Zuberoan mintzapraktika taldeak garatzen dira, eta irakaskuntza gogoetagai bilakatu da

Joan den asteartean egin zuten bilkuran, aditzaren inguruko gogoeta talde bat sortu zuten. Mintzapraktika taldeak martxan dira Alozen, Liginagan, Maulen, Gotainen, Urdiñarben eta Barkoxen.

Mauleko Gau Eskolaren iragan astearte iluntzeko bilkura, gogoeta taldea abiatzeko. XIBEROKO GAÜ ESKOLA
Mauleko Gau Eskolaren iragan astearte iluntzeko bilkura, gogoeta taldea abiatzeko. XIBEROKO GAÜ ESKOLA
Joanes Etxebarria.
Maule
2024ko azaroaren 1a
05:00
Entzun

Ez zen saldoa handi, baina iragan asteartean Mauleko Gau Eskolako egoitzan taldeño bat bildu zen gogoeta bat abiatzeko: aditzaren irakasteko manera desberdin batez motibaturik egin zen deialdia, eta, azkenean, konstatazio bat mahai gaineratu zela kontatu du Niko Guiresse Gau Eskolako langileak: sentitzen dela «gauza batzuk desagertzen» ari direla, «bai hiztegi mailan eta bai aditz mailan; aditz trinkoaren baliapenean, adibidez». Gogoeta taldeak, aste honetako bilkuran, balizko bideetan barnatzeko hitzordua finkatu du hilabetean behin. Ondoko bilkura azaroaren 26an eginen dute, 19:00etan, Mauleko Gau Eskolan, eta hilabetero azken asteartez bilduko dira.

Gau Eskolako kurtsoetan, ikasturte berri honetan, 70 zuberotar izatetik ehun ikasle izatera jauzi egin dute. Horietan anitz gazteak, eta aipagarria zaio Guiressi horietarik anitzen «lagunak euskaraz ari direlako nahi luketela euskara ikasi». Datua baikorki aipatu du irakasleak, baina kurtsoz kanpoko eremuetan ikasleek duten eskasiak mintzapraktika taldeen beharra agerian uzten du, haren ustez: «Ikasleek urteak iragaten dituzte gau eskolan, baina sentitzen dugu badela ments bat gau eskolaren eta karrikaren artean. Mintzapraktikak zubi bat bezala dira hizkuntzaren normalizazioaren bidean». Azken urteetan, maiztasun eta dinamika desberdinekin biltzen dira taldeak Alozen, Liginagan, Maulen, Gotainen eta Urdiñarben, eta berriki Barkoxen ere talde bat sortu da.

Urdiñarben, herritarrak

Bospasei urte dira Urdiñarben dozena erdi bat herritar astez aste herriko ostatuan biltzen direla euskara praktikatzeko Beñat Negeluaren inguruan. «Hastapenetik garbiki eginik zen euskara badakitenentzat baina mintzatzera ausartzen ez direnentzat», erran du Negeluak. Gaztetan ikastolan izan baina geroztik euskara praktikatu ez duena edo gaztetan Parisera joan eta erretretan itzuli den herritarra biltzen dira, besteak beste, talde horretan. Negeluak argiki bereizten du talde horretako xedea AEKren kurtsoetatik: «Guk ez dugu gramatika edo deus egiten, ez gara horretan ari. Bakarrik mintzatzen eta mintzatzen».

Bakantzetan salbu, Urdiñarben ostiral oroz juntatzen dira oren batez euskaraz mintzatzeko. Negeluaren «lotsa handiena» zen denborarekin frantsesera lerratuko zirela, baina ez du halakorik ikusten; «badakite zertara horra diren», gehitu du. Urdiñarbe herri euskalduna bada ere, hark ulertzen du euskaraz mintzatu nahi duten batzuen zailtasuna: «Urdiñarben, halarik ere, jendeek euskaraz badakite, eta dakitenek biziki ontsa ematen dute eta ongi dakitenek ez dituzte menturaz gutxi dakiten horiek ontsa laguntzen». 

«Urteak iragaten dituzte gau eskolan, baina sentitzen dugu badela ments bat gau eskolaren eta karrikaren artean»

NIKO GUIRESSEMauleko Gau Eskolako irakaslea

Euskara praktikatzeko momentu bat sortzea da taldearen lehen xedea. Baina, denborarekin, Negeluari iduri zaio beste dimentsio bat ere hartu duela ostatuko hitzorduak: «Herrian egiten du gune bat euskararendako besteen aitzinean, eta inportantea dela iduri zait euskaldun bezala agertzea». Ondorio baikorra ere badu, haren erranetan, usu frantsesa entzuten den herriko ostatuan anitz haiengana euskaraz aritzera joaten baitira. Beste herrietatik ukan dute galdera nola plantatu ziren, eta urdiñarbetarrak juntatu izan dira Maulen, Atharratzen eta Barkoxen esperientziak partekatu eta talde berriak abiarazteko. 

Mintzapraktika taldeak ezinbestekoak dira, Guiressen ustez, errealitateari buru egiteko: «Hizkuntza zapaldua eta osagarri txarrean baita. Bortxatuak gara halako tresnak plantatzea normalizazio batera arra jiteko». Hilabeteko azken asteartez sortuko den espazio berria, aldiz, ez da, Guiressen erranetan, «arrunt ber publikoarendako; gune bat izanen da eztabaidatzeko eta itzalguneak argitzeko». Aditzaren inguruan segidarik ukan ez zuen lanketa batean barnatzea aipatu dute, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.