Zamakoitzia, 1936ko euskal iheslari errepublikanoen aterpea, Arrueta-Sarrikotan

Otsailaren 22ko gaualdian Arrueta-Sarrikotako Zamakoitzia aipatzera jinen da Irungo Kepa Ordoki taldeko Joxan Elosegi. Espainiako gerla biharamunean hor aterpetu ziren ehun bat euskal errepublikano.

Zamakoitzia
Arrueta-Sarrikotako Zamakoitzia etxe aitzinean, urtarrilean, Irungo Kepa Ordoki taldeko lagunak. ZABALIK
Iñaki Etxeleku.
2024ko otsailaren 2a
05:00
Entzun

Arrueta-Sarrikotako Zamakoitzia etxeaz bazuten zerbait entzunik Amikuzen, baina deus guti. Urtarrilean, Irungo (Gipuzkoa) Kepa Ordoki memoria taldearen bisita ukan zuten, eta bertara joan ziren. Zabalik elkarteko lagunekin gertatu edirete horretarik sortu da Donapaleuko laugarren otsail osteguneko aipagaia.

Hola baitute jakin Amikuzeko euskal kultur elkartekideek Espainiako 36ko gerra ondoan, «1937 eta 1940 artean, ehun bat iheslari hor aterpetu» zirela, Arrueta-Sarrikota Zamakoitzian. Francoren diktaduratik ihesi joatera beharturik, euskal errepublikanoak ziren, «gehienak Hondarribi eta Irun aldekoak». Hala dio Zabalik elkartean otsailaren 22an Kepa Ordoki taldeko Joxan Elosegik eginen duen hitzartzea aurkezterakoan.

Zamakoitziako denbora hori ezagutu zuten guziak zenduak dira, eta «alabaina, ez dute kontatu», esplikatu du Mattin Irigoienek. «36ko gerlatik eta gerla guzietarik landa anitz gauza galtzen» baitira, «protagonistek ez baitute kontatzen ahal; sustut galtzaileek». Ez du kentzen Kepa Ordoki taldeak orduko berri jakiteko lana eraman duela eta badela informazio zabaltzeko.

Jaurlaritzaren gerizpean

Irun eta Hondarribiko frontean errepublikanoen aldean ari izanak ziren ehun bat euskaldun horiek «eskapatu behar izan zuten, ez hiltzeko» eta Arrueta-Sarrikota Zamakoitzian ukan zuten aterpea.

Ihesean zen orduko euskal gobernuak «Eusko Jaurlaritzak laguntzen zituen pixka bat», jarraitu du Irigoienek, «alokairua behar baitzuten pagatu». Komunitate bizi bat bezala plantan eman zuten Zamakoitzian, «beren buruzagiarekin eta asanblada istorio». Eusko Jaurlaritzarekin harremana atxikitzen zuten.

Inguruko amikuztarrekin ere harremana sortu zen, nolaz ez, «jatekoa behar baitzuten, eta lanean». Horretarako eskubiderik ez baitezpada ukan gabe ere, «etxe batzuetan bazituzten obra batzuk eginik», Irigoienek jakin duenez, «esku langileak baitziren».

Errefuxiatu horien artean bertsolari ezagun bat ere bazen: Joxe Mari Lopetegi (1875-1942). Zamakoitzian berean hil zen Lopetegi. 1940an hustu zuten etxea, «baina bizpalau gelditu ziren Zamakoitzian, eta hor berean ehortziak izan zirenak». Lopetegi ezaguna egin da, besteak beste Joseba Tapiaren medioz, Agur Intxorta maite diskoko bi bertso andana harenak baitira. «Lehena partikularki ederra eta interesgarria da».

Zabalik elkarteak ez du amore eman, eta Arrueta-Sarrikota aldeko adineko zenbait jenderekin dakiten apurra kontarazi nahi die, 1937ko garaian lauzpabost urte baitzituzten. «Auzo bezala, haiekin bi solas egin nahi ditugu jakiteko zer ikusi duten eta zer entzun». Otsailaren 22ko gaualdian zerbait aurkezteko esperantza dute. Lopetegi familian bada oraino bertsotan ari den bat, eta etorriko da gaualdira. «Arrutan ere badugu bertsolari bat», salatu du Irigoienek, «eta menturaz bizpahiru bertso eman dituzte bukaeran Irun eta Sarrikota arra lotzeko».

JOXE MARI LOPETEGI
Joxe Mari Lopetegi.

Amikuzeko memoria

Memoria lan horrek guziz bat egiten du Zabalik-ek aspaldiko urte hauetan daraman lanarekin. «Etxetiargoaz ala Nafarroako historiaz eginkizun hori hartua dugu bulta honetan; Amikuzen izan duten inportantziaz». Baxenabarren, Donibane Garaziko Zitadelan egon ziren 1936ko errefuxiatuen kasua ezagunagoa da. Gursko (Okzitania) kanpamentura igorriak izan ziren franko. «Badugu lekukotasun bat, baño, Gurstik berriz jin zela Sarrikotarat», jakinarazi du Irigoienek. Ikustekoa litzateke, bestalde, erbesteko Eusko Jaurlaritzaren artxiboetan ala beste, Zamakoitziako herexarik agertzen denetz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.