Auzoa hil da

Artetxea elkartea (Izturitze)
2025eko otsailaren 21a
05:05
Entzun

Mixel Amade izturiztarra, Xantxotea etxeko etnologia erakustokiaren sortzailea hil da. Mixel Amade, Euskal Herriko kulturaren eta historiaren maitalea, pertsonaia garrantzitsua izan da euskal ondarearen gordetze alorrean. Haren bizitza eta lana, bereziki Xantxotea etxean antolatu etnologia erakustokiari esker, euskal kulturaren transmisioan funtsezkoak izan dira. Xantxotea, Izturitze herri erdian kokatu etxea, etxe bat baino gehiago izan da: etxe eta kultura gune bat, Euskal Herriko ohiturak eta ondarea zaintzen eta ezagutarazten lagundu duena.

Mixelek ikasi zituen lehengo ohiturak, eguneroko bizimodua, baita hizkuntza ere, sortzez ez baitzen euskalduna. Bere etxean, altzari zaharrak, aspaldiko laborantzako tresnak eta beste ondare objektu anitzen biltzen hasi zen, denak beren jatorrizko erabilerarekin eta balioarekin atxikiz. Ohartu zen herri honen tradizioak eta berezitasunak ahanzten direla, eta kultura gal daitekeela, gizarte modernoak geroz eta gehiago baztertzen dituelako, horregatik zuen bere etxean erakustoki baten sortzea erabaki.

Xantxotea erakustokiaren bidez, Mixelek jendea euskal jatorrietara hurbilarazi zuen. Bisiten antolatzen hasi zen, bisitariek tresna eta objektu zaharrak ikusi eta hunkitu ahal izan zituzten, Mixelen solasek bizia ematen ziela... Etxean bildu gauzak ez ziren ikuskizun soil bat. Euskal laborari etxeetako tresnak, egurrezko kutxak, edo artzaintzako tresnak arras erabilgarriak eta funtsezkoak izan baziren ere garai batean, gaur egun museoko pieza bihurtu dira. Xantxotea etxeak, halaber, garai bateko bizitzaren sinpletasuna azaltzen zuen, euskal herrialde honen arima eta bihotza.

Xantxoteak xutik jarraitzen du, Mixel Amadek hasitako egitasmoa gorpuztuz. Euskal Herrian erro sakonak dituen etxe horrek erakutsi digu zein garrantzitsua den gure kulturaren inguruko memoria zaintzea eta gure tradizioak ezagutzea. Iragan astean Mixel zendu da, eta kezka sortzen da Xantxotea eta bere gisako lekuen etorkizunarekin. Nor izanen da orain kulturaren transmisio hori jarraituko duena? Nor izanen da, Mixel bezala, gure ondarea zaindu eta galdu ez dadin lan eginen duena? Euskaldun guztiok dugu erantzukizuna, bakoitzak eragin dezakegu gure elkarteetan engaiatuz.

Milesker, Mixel, gogoeta hauek berriz pizturik. Auzoa hil da, Xantxotea xutik da eta ondareak bizirik iraunen du!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.