Diglosiaz ele bi

Zabalik elkartea
2025eko martxoaren 14a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Otsail Ostegunen hitzaldi zikloa arrakastatsua izan da aurten ere (65-70 jendeekilako parte hartzea aldi bakoitz), eta artikulu hau baliatuko dugu gaualdi horietarik batean egin aipamenen hari baten tiratzeko. Urte oroz hitzaldietarik bat edo beste hizkuntzaren gaiaren alderdi baten jorratzeko parada izaten da. Alabaina, gure elkartearen jardunaren muina horretan datza.

Aurten Peio Berterretxe genuen alde horren mamian sartzen laguntzeko. Kabalkada batean parte hartzeko motibazioez egina du ikerketa biziki interesgarri bat Lekorneko kabalkadaren testuinguruan. Ikerketaren ondorioak ulertzeko, diglosiaren kontzeptuaz argitu gintuen, eta hau da gure gaurko gaia.

Zer da mamu hori?

Jendeak elebidunak edo elebakarrak garela ulertzen da, baina egoerak ez dira nehoiz elebidunak, komunikazio sailak oro, hemen, diglosia egoerak dira. Erran nahi du badela bi hizkuntzetarik bat funtzio eta legitimitate guziak dituena eta bestea haren menpekotasunean baizik ez dena bizi, derogazioz bezala, funtzioetan mendratua. Eta hau gurean euskara baita, paradoxikoki erran dezakegu mendratua eta denbora berean goratua dela. Goratze horrek ez du nehondik ere menpekotasuna dudan ezartzen, konpentsatzen baizik, eta hondarrean «normalizatzen».

Diglosia ez da egoera estatikoa, dinamikoa baizik, aitzinatu ahala hizkuntza menperatuari uneak eta guneak mendratzen dizkio, gatazka baten fruitua da, gatazka isila, mutua, «baketua»... Ez bagatzaizkio parez pare jartzen, ez badugu izendatzen, ez badugu den bezala tratatzen… gureak egina izanen du halako batean!

Beraz, diglosia ikusteko bista zorroztu behar da, barnean mainatzen garelako, gure praktikek normaltzen, lausotzen, ikusezintzen baitute gehienetan. «Akomeatzen» gara, oroz gain behar baita bizi, batean hau baliatuz, bestean bestea, komenentzien arabera eta komunikazio egoera gatazkatsuak ez baikaitu gustuan uzten… «Berdin euskalduna naiz gero, hor frantsesez ari izanik ere, euskaraz segitzen dut beti badakizu!» ... «Eta euskara ez dakienari ere behar zaio hurbildu, gurea esplikatu, eta hortakotz, ez gara beti euskaraz ariko» letania hau denek entzuna dugu politikari abertzale zentzudunen ahotik…

Diglosiak badauzka mila aurpegi: frantses hutsean aritzen garelarik alabaina, baina baita euskara hizkuntza sinboliko gisan ezartzen dugun aldi oro ere, eta gehiago dena, euskara hutsez pentsatuak direnetan ere. Blaitzen gaitu. Bere gurpil zoroan preso gauzka.

Orduan zer egin horrekin? Eszenatoki hori nola uzkaili?

Euskaraz hitz egitea anitz da deia, baina ez da aski, egoeraren kontzientzia gehitu behar zaio, gatazka agerian ezartzeko. Eta agian kontzesiorik gabe euskarari eremu berriak sortzen ahalegintzea etengabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.