Usopop elkartearen Ipuruan festibal berria Saran iraganen da, azaroaren 1etik 3ra

Hamar urtez Usopop festibala antolatu eta beste proposamen batzuen ondotik, Ipuruan festibala antolatuko dute aurten. Musikari ez ezik, dantzari ere leku berezia eginen diote.

2014ko Usopop festibala, Saran. ELODIE GREGOIRE
2014ko Usopop festibala, Saran. ELODIE GREGOIRE
Joanes Etxebarria.
2024ko urriaren 26a
05:00
Entzun

Hamar urtez Usopop kultur festibala egin zuten Sarako mendietan; duela bi urte, Mapa Galduak festibalarekin, beste formula bat entseatu zuten Usopop kultur elkarteko kideek, eta aurten, berriz ere, beste bat: azaroaren 1etik 3rako programatu dute Ipuruan festibala. Duela hamabost urte dinamikaren hastapena motibatu zuen hari beretik ari dira gaur ere, Joanes Garcia Basurko Usopop elkarteko kidearen erranetan: «Gu anitz mugitzen ginen musika entzuteko, eta hemengo jendeari ere proposatu nahi genizkien beste kultura mota batzuk». Aurten, dantzari asteburu osoan emanen dioten lekua beste aldietan baino garrantzitsuagoa izanen da.

Dantza ikusteko parada eskaintzen zuen jadanik Usopop festibalak, baina azaroko lehen asteburuan hainbat dantza mota ikasteko kurtsoak izanen dira. Sarako dantza taldean ari den nafartar bat, hiru lapurtar, Bilaka konpainiako italiar bat eta Iurretako (Bizkaia) herritar bat ariko dira irakasle; bost euroan hiru kurtso hartzen ahalko dira. Iurretako dantzak ikasteaz gain, Bizkaiko dantzen historiaren zati bat ere ikusgai izanen da Jantzari filmaren proiekzioan: 2018an lehen aldiz herri hartako bestetan dantza talde misto batek gizonen hegemonia nola hautsi zuen kontatzen du filmak. 

Herri musika abiapuntu

Dantzaren eta beste arteen inguruan beti ukan dute interesa, baina Usopopeko kideek musika ukan dute batez ere ardatz, eta hala izanen da Ipuruan festibal berrian ere. Aspaldiko ametsa beteko dute programazio berriarekin, Garcia Basurkok erran duenez: «Euskal Herriko eta kanpoko kultura tradizionalean oinarritzen diren musika moderno edo garaikideak programatzea». Musikarietan salbuespenik balitz, hura Anari litzateke, Garcia Basurkoren arabera: «Anarik beharbada lotura gutxiago du, nahiz eta folka egiten duen eta folk musikaren sustraiak herriko musikan dituen». Dena den, aspaldiko bidelaguna dute Anari, eta aurten talde osoarekin agertuko da Sarara, aitzineko urteetan bakarka edo binaka ere aritu ondoren.

«Kultura tradizionalean oinarritzen diren musika garaikideak programatu ditugu»

JOANES GARCIA BASURKOUsopop elkarteko kidea

Urteetako ibilbidean sortu sarea baliagarri zaie Ipuruan antolatzen dutenei; folklorearen eta modernitatearen artean nabigatzen duen Lorena Alvarez Asturiasko kantaria ekartzea, adibidez, xantza bat da Garcia Basurkorentzat: «Indarrak egiten ditu etortzeko, baduelako aura berezi bat; aski ezaguna da». Bestalde, elkar ezagutzen bazuten ere, antolatzaileen proposamena izan da Romain Baudoin artista okzitaniarra eta Baionako Bilaka dantzari eta musikari taldearen arteko elkarlana sustatzea. Sarea hedatuz joan da urteetako lanaren poderioz, «lagunen lagunak lagunak» direlako, Garcia Basurkok irri artean dioenez.

Programazioaren parte izanen dira Mediterraneoko eskualde desberdinetako hizkuntza, doinu eta tradizioak kantatu eta musika elektronikoz hornitzen dituzten Tarta Relena proiektuko Marta Torrella eta Helena Ros katalanak ere. Verde Prato izenez taularatzen den Ana Arsuaga kantari eta musikari tolosarrak bere mundua ezagutaraziko du.

Disko berriak zigilupean

Usopopek diskoetxea sortu zuen 2013an, eta hainbat artistaren lanak argitaratu dituzte: Agustin Alkhat, Lumi, Rudiger, Orbel eta Hairarena, besteak beste. Bi lan berri prestatzen ari dira: Rudigerren sei kantuko disko laburra, eta Kaskezur Baztango (Nafarroa) rock taldearen azken diskoa, Usopop zigilupean agertuko dena azaroan. «Gure abentura hortik ere badoa», erran du Garcia Basurkok. 

Ipuruan festibala Sarako hiru gunetan iraganen da, nagusiki: Lur Berri gelan ostiralean (azaroak 1), kiroldegian larunbatean, eta Santa Katalina kaperan igandean. Programazio zehatza Usopop.com helbidean ikus daiteke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.