Maria Ortega Zubiate

Aro baten amaiera

2025eko otsailaren 14a
05:00
Entzun

Moskun, 1991n, ordura arteko dena amaitu zela jakin omen zuten lehen McDonald’sa zabaldu orduko. Kilometroko ilarak izan zituzten, Plaza Gorritik kilometro eskasera. Nago gure herrian ere nabarituko dugula noiz amaituko den dena, gaztetxe bateko plantxan egindako azken ogitarteko hotza jaten dugunean. Ez dakit azaltzen bien artean zein den lotura zuzena, baina bataila galduen klubeko kide diren sentsazioa dut, eta haiekin bat, gure herria.

Badabil mamu bat, Euskal Herrian barrena, bidean harrapatzen duena zonbi bihurtzen duena, edo zuzenean eskeleto. Eta nabaritzen ari gara, gure herrietan elkargune, biltoki, bestelako mundu bat eraikitzeko guneak errenka baitoaz, zonbiak legez; edota zuzenean, haien eskeletoen biltzaile bihurtu garelako. Baina bat gehi bat ez da beti bi izaten, eta hau ez da edozein iragan hoberen aldeko apologia bat, ezta onaren eta gaizkiaren arteko irakurketa anakroniko bat ere, ez mesedez: itxura denen araberako aro baten amaieraren kronika bat baino ez da.

Edo hori izan nahiko luke, bederen. Izan ere, sentsazioa daukat, horregatik mamu berba, ez bainaiz gai kontua mamituago azaltzeko, aro baten amaierara hurbiltzen gabiltzala, edo behintzat, orain arte ezagutu duguna galtzear gaudela. Egitura zahar batzuk biziberritzen ahalegintzen gabiltzala etengabe, baina egitura jada ez dela eusten. Eta jausiko dela. Eta ez dakit, agian jausi behar du.

Batzuetan gauzak hiltzen laga behar dira berriro eraikitzeko. Hiltzen ari denaren eta biziberritu ezinaren penatan bizitzea baino hobe izango da, kontizu

Sareez ari naiz, elkargintzako lekuez, uneez. Herrigintzaren posta kodea duten egiturez, jendearen izerdiz sortu diren milaka eta milaka ekimenez, herria bera egin duten eremu abstraktuez. Badirudi Mosku hil zuen mamu horren oldarraldiei eutsi dietela urterik urte; jende berriz hornitu direla, indar freskoz eta gogoz. Baina azkenaldi honetan kili-kolo dabiltza. Oldarraldiak ez dira gelditu, baina egiturak berak ditu orain arrakalak, zuloak, gabeziak, azken finean: pluralean pentsatzetik singularrean pentsatzera pasatu gara asko eta askotan, eta interes komunak bigarren geratzeak zartatu ditu egiturok. Eta dagoeneko ikusi ditugu lehen elkarteak jausten, lehen sareak desagertzen; edota nabaritu ditugu urteroko lau ekitaldiak baino egiten ez dituzten taldeak, betiko lau kideak baino ez dituztenak. Eraikitzetik, borrokatik eta ekitetik eustera eta defentsara pasatu direla, alegia.

Berbok ez dira nostalgia ariketa bat, ez dira seinalamendu bat; batez ere, eta ziurrenik, ez delako polita ispiluari berba zatarrak esatea. Berriro diot, sentsazio baten eta historiaren irakaspenen harian baino ez doaz. Horregatik diot egitura batzuk jausiko direla, eta, are, agian jausi behar dutela. Batzuetan gauzak hiltzen laga behar dira berriro eraikitzeko. Hiltzen ari denaren eta biziberritu ezinaren penatan bizitzea baino hobe izango da, kontizu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.