Lanera joan behar, baina lanik ezin egin. Hala daude Kanboko Ursuia klinikako langileak. Apirilaren 30ean hetsi zuten erietxea, Eskualdeko Osasun Agentziaren aginduz. Izan ere, segurtasun arazoak, higiene arazoak eta legez kanpoko lanaldi arazoak bazirela ebatzi du erakundeak; hainbat abisu igorri zituzten aitzinetik, baina klinikako jabe Dominique Diharcek ez du horiek konpontzeko neurri bakar bat ere bete. Azken pazientea apirilaren 30ean kendu zuten egituratik; denetara 76 ohe zituen erietxeak, eta denak beste egitura batzuetara bideratuak izan dira. Langileen egoera, berriz, ez da aldatu: lanera joatera behartuak dira, nahiz eta lanik ez izan. Egoera «jasangaitza» zaiela salatu du Solange Harriet erietxeko erizain laguntzaile eta FO sindikatuko ordezkariak.
«Gaizki tratatuak gara, eta agerikoa da lankide batzuei psikologikoki eragiten diela egoerak. Lanera etorri behar dugu, egunez eta gauez, eta pentsa ezazue zer den erietxe huts batean gauez bakarrik lanera etortzea. Dramatikoa bilakatzen ari da egoera», erran du Harrietek. Ekainaren 2tik administratzaile baten esku ezarri dute egitura, eta langileak iragan ostiralean bildu ziren lehen aldiz harekin; derrigor lanera etorri beharra ahal bezain fite bertan behera uztea galdetu diote. Intza Labeguerie Ursuia erietxeko dietalari eta LAB sindikatuko kideak zuzendaritzaren «mespretxua» gaitzetsi du: «Zentzugabea da lanera joatea jakin gabe gure geroa nolakoa izanen den. Lanak, berez, zentzua ukan behar du; kasu honetan, ez du batere zentzurik».
«Zentzugabea da lanera joatea jakin gabe gure geroa nolakoa izanen den. Lanak, berez, zentzua ukan behar du; kasu honetan, ez du batere zentzurik»
INTZA LABEGUERIEKanboko Ursuia klinikako dietalaria
Gainera, maiatzeko lansaria ez dute eskuratua egiturako laurogei langileek. «Langile batzuentzat biziki zaila da; badituzte gastuak, kredituak, eta ez dira pagatuak izan», salatu du Labegueriek.
Arta kaltetua
Langileen egoera alde batera utzita, bi langileek salatu dute Kanbo inguruko arta eskaintzari kalte egiten duela erabakiak. Ordura arte 76 ohe zituen klinikak, eta arta bereziak egiteko ezagutua zen; batez ere, alzheimerra eta parkinsona zituzten pazienteendako. Hortaz, «hutsune» bat sortu dela salatu dute. Halere, Pirinio Atlantikoetako prefeturak eta Eskualdeko Osasun Agentziak segurtatu dute eritasun horiek artatzeko bidea ematen duten baimen bereziak emanen dizkietela «behin-behinean» inguruko erietxe batzuei.
«Oraingoz, beti enplegatuak gara, lanik eta soldatarik gabe, eta ezinezkoa zaigu gure geroari begira ezartzea, ez baitakigu noiz arte eta zein baldintzatan segituko dugun»
SOLANGE HARRIET Kanboko Ursuia klinikako erizain laguntzailea
Hala, Ursuia klinikaren geroa arrunt dilindan da. Momentuan iraunbide judizialean ezarria izan da, eta langileek ez dute «ulertzen» erabaki hori. Harrieten arabera, legezko likidazioan ezarri behar litzateke egitura, langileak kaleratu ahal izateko. «Oraingoz, beti enplegatuak gara, lanik eta soldatarik gabe, eta ezinezkoa zaigu gure geroari begira ezartzea, ez baitakigu noiz arte eta zein baldintzatan segituko dugun. Pentsa zertan garen; kaleratuak izatea galdetzen dugu», erran du Harrietek. Uztailean izanen da egituraren legezko egoerari buruzko ondoko auzi saioa.
Ikerketa judizial bat abiatu du Baionako prokuradoreak, egiaztatu nahi baitu kudeaketa txarraz gain «deliturik» izan ote den. Egituraren zuzendari den Diharcek Ici irratiari segurtatu dio «errekurtsoak» abian ezarri dituela.