Goizeko zazpiak, Boulevard Saint Laurent, Montréal, Quebec. Elurra paltzaka hegatzetarik danba lurrera erortzen da han, hor. Hobe azpian ez gertaturik. Hotz litzake Zuberoan, baina epel Quebeceko otsailean. Hemen gaude Darlene Gihuminag autoktonoarekin Lurretik lurrera ikuskizunaren ematera jinak, euskaldun bi eta hango emazte kantari indartsua. Hemen ematekoa eta gero EH World Tour Hebentik elkartearen baitarik! Gaspesiakoa da sortzez eta biziz, Mikmak naziokidea. Hitz handia agian doi-doia bizirauten duen komunitate urri batentzat. Baina daudenak zutik, eskuz eta hitzez beren Maamegew-Amalurra defendatzen. Atabala lagun kantuz hasten delarik lurra ikaran sendi da, gure lurra, denen lurra, funtsean. Gogoa alhan nabil karrika luze horretan. Gu ere han, Euskal Herriko Siberia-Zuberoan autoktonoak ote gara? Nor da arrotza, norberaren etxean has daitekea arrotz herria, arrotz bere lurretan?
Erromes batek kontainerrak zabaltzen ditu ea deus atzematen duen goiz zuri honen berotzeko. Burua altxa eta soa trukatzen dugu: amanda begia du, nik segidan «indiano» identifikatzen dut, ene betiko klixeak buruan, Siting Bull ikusten dut parean, gutiago ez, lumarik gabe haatik… Western filmez biberonatu gaituzte alabaina, eta kutsadura hau barna inprimaturik daukagu, Zuberoako «indianoen» lurreraino! Urrundu eta gogoa alhan: eta ni nor naiz harendako? Zuri, cowboy horien ondokoetarik, edo etxe bero batetarik heldu den burges tripotes soila? Ez jakin baina autoktono horiek egunero gogoan ditut, Montrealera itzultzeko gomita jin zitzaigunetik. Ni ere ote naiz indigena? Zer da autoktonoa? Gerra guziak galdu dituen nazio kide ume xumea? Oraino bizi den munduko hiritar bat, Donald Musk eta Elon Putinek gure burmuina ehunez ehun kontrolpean eduki arte?
Kafe bero eta xokolatina Mont Royal karrikako ostatuan. Gela zokoan aldizkari bat zabalik: «...Adami Inuit gaztearen etxe hotz eta hitsean mahai bat soilik. Familia joana, sua itzalia, etxe barnekoa, halaber bihotz barnekoa. Alkohol botila bat, baso bat eta paretan bi koadro, bere ez hain aspaldiko bi irudirekin. Lehena ehiztariz jantzia, anoraka, hamik botak, hil duen karibua lahardekatzeko prest. Bestea, kostuma soineko serioz jantzia, negoziatzaile, Quebeceko ministroarekiko bilkura egunean...».
Agian ez da izanen goiz honetan ikusi dudan erromesa… Natow. That's all.