Soinu guziek badute garrantzia Madda Luzzirentzat (Genova, Italia, 1985). Bereziki, etxeko kafe makinarenak. Ttipitatik izan du soinuekiko —eta harrabotsekiko— interesa, eta ofizioa ere bilakatua zaio, musikaria baita. Anitzek akordeoilari gisa ezagutzen badute ere, ez da musikaria bakarrik: Antropologia eta Soziologia ikasten ari da, eta podcast bat grabatzen hasia da: Donne. Baionako Santa Gurutzeko ZUP auzoko emazteen boza grabatu du, beren bizipenak konta ditzaten. Gehienak migrazioaz mintzatu zaizkio, baita auzoko biziaz ere.
Gazte-gaztetan hasi zen Luzzi soinuak eta ahotsak grabatzen. Grabatu zituen lehen istorioak Bigarren Mundu Gerran Italiako erresistentzian parte hartu zuten partisanoenak izan ziren. «Gaztea nintzela, ikusgarri batzuetan musikan ibiltzen nintzen, eta bagenuen proiektu bat Italiako erresistentziako kantuen inguruan; horrela hasi nintzen partisanoak elkarrizketatzen. 14 urte nituen, eta banindoan haien bizipenak grabatzera, gero horietatik abiatuz eraikitzen genuelako gure ikusgarria», kontatu du.
Kontzientzia feminista ere badu Luzzik, eta, podcast bat grabatzekotan, argi zuen emazteen ahotsei lekua egin nahi ziela. «Emazteen boza ez da aski entzuten gure gizartean, ez da gauza berria hori erratea, baina hala da oraindik ere», erran du. Baionako Santizpiritu auzoan bizi da Luzzi, eta hortik hurbil den Santa Gurutzeko ZUP auzoko Artotekafe gune sozialean ibiltzen hasi zen pandemiaren ondoko hilabeteetan. Han, emazte anitz ezagutu zituen, auzotarrak, eta proiektuari forma ematen hasi zitzaion, emeki-emeki. «Ideia bat, gero beste bat, Antropologia eta Soziologia ikasketak berriz hasi, auzo horretan denbora pasatu, emazteak ezagutu, gero eta podcast gehiago entzun... Eta horren guziaren batuketak eman du Donne proiektua». ZUP auzoan bizi diren emazteak grabatzen ari da, eta helburua da aurten hedatzen hastea.
Historia, beheretik
ZUP auzoko emazteak ezagutzen hasi zenean, Luzzi ohartu zen gehienek migrazioarekin loturiko bizipenak bazituztela. «Emazteak eta bereziki emazte migratzaileak ez dira ohartzen beren bizien eta beren kontakizunen balioaz; horregatik, hasieran, zaila izan da grabaketak egitea. Ez zuten interesik ikusten». Gogoan du elkarrizketatu nahi izan zuen lehen emazteak ezezko borobila eman ziola, erraten baitzuen bere bizipenek ez zutela kontatuak izatea merezi. Nolanahi ere, gogoan zuenarekin aitzina segitu zuen Luzzik, eta, oraingoz, sei emazterekin izandako elkarrizketak grabatzea lortu du. «Behin lehena izanda, errazagoa da besteengana joatea, emazte batek bestearen bermea egiten duelako», esplikatu du.
«Emazteak eta bereziki emazte migratzaileak ez dira ohartzen beren bizien eta beren kontakizunen balioaz; horregatik, hasieran, zaila izan da grabaketak egitea. Ez zuten interesik ikusten» MADDA LUZZIAntropologia ikaslea
Antropologia eta Soziologia ikasleak hasieratik argi zuen «sekula eta nehon entzuten ez direnei ahotsa ematea» zela Donne-ren helburua, uste baitu, hain zuzen ere, horiek dutela historia eraikitzen. «Historia eraikitzen ahal da jende xehearen bidez, beheretik, eta uste dut askoz ere interesgarriagoa dela historia hori, jeneralena eta enperadoreena baino. Historia jende arruntak egiten duela ikusten badugu, anitzez ere errazkiago pizten ahal digu historiak interesa, eta ulertu zer jokatzen den, nolaz iritsi garen hona...». Are gehiago, Luzzik pentsatzen du historiaren kontakizuna usu emazteei lekurik utzi gabe egiten dela: «Historia irabazleek egiten dute. Pentsa hor emazteek eta, bereziki, emazte xumeek zer leku duten...».
Bakoitzaren bizipenak biltzeko eta elkarrizketak bideratzeko, eskema bat prestatua du Luzzik, denei ber galderak pausatzeko. Elkarrizketatu dituen emazte ia guziak atzerrian sortuak eta denak jatorri desberdinekoak dira. ZUP auzora noiz eta nola arribatu ziren galdegin die, baita auzoan pasatu dituzten lehen urteak nola bizi izan dituzten ere. «Batzuk aspaldi etorriak dira, duela hogei bat urte; beste batzuk, berriz, pandemia ondotik arribatuak dira. Batzuek eta besteek ez dute batere kontakizun bera egiten», adierazi du Luzzik. Emazte gisa auzoan duten lekuari buruz ere galdetu die.
Halere, solasaldiak gehiegi bideratu gabe egiten saiatzen da, «hitza askatzen» uzteko. «Batzuetan, elkarrizketak batere aurreikusia ez nuen bide bat hartzen du, eta, halakoetan, uzten ditut mintzatzen, sorpresak gertatzen ahal baitira. Pazientzia behar da, eta, aldi berean, behar da amore ematen ikasi; batzuetan gelditzen jakin behar da, eta gauza batzuen dolua egin behar da. Hamar minutu gehiago utziz gero beste zerbait ateratzen ahalko zela? Beharbada bai, ezin da jakin», trenkatu du.
Bazter auzoa, erdigunera
Baionako ZUP auzoaren errealitatea kontatzea izan da Luzziren beste helburuetariko bat. Argi du auzo horren inguruan aurreiritzi eta estereotipo anitz badirela. «Auzoa ghetto egina dute. Hemendik kanpo bizi direnek uste dute auzo hau basa oihan bat dela. Pentsatzen dute hona etortzen badira bipildurik eta bizkarrean ganibet ukaldi batekin aterako direla. Nahi nieke auzotik kanpo bizi direnei erakutsi auzo hau ez dela uste dutena, arras bestelako errealitate bat dutela hemengoek», xehatu du Luzzik.
«Lanean diskriminazioa jasan dugu helbidea auzo honetakoa dugulako; gizonek gehiago, delinkuentziarekin lotzen zituztelako. Nire anaiak hori bizi izan du, nik gutxiago. Halere, baratzezaina izan aitzin, ardura postu batzuetan ibili nintzen, eta jendea harritua zen ZUPeko emazte bat postu horietan ikusteaz» SONIA RUIZBaratzezaina
Aurreiritzien kontra egiteko, auzoan bizi direnen eta auzoan bizi izan direnen kontakizuna bildu nahi izan du. Sonia Ruiz baratzezainak auzoan pasatu du haurtzaroa, eta hura ere elkarrizketatu du Luzzik Donne podcasterako. «Hemen bizi nintzenean, dena normala zen, ez zen arazorik, eta ez nuen uste beste lekuetan bizimodua desberdina zenik. Gero ohartu nintzen kanpoko jendearen begietan gure auzoak duen irudiaz», esplikatu du Ruizek. Auzoaren inguruko estereotipoek ondorioak eragiten dituzte bizitza profesionalean, Ruizen arabera. «Lanean diskriminazioa jasan dugu helbidea auzo honetakoa dugulako; gizonek gehiago, delinkuentziarekin lotzen zituztelako. Nire anaiak hori bizi izan du, nik gutxiago. Halere, baratzezaina izan aitzin, ardura postu batzuetan ibili nintzen, eta jendea harritua zen ZUPeko emazte bat postu horietan ikusteaz».
Luzzik Ruiz grabatu zuenean, bereziki auzoaren bilakaera izan zuten hizpide. Ruizek eraldatzen ikusi du auzoa, eta uste du botere publikoen borondate faltagatik «itxi» dela. «Egin dituzten politiken ondorioz, auzoa arrunt itxi da. Hemengo gazteak ez doaz sekula Baiona erdialdera. Eta joatekotan, erraten dute 'bagoaz Baionara', ez dute erraten 'bagoaz erdialdera', beste herri batekoak balira bezala», deitoratu du.
Ruizentzat, alta, ZUP auzoak «energia sortzaile» handia du, eta uste du, besteak beste, Artotekafe gune sozialak eta Graines de Liberte elkarteak bultzatzen dutela hori. Emazte gisa, argi du auzoko emazteek «biziarazten» dutela lekua. «Gehienak amak dira, eta energia ikaragarria baliatzen dute beren haurren hezteko, auzoan elkarbizitza sustatzeko eta elkartasuna plantan ezartzeko. Nahiko nuke auzo honetaz mintzatzean ama horietaz mintzo bagina».