Zapatagina

Mikel Cazenave: «Zapatak arraberritzea politikoa da»

Cazenavek zapatak arraberritzen eta sortzen ditu Baionako Atelier Roseau zapata lantegian. Nahiz eta egungo kontsumo eredu nagusia produktu bat erostea eta botatzea den, zapataginak etenaldia inposatzen dio erauntsi horri, arraberritzean baita gakoa.

Mikel Cazenave zapatagina, Atelier Roseau tailerrean. PATXI BELTZAIZ
Mikel Cazenave zapatagina, abuztuaren 28an, Baionan, Atelier Roseau tailerrean. PATXI BELTZAIZ
Xalbat Alzugaray
Baiona
2024ko irailaren 15a
05:00
Entzun

Mailuxka kolpeen eta zapata soken artean pasatzen du eguna Mikel Cazenave zapataginak (1993, Baiona) Baionako Pannecau karrikako 12. atarian, Atelier Roseau lantegi ttipian. Zapatagin zaharrago baten segida harturik, zapata arraberritzean eta sorkuntzan ari da Euskal Herritik kanpo ukan esperientzietatik abiaturik. Edozein zapata arraberritzea posible dela azpimarratu du Cazenavek.

Noiz instalatu zinen Baionan?

Badu bi urte eta hiru hilabete murru hauen artean nagoela. Baina segida hartu dut duela urte bat. Obrak egin ondotik, elektrizitatea eta ur hodiak ongi konpondurik, urtarrilean hasi nintzen lanean. Didier Coissarderen segida hartuz, lantegi arraberrituan.

Nola sortu zitzaizun zapatagintzan sartzeko gogoa?

Ene lehen marrazkiak sei urterekin egin nituen, eta zapatak marrazten nituen. Ene aitatxi Dassault enpresan ari zen lanean, eta harekin marrazten nituen autoak eta zapatak asteazken arratsaldean. Hortik, 9 urterekin edo, aski ongi nekien nora nahi nuen joan. Ikasketak ideia horrekin egin ditut. Rene Cassinen nintzen lizeoan, eta ondotik unibertsitate diploma lortu nuen Mekanika Ingeniaritzan. Compiegneko eskola batean sartu, eta laugarren urteko ikastaroa Adidas enpresan egin nuen, Alemanian. Teknikoki, ingeniarien marrazkiak hartu, eta horiek moldatzen nituen. Gero, zazpi urtez egon nintzen Decathlonen, Lillen.

«Gazteak sartzen ari dira zapatagintzan gauzak aldatu nahian eta ulertuz zaharren jakintza iturria»

Eta Baionan finitu zenuen bidaia.

Bai. Zapataren parte bat ezagutzen nuen bakarrik, eta parte hori industria handikoa zen. Decathlonen ez nuen ikasi zapata baten ekoizpen prozesu orokorra zein zen. Nahi nuen jakin zapata bat hasieratik finitzeraino nola egin zitekeen. Horregatik, Soulor enpresara eta bertze hainbatetara joan nintzen jakiteko zapatak nola egiten ziren. 2016tik terrorista ekologikoa naiz.... Konbentzitua naiz zapatak arraberri daitezkeela eta aterabide bat badagoela, beti. Ondorioz, Decathlonetik atera eta zapatagintzako gaitasun agiria lortu nuen Naoneden, zapata sorkuntzan. Hain zuzen, ene azken ikastaroa Coissarderen lantegian egin nuen. Gaur egun, ene helburua da Coissard ahal bezainbat babestea lanbideen arriskuen kontra eta hark transmisioa egitea. Gure gaia zapata da: zapatak berritzen ditugu, zaurituentzat egiten ditugu zapata ortopedikoak, eta zapatak sor ditzakegu.

Alta, arropa bezala, zapatak Europatik kanpo ekoiztuak dira, nagusiki.

Zapaten %90 baino gehiago Asian barna eginak dira, baina zapata arraberritzea aldatzen ari da. Gazteak sartzen ari dira arlo horretan gauzak aldatu nahian eta ulertuz zaharren jakintza iturria. Hor, lotura bat egin behar da belaunaldien artean. Euskal Herrian galdu dugu zapatagintzaren jakintza. Frantziako Estatuan hiru herritan atxikia izan da zapatagintzari buruzko jakintza, baina bertzerik ez dugu. Espartinak badakigu egiten, baina bertze gauza handirik ez, eta dena ezin da espartina izan.

«Diru guttiago gal dezake jendeak, eta berritzean produktua bera salba dezakezu, baita tokiko kontsumoa bultzatu ere»

Gaurko kontsumoa ikusirik, zapatak zikin ontzira botatzeko ohitura aldatzen ari da?

Ene ustez, zapatak arraberritzea politikoa da. Orokorki, BPG gehiago sortzen da erosketa bat eginez. Adibide gisa, Birkenstock markak bere zapatak arraberritzeko dena saltzen du; hots, zapataren parte guziak eskura ditzakegu. Zapata berritu bat egiten dugu 30 edo 50 euroren truke. Uste dut jendeek, oro har, ez dakitela hori egin dezaketela, Birkenstocken webgunean ez baita nehor zuri errateko «zoaz zure zapataginarengana zure zapatak berritzera». Merkea eta teknikoki eskura dugu dena. Diru guttiago gal dezake jendeak, eta berritzean produktua bera salba dezakezu, baita tokiko kontsumoa bultzatu ere. Horregatik da politikoa zapatak arraberritzea.

Uste duzu jendea prest dela zapata pare on bat kario erosteko?

Ez dut batere erantzunik horren inguruan. Gaur egungo lansari minimoa ikusirik eta zer zailtasun diren eguneroko bizian, alokairua edota janaria pagatzeko, zaila da galdegitea jendeari berrehun euro baino gehiago zapata pare batean ematea. Nik jendeari nahi diot erran eguneroko zapatak arraberri daitezkeela eta posible dela kasik dena egitea! Sekulan zapatak ez badira konponketarako diseinatuak, ikusten dugu zer egin dezakegun; eskain dezakegu zapataren diseinua pixka bat aldatzea arraberritzen dugularik. Hor, elkarrizketa bat dago bezeroarekin, eta, hartu-eman hori ongi pasatzen delarik, egiazki dena konpon daiteke. Produktua salbatzen duzu zikin ontzira bota baino!

Zer zailtasun ukan dituzu enpresa sortzerakoan?

Ez dira bakarrik gauza positiboak zapatagintzan. Uste dut lanbidea gehiegi erromantizatu dela. Batzuetan gauza matematikoak dira soilik, pauso finko batzuekin, eta ez da jendeak uste duen bezain ederra. Ez da ahantzi behar zaila dela ikastea zer den enpresa bat, dosierrak egitea, eta, zehazki, nire kasuan bederen, jakitea hori dena kudeatzen. Alde administratiboa aski pisua izan daiteke batzuetan. Baduzu zure eguneroko lana eta bada mamu hori hor denbora mugatu horretan kudeatu behar duzuna. Zailtasuna da sistema ulertzea. Orokorki, aktibitatea sortzen duzularik, dirua bazterturik ukan behar duzu dena ongi joan dadin. Dena neurtu behar da: alokairua, lan administratiboa, makinen mantentzea, eta, azkenean, gelditzen dena gelditzen da zuretzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.