Xüxenka, beste saltegien bidetik

Abenduaren 13an irekiko dute Xüxenka ekoizle saltegia, Maulen. Eredu bereko hainbat saltegi dira Ipar Euskal Herrian; horietan dira Ortzaizeko Kaiku Borda eta Donapaleuko Tokiko saltegiak.

Sarrikotapeko Xoko Berri etxaldea
Sarrikotapeko Xoko Berri etxaldeko Benjamin Paladin eta Melanie Halin baratzezainak, Mauleko merkatuan, azaroaren 23an. J.E.
Joanes Etxebarria.
Maule
2024ko abenduaren 6a
05:05
Entzun

Maulen izanen da ondokoa, abenduaren 13an. 1994an sortu zen laborariek kudeatu lehen saltegia, Donibane Lohizunen: Baserri. Gero jin dira besteak, emeki-emeki. Sortu berria Mauleko Xüxenka saltegia da: 11 etxaldetako erakusleihoa irekiko dute, heldu den ostiralean. Beste saltegiak eredutzat hartu badituzte ere, hutsetik abiatu dute proiektua. 

Bi baratzezain, fruitu eta azafraia, txerrikia, behikia, gasna mota desberdinak...; 11 etxaldeetatik mozkin desberdinak eramanen dituzte Euskalduna jatetxe parean irekiko duten dendara. Duela bi urte hasi ziren gogoetan, Euskalduna jatetxeko jabeak pareko eraikina erosi eta ekoizle saltegi bat sortzea proposatu baitzien bere inguruko laborariei. Horietan zen Muskildiko Agerregoihenea etxaldeko Olivier Ximitx, Xüxenka taldeko presidentea. «Hutsetik sortu nahi genuen, baina ezagutzen ditugun saltegi horien izpirituari bermatu nahi ginen», oroitarazi du Ximitxek. Mozkinen kalitatea zentroan ezarri zuten hastapenetik, «mozkin biologikoak, Idokin parte hartzen dutenak eta AOP lekuko labelen inguruan direnak» lehenetsiz.

«Ideia ez da Baiona edo Pauen saltzea, nahiz eta ekonomikoki bideragarriago litzatekeen»

OLIVIER XIMITXXuxenka taldeko kidea

Beste saltegi gehienetan bezala, Euskal Herriko Etxe Ekoizleen Elkartearen laguntza ukan zuten gogoetak bideratzeko. Plan ekonomikoa, marketina, arautegiaren adostea... Epe luzeko proiekzioetan aritu dira salmentara abiatu aitzin, eta, Benjamen Paladin taldeko baratzezainaren ustez, xedea azkarturik atera da: «Ez bagina lagunduak izan, beharbada lehenago irekiko genuen, baina ez zen proiektu hain solidoa izanen».

Interesak, kolektiboan

Gisa bereko saltegietan, zaharrenetan da Ortzaizeko Kaiku Borda. Goikoetxea eltzegilearen murruetan plantaturik, urteetan laborari taldea aldatu dela kontatu du Jean Michel Urruti Armendaritzeko Xotildeiako baratzezain eta fruitu ekoizleak; haren ustez, giltza interes pertsonala da: «Kolektiboa da, baina halako saltegi batean sartzeko, behar duzu interes indibidual bat. Bestela, akitzen zara, eneatzen zara, eta uzten duzu». Xüxenkan parte hartzeko hautua esplikatzean, Paladinek erran du Melanie Halin lagunarekin mozkinak Sarrikotapeko Xoko Berri etxaldetik ahal bezain hurbil saldu nahi dituztela: «Ideia ez da Baiona edo Pauen saltzea, nahiz eta ekonomikoki bideragarriago litzatekeen, prezioak ez baitira batere berak han eta hemen». Mauleko merkatuan dira larunbat oroz, eta Xüxenka saltegia ireki ondotik ere hala segituko dute.

«Ideia ez da Baiona edo Pauen saltzea, nahiz eta ekonomikoki bideragarriago litzatekeen»

BENJAMIN PALADIN Xüxenka taldeko kidea

Tokiko Donapaleun 2018an sortu zuten. Urte berean Behauzeko Isakenian baratzezaintzan hasi zen Amaia Elixiri, eta, hastapenetik, baratzekiak Tokikon saltzen ditu, «arrautza guztiak ez saski berean emateko». «Egia da inportantea dela leku desberdinetarik saltzea; leku batean ez bada ontsa martxatzen ere beste lekuan segitzeko saltzen», erran du. Konfinamendu garaian kontsumoa lekuko eta kalitatezko mozkinetara bideratu zenez, Tokikok «biziki garapen ona ukan zuen», Elixiriren erranetan. Baina konfinamendu ondoko beherakadak konfirmatu zuen salmenta gune desberdinek ekartzen duten oreka.

Xüxenka laborarien saltegia
Xüxenka saltegiko laborari partaideak, artxiboko irudi batean. MATHILDE BETACHET

Arautegi zorrotzak

Eredua, logikoa den bezala, berdintsua da saltegi desberdinetan. Lekukoak eta kalitatezkoak izan behar dira Xüxenkan salduko diren mozkinak, «ahalaz» label edo markadunak, Ximitxen hitzetan, baina beste gisakoak ere onartuko dituzte: «Ez baita aise marka horietan sartzea, barne arautegi bat ezarri dugu biologikoaren eta Idokiren arautegietatik ontsa iduri zaizkigun arau guztiak kontuan hartuz». Taldeko 11 etxaldeetako laborariek baldintzak betetzen badituzte ere, arautegiak epe luzean ildo beretik segitzea bermatu nahi luke: «Arau oso zorrotzak ezarri ditugu, sekula berantago norbait sartu nahi bada ez deliberatzeko bakoitzaren arabera, arau finkoen arabera baizik», gehitu du Ximitxek.

«Arra gogoetatu behar izan dugu gure eskaintzaren inguruan, eta mozkin berri gehiago sartu ditugu» 

AMAIA ELIXIRIDonapaleuko Tokiko saltegiko laboraria

Printzipioa bera da Kaiku Bordan ere. «Motibatzen gaituena laborantza ttipia da. Horrek baditu alde onak eta txarrak», Urrutiren arabera. Nahiz eta kooperatiba batek kalitate arauak errespetatu, haren mozkinak ezin dira saltegian izan, arautegiak etxalde soilak baizik ez baititu onartzen, adibidez. Arauak zorrotz dira, Urrutik argitu duenez, «arriskua baita denborarekin gauza aisetan erortzea». Ortzaizeko eramaile taldean izan dira, preseski, saltegitik joan diren laborariak eta sortuz geroztik sartu direnak ere, baina arautegiak bermatu du beti ber heineko laborantza eta mozkinak ordezkatuak izatea.

Laborariak komertzioan

Elkarrizketatuak izan diren lau laborariak ados dira: komertzioarekin, sudurra ofizio berri batean sartu dute. Xüxenka taldeko kideak aipatzean, haatik, Paladinek ez ditu zaku berean sartu familiaren esparruan plantatu laborariak eta besteak: «Saltegi bat beste zerbait da. Familiaren esparruan direnentzat gauza anitz aldatzen ditu. Familiaz kanpoko esparrutik heldu direnentzat, berriz, lehenago ukan duten lanaren arabera gertatzen da: nik jatetxe bat kudeatu izan dut, eta ez dut gauza anitz ikasi behar izan». Esker onekoa da, halere, Etxe Ekoizleen Elkarteak bideratu formakuntzetan marketinaz, irabazi garbiaz edo saltzaile baten enplegatzeaz bildu informazioak baliagarri izan zaizkiolako. 

Sarrikotapeko Xoko Berri etxaldea
Sarrikotapeko Xoko Berri etxaldeko Benjamin Paladin eta Melanie Halin baratzezainak, Mauleko merkatuan, azaroaren 23an.
J.E.

Tokikon gogoetak ez ziren saltegiaren sortzean soilik gertatu. Elixirik konfinamendu ondoko salmenten beherakada aipatu du: «Jendea gutxiago jin zen; ez dakit zeri lotua izan den. Arra gogoetatu behar izan dugu gure eskaintzaren inguruan, eta mozkin berri gehiago sartu ditugu. Gure komunikatzeko manera eta saltegiaren antolaketa arra gogoetatu ditugu». Aldaketen ondorioa ona izan dela gehitu du: aurten «berriz ontsa martxan da saltegia», behauztarraren arabera. «Erregulartasuna» da giltza, Elixiriren ustez. Lehen, urtean saltegia hiru egunez irekitzen zuten, eta orain, egun oroz, enplegatu duten saltzaile bati esker. Erregulartasuna da mozkinetan ere, «hilabete guztiz haragia proposatuz detailean, zatika», adibidez. Elixirik dioenez, horri esker bezeroak ere erregularragoak bilakatu dira.

«Xede kolektiboa da, baina halako saltegi batean sartzeko, behar duzu interes indibidual bat»

JEAN MICHEL URRUTIOrtzaizeko Kaiku Borda saltegiko laboraria

Komertzioaren arauak, batetik; etikarenak, bestetik. Kontrajarriak dira, Paladinen ustez, eta erran du Mauleko saltegi xedearen eramaileen artean eztabaida luzeak ekarri dituela: «Usu, laborariek etika azkarra dute, baina etika usu alde ekonomikoaren kontra doa. Aldi oro etikaren eta alde ekonomikoaren artean kurtsorea kokatu behar da, alde batera edo bestera. Bakoitzak posizio desberdinean kokatzen du kurtsore hori», argitu du. Eztabaidak bai, baina pataskarik ez, baratzezainak segurtatu duenaz, denek «ikuspegi komuna» dutelako.

Kaiku Borda
Ortzaizeko Kaiku Borda saltegia. GUILLAUME FAUVEAU

Saltegi gehienetan saltzaileak enplegatzen hasi dira arrakasta kausitu arau. Xüxenkan abenduko irekitze egunak oro laborariek berek segurtatuko badituzte ere, urtarriletik goiti saltzaile bat ukanen dute denbora erdiz; beste irekitze orenak ekoizleen esku geldituko dira. Tokikok ere saltzaile bat badu, baina ostegun goizetan laborariak dira saltegia atxikitzen dutenak; Kaiku Bordan, berriz, bi saltzaile dituzte azken denboretan.

Soa epe luzera

Sarrikotapeko Xoko Berri etxaldea Trebatu egiturak laguntzen du, Paladin eta Halinek lehen urtea baitute baratzezaintzan; trebatze fasea bururatzean, etxaldea erosteko lehentasuna ukanen dute. Haientzat, «anbizio handiko» urratsa izan da baratzezain ibilbidea hasi berritan Xüxenkan parte hartzea. «Gure ekoizpenaren %90 merkatuan saltzen dugu, baina, gure soldatak ateratzeko, ekoizpena emendatu beharko dugu. Merkatuaren eta saltegiaren artean gehiengo handia saltzea espero dugu», esplikatu du Paladinek.

Epe luzera so egitean, beste ikuspegi bat nagusitzen da Ximitxen gogoan, bezeroekiko harremanak ekarriko duen paradaz baliatzea pentsatzen baitu, besteak beste, xerriki ekoizle denak: «Gauza berriak, errezeta berriak bezala, entseatu nahiko ditugularik, kontsumitzailearen iritzia zale ukanen dugu. Hori beste helburu bat zen».

Abenduaren 13an hasiko duten salmenta mota berrira heltzeko egin bidea onuragarri izan zaio Paladini. Taldekideak guttienez astean behin biltzen dira astez aste, «saltegiaz mintzatzeko, baina norberaren etxaldeaz eta bakoitzaren komertzializazioaz ere bai, eta elkar ezagutzea barnatzen dugu. Saltegia irekitzean, ez dugu zailtasunik ukanen besteen etxaldeaz mintzatzeko», segurtatu du baratzezainak.

Kronologia

  • 1994:

     Baserria Donibane Lohizunen.

  • 1997: Basaburuko Saskia Itsasun.

  • 2006: Kaiku Borda Ortzaizen.

  • 2009: Belaun Alduden.

  • 2011: Gohetx Irurin.

  • 2016: Xixtroak eta Farmily & Co Interneten.

  • 2017: Hurbil Senperen eta Sabaia Larzabalen.

  • 2018: Zarea Hazparnen eta Tokiko Donapaleun.

  • 2019: Elika Ezpeletan eta Eztika Donibane Garazin.

  • 2021: Lekuko Laborariak Izura-Azmen.

  • 2024: Xüxenka Maulen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.