Josu Martinez zinegilea: «Ustez euskararen alde ari direla diotenek ere gustatuko ez zaizkien gauzak entzun behar dituzte, eta horrela eginen dugu aitzina»

Josu Martinezen 'Bizkarsoro' filma Euskal Herriko zazpi lurraldeetako zinema geletan estreinatuko dute, gaur.

JOSU MARTINEZ
Josu Martinez, Baigorrin, 2023ko irailean. GUILLAUME FAUVEAU
Iñaki Etxeleku.
2024ko urtarrilaren 12a
05:00
Entzun

Menturaz, lehen aldia da osoki euskaraz egin film luze bat Euskal Herri guzian egun berean estreinatuko dena. Hala gertatuko da gaur Bizkarsoro – Frantzia sortua zen. Frantsesak sortzea falta zen bakarrik filmarekin. Gasteizen, Durangon (Bizkaia), Tolosan (Gipuzkoa), Baiona Atalanten, Donibane Garaziko Vaubanen, Altsasun (Nafarroa) eta Mauleko Maule Baithan zabalduko dute gaurtik goiti. Josu Martinez zuzendaria (Bilbo, 1986) kontent da, eta badu esperantza atarikoa izatea ondoko aldietarako.

Euskal Herri osoan estreinatzeak zer erran nahi du?

Esan nahi du zazpi probintzietan estreinatuko dugula.

Zertan da berezia?

Uste dut lehen aldia dela. Orain arte biziki gutitan lortu dugu hori egitea. Gehienetan, Hegoaldean ateratzen dira filmak, eta Iparraldean, berantago. Lortu dugu egun berean kontrolgunearen bi aldeetan egitea; ez da erraza izan, baina inportantea zen.

Zerk egin du lortu izana?

Funtsean, filma gurea izateak. Eman dezagun, Irati eta horrelako filmak salduak izaten dira banatzaile handiei, eta gero zailtasunak badira. Bizkarsoro guk, Gastibeltzekin ekoiztu baitugu, eskupean genuen, eta banatu dugu. Gure asmoa bereziki Euskal Herrian erakustea izan da; beraz, ez gara joan beste gauzen xerka.

Zinema gelekin lan berezia egin behar izan duzue?

Ez, betiko lana. Baina, aldi honetan, aski kontent gara, Iparraldean usaian programatzen diren euskal filmak baino gehiago programatuko baita. Lortu dugu ez izatea gaualdi bat bakarrik leku bakoitzean, baizik eta filmari xantza bat ematea.

Aurreaurkezpenek izan dute eraginik?

Donostiako Zinemaldian eman zen, eta, gero, Donibane Lohizuneko nazioarteko festibalean. Nik uste hor ohartu direla Xabi Garat [Donibane Lohizuneko Le Select zinema gelako zuzendaria] eta zinemetako jendeak film honek hunkitzen ahal zituela jende anitz. Aurkezpen egun horretan, Donibane Lohizuneko zinema gela betea zen, eta biziki ederra izan zen: bostehun pertsonako gela eder bat da, eta gehienak euskal herritarrak ziren, bai, baina ez euskaldunak. Biziki hunkia zen jende guzia, txoke baten gisa ukan zuen. Oroitzen naiz nola batzuek erran zuten: «Historia hori egia da!». Gizon bat, zaharra, hasi zen euskaraz mintzatu nahian, ez zen arribatzen, eta frantsesez hola erran zuen: «Film horretako haurra ni naiz!», eta negarrez hasi zen. Xabi Garatek ere ikusi zuen inportantea dela gai hau lurralde honetan ongi programatzea, balioko baitu honetaz mintzatzeko; giro euskaltzaletik kanpo jende anitz ez dela gai honetaz kontziente. Badut esperantza debatea piztuko duela.

Nolabait, jakina baina isildua den errealitatea zineman irudikaturik agertzeak sortzen baitu txokea?

Beharbada hori da. Ez dakit aipatuak ez diren gauzak jakinak diren, zinez. Espainiako gerra zibilean gertatutako gauzak jakinak ziren beharbada, baina filmak eta historiak ateratzen hasi ziren arte halako isiltasun bat zegoen. Nire ustez, jende anitzek badu sakonki konplexu bat euskaldun izatearekin, baita euskaltzale munduan ere. Horretarako, inportantea da aipatua eta eztabaida izan dadin. Guk uste baino sakonago sartuak daude ideologia batzuk sinetsarazten digutenak badirela hizkuntza batzuk besteak baino kultuagoak, inportanteagoak. Euskararen berreskurapenean funtsezkoa da gauza horiek aipatuak izan daitezen eta lehen lerroan emanak izan daitezen.

«Nahi genuke filma ez bakarrik jende euskaltzaleak ikustea; min horiek entzun ditzatela besteek ere, eta hortik ateratzen ahal dira, zinez, truke interesgarriak»

Baikortasunaren eleek mugak erakutsi dituztelako?

Beti aipatzen da euskara erakargarria, sexya eta ez dakit zer izan behar dela, sare sozialetan izan behar dela... Segur, ez da dudarik, baina ez dut uste dena horretan jokatzen den. Inportantea da jendeari bihotzera mintzatzea. Euskararekin, gramatika bat baino gehiago, kultura bat baino gehiago transmititzea. Erran nahi du euskararen zapalkuntza ere kontatzea; eta jendea zapalduen alde jartzen da. Bestela, ahaztu egiten dugu. Unibertsitatean, nire ikasleek adibidez, ez dute batere presente euskara gutxitze egoera batean denik; ohartzen direlarik, txoke bat egiten die. Iparraldean, Seaskatik kanpoko eskola batzuetan ere erakutsi dugu filma eta jendeak flipatu egiten du.

Auzitegi batzuen «oldarraldia» Hego Euskal Herrian, Beskoitzeko ikastolaren debekua Ipar Euskal Herrian eta euskara gibel ari inkesta soziolinguistikoan. Testuinguru horretan ateratzen da Bizkarsoro. Filmak eta testuinguruak zer ekartzen diote batak besteari?

Duela bost urte hasi ginen film hau egiten eta, orduan, aspalditik datorren ideia da. Helburua zen gaia plazan ematea: euskara ez dela fenomeno meteorologiko batengatik hiltzen ari, edo amatxi xahar bat bezala zaharra delako; euskararena ez dela heriotza naturala, baizik eta heriotza programatu bat dela. Denbora luzean estalita gelditu zen historia da, eta ahaztuta. Azkenaldian, bai Hegoaldean, bai Iparraldean izan diren gertakari batzuek berriz ere azaleratu dute errealitate hori. Beskoitzeko ikastolako gertakariak, erraterako, erakusten du Bizkarsoro-k kontatzen duen historia gaur egungoa dela. Funtsean, gibelean dago ideologia hori, non uste den hizkuntza edo hiztun batzuek beste batzuek baino eskubide gehiago dutela.

Eztabaida zinema gelara ekartzea da xedea?

Nahi nuke horretaz mintza dadin eta parada eman dezan gatazka sortzeko, edo gatazka badela erakusteko. Inkesta soziolinguistikoak agerian eman duena aipatu duzu, eta erran behar da borroka bat dela eta denek asumitu behar dituztela beren hautuak. Ezin da guztia kontsentsuz egin, eta momentu batean euskararen kontra ari direnei erran behar zaie: «Ikastolaren kontra ari zarete, zuek uste duzue frantsesa euskara baino gehiago dela». Inportantea da gauza batzuk entzun ditzaten. Gertatu delako jadanik, badakit batzuei ez zaiela filma gustatu, eta biziki kontent naiz horrekin. Horretarako ere ona izanen da, inportantea baita horretaz mintzatzea itotzen gaituen kontsentsu horretatik kanpora. Ustez euskararen alde ari direla diotenek ere gustatuko ez zaizkien gauzak entzun behar dituzte, eta horrela eginen dugu aitzina.

Eztabaida hori auziarekin lotura zuzena duten bi estatuetan barna zabaltzeko menturarik ba ote da, Bizkarsoro dela medio?

Hasiko gara Euskal Herritik, eta gero, ikusiko. Nahi genuke, bistan dena, baina ditugun ahalak ditugu. Film hau bost urtez egin dugu, herritarren laguntzari esker. Ilargi bat behar bagenuen, zurginek ekartzen ziguten Manitou bat sei-zazpi metro gora ilargi bat emateko; lurrez bete behar bagenuen plaza, zortzi laborari bagenituen lan horren egiteko. Horrela egina izan da filma, herritarren artean. Hori du bere indarra. Baina nahi genuke filma ez bakarrik jende euskaltzaleak ikustea; min horiek entzun ditzatela besteek ere, eta hortik ateratzen ahal dira, zinez, truke interesgarriak.

Herritarrek eginik izateak gaiari zerbait ekarri dio?

Argiki. Herri zinema da. Batetik, ez baitut deus asmatu, eta historia horiek guziek lekukotzetatik bildu baititut. Bestetik, aktore gehienak ez direlako profesionalak; haiekin lan egitea, haiek hautatzea pertsonaia bakoitza nork jokatuko zuen biziki prozesu ederra izan da. Azkenean, sentitzen zuten ari zirela beren burua errepresentatzen, eta horrek ekarri du indar bat, egiazkotasun bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.