Joan den astean Hendaiako karriketan nenbilela, harriturik egon nintzen Walt Disney karrika aurkitzeaz. Ez, ez da halako bulebar erraldoia, ez! Xumea da, diskretua. Omen, zazpi ipotxen karrika hurbil dauka, erran didatenez. Baina bere karrika badu. Hemingway Iruñean, Hugo Pasaian, Disney Hendaian...
Geroztik ene buruari galdezka ari natzaio: zergatik ote karrika bat Walt Disneyri Hendaian? Inoiz hortik pasatu zena? Ez zena gure herritarrik omentzeko, guretzat inportanteagorik? Karrika izenak ematerakoan zergatik ez aplikatu zero kilometro printzipioa? Hendaian zuen bere farmazia Ximun Haran zenak. Txillardegik ere denbora bat pasatu omen zuen herri horretan.
Wikipedian sartu naiz herriko pertsona ospetsuen zerrendaren aztertzeko (bilaketarako hizkuntza euskara, noski, frantsesezkoan ondoko jendeak ez baitira existitzen): Estefana Irastorza, Amets eta Maddalen Arzallus, Miren Artetxe, Maddi Ane Txoperena. Ez da zerrenda zabala, aitortzen dut, nik hautatuak baizik.
Artetik errateko, ez dut Lander Garrorik, ez Eider Rodriguezik, ez Aurelia Arkotxarik atzeman euskarazko Wikipedian...
Abadiak ez dakit ere karrikarik baduen. Alta, zenbat egin ote du eta zenbat diru utzi gaur egun herriaren atrakzio nagusienetarikoa den Abadiako eremu horren zaintzeko. Lissardy karrika badu Hendaiak, baina ez dut uste poeta denik ohoratu nahi izan dutena.
Joan den igandean Mattin Irigoieni entzun dizkiogun Sarriren hitzak datozkit bururat:
«...Zer geratuko da gerorako? Leku izenak agian, ez besterik: Ursouia, Itchasou, Irouleguy, Aussurucq eta Tchoko Maitia...».
Hendaian, Walt Disney eta Zazpi ñañoak.