Egunerokoan (karrikan, eskolan, kirol taldeetan ala lanean, komunetan, aldageletan, saltegietan, eta abar) eta administrazioan, gizabanakoak bi taldetan sailkatuak dira: alde batetik, emazteak; bestetik, gizonak.
Alta, munduko bazter orotan —Frantzian, Espainian, Euskal Herrian...—, gizabanako batzuek ez dute euren burua edo besteena ugaltze aparatuaren arabera identifikatzen (pertsona ez-binarioak, intersexualak, transgeneroak, transexualak...).
Maleruski, egunerokoan eta legearen arabera, nahiz eta pertsona batek bere bizian zehar egoera zibileko sexu izendapena moldatzea galdegiten ahal duen, ezin du sexu neutroa izendapena ezartzea galdegin.
Gaur egun, alta, munduko hamasei herrik onartzen dute genero ez-binarioa edo hirugarren sexua izendapena euren egoera zibileko idatzietan. Okzidenteko herrietan, aldiz, ez da oraino halakorik aipagai.
Sexu edo medikuntza egoerez kanpo, eta administrazioan, zer interes du ugalketa aparatuen araberako kategorizazio binario horrek?
Pertsona bat bere fisiko ala hautu pertsonalen arabera umiliatzeaz aparte, generoa izendatzeak ez du interes handirik. Alta, begi bistakoa da gaur egun gizabanako anitz auto-zentsuratzen direla izendatu zaien generoaren arabera, haien egiazko desirak bazter batean utzirik. Adibidez, haurren jostailu eta aktibitateak ohitura eta egia absolutuak bilakatzen dira adin batetik goiti: arrosa eta koloreak neska eta emazteentzat, eta, parean, urdina eta urritasuna mutil eta gizonentzat. Sorkuntza aktibitateak neskentzat, kirolak mutilentzat. Makillajea eta soinekoak emazteentzat, tresnak eta galtzak gizonentzat...
Jasan umiliazioaz harago, gure ohitura eta erranetan eta administrazioan gure buruak bi kategoriatan sailkatzen segitzeak ez ote du ahalbidetzen bi kategorien arteko indar harremana luzatzea, eta, ondorioz, bortizkeria sexista eta sexual batzuen iraupena ere ahalbidetzea?
Ez genuke gure kulotan gordetzen dena agerian ezartzeko beharrik ukan behar, soilik gure afera baita, gure sexu partaideena, eta, gehienez ere, gure medikuarena. Odol taldea dokumentu ofizial batean agertzeak ezinbestekoa dirudi, eta hil edo biziko afera da. Baina, egungo egunean, oraino beharrezkoa ote da generoa agertzea?