Bihar, Aiziritzeko kirol gelan eginen dituzten topaketetan, Yoseikan Budo arte martzialaren erakustaldia emanen dute. Hatik, AMETS Arte Martzialen Euskal Taldeen Sarea taldearentzat argi da ez dela indar erakustaldia. Sailkapenik ez da izanen, medailarik ere ez. Aitzineko topaketetan, abantzu berrehun ikasle bildu dituzte armekin, eskuz edo lurrean borrokatzeko Yoseikan Budoak dituen modalitate desberdinetan. Borrokan eta epaile lanetan ikasleak ariko dira, AMETS sarearen pedagogia berezi bat duen seinale.
AMETS sareko hamabi elkarte badira Euskal Herrian gaindi: Etxarri-Aranatzen, Altsasun, Berriozarren, Atarrabian, Erandion, Baionan, Urruñan, Azkainen, Bidaxunen eta Isturitzen, besteak beste. Pagolako bere etxean berean du dojoa Jose Perezek, laurogei bat ikasleren trebaketa mota desberdinak egiteko. Perezek argi dio txapelketak ez direla elkarte horietan helburu, eta topaketan antzematen dutela inportanteena zaiena: hots, «borroka lantzea manera bat» dela «karakterea edo jitea lantzeko eta beldurrei pare egiteko». Haurrik gazteenak eta kirol egokitua, goi mailako helduak eta hasi berriak, denak juntatzen dira topaketa horietan. Urtean lau antolatzen dituzte, Euskal Herri osoan.
Armekin, esku hutsezko borroka eta lurrekoa, denetarik eginen dute Aiziritzen. Buruko kolpeak salbu, arrunt debekatu baitituzte, eta «hori negoziaezina» da, Perezen erranetan. 14 eta 18 urte bitarteko gazteetan motibatuak direnentzat, GBH (Gerriko Beltza Helburu) taldea sortu dute AMETS sarean: «Gazte horiek gero instalatuko dira, edo profesional bezala, edo boluntario bezala. Badute formakuntza teknikoa, talde inteligentziari buruzko formakuntza ere bai... Gaitasun desberdinak lantzen ditugu», zehaztu du haien irakasleak. GBH taldeko kideak izanen dira, preseski, Aiziritzeko topaketako epaileak.
Euskal Herrian zentratuak
Beste kiroletan ez bezala, Yoseikan Budoko euskal ordezkariek Frantziako eta Espainiako federazioetatik bereizirik garatu dute bostehun bat kideko sare zabala. «Mugaz gaindiko elkarte bat gara, eta erabaki dugu autonomian bizitzea, proiektua Euskal Herrian zentratuz», Perezek erran duenez. Euskaraz, gazteleraz eta frantsesez ari dira elkarte desberdinetan.
«Hezkuntza sistema bat da, gorputzean oinarritua. Horregatik erraten dugu AMETS gorputz eskola bat dela».
JOSE PEREZYoseikan Budo irakaslea
Nazioarteko antolaketa mailan AMETS sareak ere leku bat duela segurtatu du Perezek, Yoseikan Budo «laborategia» sortu zuen Mutxizuki familiako aholkularia baita hura, eta Gorka Perez Ihidoi, haren semea, nazioarteko pedagogia zuzendaria. Izan teknika hobetzeko ala pedagogian barnatzeko, Euskal Herriko kideek nazioarteko profesionalen arteko topaketetan parte hartzen dute urtean hiruzpalau aldiz, Yoseikan Budoa denen artean hobetzeko helburuarekin.
Lehiaketetan, AMETSeko kideak Euskal Herriko ordezkari gisa ari dira, onartzen zaienean: «Parisen arrano beltza atera genuen eta Frantziako Federazioarekin kristoren arazoak izan ziren. Eslovakian, aldiz, ez zen arazorik izan. Munduko Federazio barnean AMETS sarea ezaguna da, parte hartzen dugu, eta lehiaketa antolatzen duten herri batzuek onartzen gaituzte Euskal Herri gisa; beste batzuek, ez», argitu du Pagolako irakasleak. Baina haien kideen artean, txapelketan parte hartzen dutenak %5 inguru direla kalkulatzen du Perezek.
Gorputzetik heziketa
Pagolarrak argi utzi nahi du ez direla txapeldun sortzaileak; nahitara zorroztasun maila jaitsi zuten parte hartze zabalagoa kausitzeko: «Hezkuntza sistema bat da, gorputzean oinarritua. Horregatik erraten dugu AMETS gorputz eskola bat dela».Bere dojoan astez aste ikusten dituen laurogei bat ikasleetan, Perezek baditu kirol egokitua egiten dutenak, adin tipiko haurrak edo maila handiko borrokalariak.
Biharko topaketa erakustaldia izanen da Yoseikan Budoaren teknika ikusi nahi duenarentzat: lehenik belaki ezpatak, esku huskako borroka gero eta lurreko borrokan ariko dira azkenik adin desberdinetako borrokalariak Aiziritzen.