bizitzaren norabidea markatzeko errusiar erruleta. Jolastu nahi?

Biribil honek biztanle beste kutxatila ditu, eta, duten kolorearen eta tamainaren arabera, bizitza bat edo beste egokituko zaizu. Tamaina handienekoak dira pribilegio gehien duten etxetxoak, eta kolore bizienekoak zapalkuntzak ikusteko gai direnak. Suposatzen da ez dagoela gure esku erruletako orratzak zein gelaxkatan utziko duen bat; baina, jolas mahaiari erreparatuz gero, artaziak, errotulkiak eta bestelako materialak gainean utzi dituztela ohartuko zara.

Guztiek nahi dute tokatu ez zaien zerbait eta denek erreparatzen diote ondokoaren pribilegioari, denei iruditzen zaie bestea hobeto dagoela. Hala ere, gutxi dira haiek baino kutxatila txarragoan erori denari kasu egiten diotenak; eta, are gutxiago, haien bizimoduaren abantailak ahots gora onartzeko gai direnak

Jende ugari pasatu da zu baino lehen, eta entzun ditut, kanpora bidean, tokatu zaienaz kexatzen: «Bi pisu herentzian eta haien alokairuak kudeatu behar? Ea nola uzten duten etxea!», «Diru sarrerak Bermatzeko Errentarik kobratzeko baldintzarik ez? Nola ezetz, ni baino hobeto bizi den horri ere eman badiote!»... Guztiek nahi dute tokatu ez zaien zerbait eta denek erreparatzen diote ondokoaren pribilegioari, denei iruditzen zaie bestea hobeto dagoela. Hala ere, gutxi dira haiek baino kutxatila txarragoan erori denari kasu egiten diotenak; eta, are gutxiago, haien bizimoduaren abantailak ahots gora onartzeko gai direnak.

Konturatuko zinen oraingo hau ez dela jolasa, jokoa baizik. Nahitaezkoa eta izkin egin ezinekoa; beraz, galdera birformula dezadan: jokatzeko prest?

Burua mahaitik altxatu eta begirada zabaldu orduko ikusiko dituzu erruletaren orratza birarazten dabiltzanak. Aurretik aipatutako materiala zertarako den ere ulertuko duzu. Han ari dira batzuk, lehen kolorez aldatzen zen atal bat gainetik berde ilunez margotzen, gure basoetan pinua landatzearen onurez konbentzitu nahian edo. Berez txikiak ziren gaztaitxoak zati txikiagoetan mozten ari da trajedun beste bat, jokora sartzen den bakoitzeko atal bat sortu behar delako eta zati handia dutenek ez dutelako ezer galtzeko asmorik. Kolore gorriko gelatxoak elkarrengandik urrun mantendu nahian dena eta aldaketarik egin ez dezaten materiala lapurtzen dabilena ere han dira.

Mahai horren bueltan egin eta desegin dabiltzanak dira boteredunak, baina ez da inon ageri boterea zeinek izan behar duen arautzen duen kartelik. Hori gutxi balitz bezala, gutxi dira mahai inguruan dabiltzanak eta askorentzako lekua dago; jolas parketik atera ezin zarenez, denbora zerbaitetan inberti dezazun.

Jolas parke deitu dut gudu zelaia, badakit; baina hemen gertatzen direnak aldatzeko aukerak daude eta zuk aldatu ezean beste batek egingo du; beraz, galdera birformula dezadan beste behin: joko arauak aldatzeko prest?

Post data: tokatu zaizuna gustuko ez baduzu eta kexaz joan baino gehiago mahaira hurbiltzeko interesa piztu bazaizu, denon onerako aldaketa grinez daudenak identifikatzeko trikimailua emango dizut. Esan bi hitz hauek, eta parekoaren erreakzioaren arabera ondoan nahi dituzun edo ez jakingo duzu: herri mugimendua. A, eta kontuz infiltratuekin!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.