Erle Beltzaren Eguna

Mizel Setoain (Itsasuko Erle Beltza elkartea)
2025eko martxoaren 21a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Euskal Erle Beltzaren Kontserbatorioa 2012an sortu zuen erlezain talde batek, desagertzeko arriskuan dagoen espezie hori babesteko. Elkarteko kideak hiru ardatzen inguruan lanean ari dira urtean zehar: erle beltzaren gaitasunak indartzeko ikerketan eta hautaketan, erle beltzaren ondasuna errespetatzen duten erlezaintzako tekniken trebatzean, eta erle beltza babesteko apustuei buruzko sentsibilizazioan eta animazioen antolaketan.

Erleek funtsezko zeregina dute gure ekosistemetan. Ezinbestekoak dira lore askoren polinizaziorako, eta, beraz, funtsezkoak dira ekosistemen orekari laguntzeko. Laborantza munduaren eta lurraldeak dinamizatzen dituzten hainbat jardueraren muina ere badira.

Europan, beste leku batzuetan bezala, erle kolonien hilkortasuna kezkagarria da, duela hogei urtekoari konparatuz. Hori guzia, laborantza intentsiboaren, pestiziden erabilera handiaren eta paisaien sinplifikazioaren ondorioz.

Hego eta Ipar Euskal Herriko lurraldean, erle beltzaren ekotipo bat ageri da (latinez: Apis mellifera): Euskal Herriko erle beltza. Baserriko erlea da, bere ingurunera egokitu dena (batez ere, mendikora), milaka urtez, bere gaitasunei esker. Eta erle hibrido inportatuak ez bezala, ahulagoak dira. Horregatik, beste espezie batzuetatik datozen erleen inportazio handiek erle beltzaren koloniak hausten dituzte, hibridazioa eginez.

Hala, Euskal Herriko erle beltzak hainbat mehatxuri egin behar die aurre: lozerra, barroa, tratamendu kimikoak (neonikotinoideak eta halako intsektizidak), gertaera klimatikoak, beste erleekiko hibridazioa.

Erle beltza Euskal Herrian hobekien egokitzen den erle mota denez, funtsezkoa da haren kolonien zaintzea. Argiki, elkartearen helburua da erle beltza babestea eta garatzea, jendea trebatzea eta polinizaziorako erlearen beharra duten tokiko ekoizpenekin lan egitea.

Horretarako, elkarteak lan bat eramaten du erle beltzaren selekzioa eginez ERBEL federazioaren laguntzarekin, ERBELek baititu koordinatzen Euskal Herriko zazpi probintziak. Selekziorako lan horren helburua da irizpide ezberdinen lantzea erreginen gainean: portaera eta agresibitatea, barroaren kontrako erresistentzia, jarrera eta ezti ekoizpena.

Gaur egun, urtero hirurehun erregina inguru testatzen dituzte 30 erlezainek. Erregina batzuk ar ekoizle gisa hautatuko dituzte intseminazio artifizialeko programa batean. Urtero, zelulak (edo ernaldutako erreginak) eskainiko zaizkie interesa duten erlezainei, Euskal Herriko erle beltzaren hobekuntza genetikoaz balia daitezen.

Horrez gain, elkarteak urtean zehar trebakuntza anitz eskaintzen ditu erlezaintzan hasteko edo erlezain jakintsuen galderei erantzuteko. Hori guzia, kanpotik etorritako profesional batzuei esker. Bestalde, erle, erregina eta erlauntz salmenta ere egiten du elkarteak, erle beltza gero eta presenteago izan dadin Ipar Euskal Herrian.

Aurten, martxoaren 16an, Erle Beltzaren Eguna antolatu zuen elkarteak, seigarren aldiko. Egun hori biodibertsitaterako eta erlezaintzarako funtsezko ekitaldia da. Eguna lagunarteentzat eta familientzat izan zen, tailer pedagogikoak, bertako produktuen salmenta eta musika animazioak izan baitira.

Euskal Erle Beltzako kideek desagertzeko arriskuan dagoen erle beltza babesteko erronkez, gure ekosisteman duen funtsezko eginkizunaz eta biodibertsitateaz sentsibilizatu nahi dute, eta landare meliferoen laborantza eta pestiziden alternatibak sustatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.