k Irati Fernandez Arbelaitz

Hanka sartu, otoi!

Plazara elkartea
2025eko apirilaren 11
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Martxoko arrats haizetsu batez bildu ginen dozenaka pertsona Urruñako herriko etxean Kike Amonarriz soziolinguistaren hitzaldia entzuteko. Ainize Madariagak Goiz Berri-n egin zion elkarrizketa mamitsuak ziur bat baino gehiago animatu zuela hitzordura. Kikek badaki gaiak umorez eta arintasunez kontatzen, eta oharkabean pasatu ziren minutuak bertaratutakoentzat.

Gurasoei mintzatu zitzaien bereziki, guraso euskaldun eta erdaldunei, bakoitzak seme-alaben euskararen jabetzean eta loratzean ukan dezakeen rola azpimarratuz. Erdaldunen kasuan, hizkuntza ezin dute transmititu, baina bai hizkuntzarekiko atxikimendua eta motibazioa. Nola? Euskararen ikasketarekiko interesa erakutsiz, haiekin batera ikasiz, etxean euskarazko musika, telebista, jokoak ukanez, eta etxetik kanpo, euskarazko aktibitateetara edo kultur ekitaldietara joanez...

Euskaldunen kasuan, aldiz, «zer ikusi, hura ikasi» egiten dute haurrek. Beraz, norbere praktiketan ere ezarri behar da fokua. Gurasoak haurrekin euskaraz ari badira, baina beren artean frantsesez, haurrek fite ulertzen dute euskara haurren hizkuntza dela eta gauza garrantzitsuak frantsesez egiten direla. Horrez gain, Kikek azpimarratu zuen familia guzietan aipatu behar dela hizkuntzaren gaia, zergatik dagoen euskara dagoen egoeran, nolako harremana duten gurasoek hizkuntzarekin, nola transmititu zaien edo nolako indarrak jarri dituzten hizkuntzara hurbiltzeko, eta zergatik nahi duten haurrak euskaraz aritzea.

Testuinguruari buruz ere aritu zen Kike Amonarriz, eta hainbat ariketa eginarazi zizkien agertutakoei: «Zuen ustez, zenbatekoa da euskara ulertzen dutenen proportzioa Lapurdin, BAM eremua kenduz?». Erantzun aski ezberdinak eman ziren, gehienak errealitatea baino apalagoak, hirutik bat baita euskaldun hartzailea Lapurdin. Pausatu zuen beste galdera bat: «Zuen ustez, zein dira jendeak ahal duelarik ere euskaraz ez aritzeko bi arrazoi nagusiak?». Gehien hautatu ziren erantzunak «inertzia edo ohiturak» eta «hanka sartzeko edo zuzen ez hitz egiteko beldurra» izan ziren. Kike Amonarrizek kontatu zuen bere hitzaldi guzietan gehien hautatzen den erantzuna lehena dela, edozein publikorekin: heldu, gazte, lizeo, administrazio... Aldiz, harritua zen bigarren erantzunarekin. Herri honetan euskara ikasteko egin den ahaleginarekin, gau eskoletan, familietan... Ahalegin sozial erraldoi hori egin ondoren, euskaraz ez aritzeko faktore nagusi bat hanka sartzeko beldurra izatea kezkagarria atzeman zuen eta umore handiz erantzun zuen: «Hanka sartu, otoi! (eta gero atera)».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.