Urruña eta Segura ofizialki senidetzeko ekitaldia egin dute

Bi herrietako herritarrek hamarkadatan izan dituzte harremanak, eta bi herriko etxeek harremana ofizial egin dute. Birazkatzea biziarazteko gazteen inplikazioa beharrezkoa izanen dela uste dute.

Urruña eta Segura ofizialki senidetzeko ekitaldia, iragan igandean, Urruñan. HITZA
Urruña eta Segura ofizialki senidetzeko ekitaldia, iragan igandean, Urruñan. HITZA
Oihana Teyseyre Koskarat.
Urruña
2024ko urriaren 19a
05:00
Entzun

Urte luzetakoa da adiskidetasuna, eta Urruñako eta Segurako (Gipuzkoa) herritarren arteko harremanak badu historia luzea. Luzea eta emankorra: Iparra Hegoa kultur astea da plantan ezarri dituzten egitasmoetariko bat. Halere, orain arte, adiskidetasun horrek ez zuen ezagupen ofizialik. Baina, bi herrietako auzapezek bultzaturik, iragan igandean izenpetu zuten birazkatze ofiziala, eta ekitaldi berezia egin zuten Urruñan. Dozenaka jende bildu ziren herriko plazan, eta Seguratik jinak ziren hogei bat lagun; Filipe Aramendi Urruñako auzapezak eta Izarra Urdaileta Segurako alkateak aldarrikatu zuten «euskaldunen artean» ez dela «mugarik». 

Segurarren eta urruñarren arteko harremana 1994an sortu zen, besta giroan. Elizondoko Baztandarren Biltzarrean (Nafarroa), segurar batzuk eta urruñar batzuk elkarren ondoan jarririk gertatu ziren, eta kantuz hasi. Adiskide bilakatu ziren gero, urtero elkartzeraino. Fite abiatu zuten Seguran egiten duten kultur astea, Iparra Hegoa. Aramendik eta Urdailetak igandean erran zutenez, bi herriek «hainbat balio partekatzen» dituzte, «euskarari eta euskal kulturari ez ezik, elkartegintzari ere garrantzia» ematen dioten bi herri direlako. Uztailean onartu zuten bi herriko etxeetako herriko kontseiluetan senidetzarako ituna, eta hori da, hain zuzen ere, birazkatzearen norabidea finkatzen duena. 

Herritarrek hauspotua

«Harreman kulturala sustatzea, adiskidetasun loturak indartzea eta harremanak ugaritzea izanen dira erronkak, baita gure hizkuntza euskara dela aldarrikatzea ere», adierazi zuen Urdailetak. Erraterako, azpimarratu zuen herritarren borondatetik abiatu zela birazkatzea, eta hori bultzatzea izanen dela instituzioen erronka: «30 urtez herritarrek mantendu duten loturak ofizialtasuna lortu du, herritarrek hauspotu duten senidetzea da, eta, herritik sortu den heinean, badu indarra». 

«30 urtez herritarrek mantendu duten loturak ofizialtasuna lortu du, herritarrek hauspotu duten senidetzea da, eta, herritik sortu den heinean, badu indarra»

IZARRA URDAILETASegurako alkatea

Aramendik erran zuen bi herrien arteko elkarlanak historia luzea duela; kasurako, Urruñan ikastola eraiki zutenean, Segurako herritarrak laguntzera etorri zirela oroitarazi zuen. «Autobusez etorri ziren gure laguntzera ikastola sortu genuenean. Urtebete berantago Iparra Hegoa egiten hasi ziren. 2021ean, Kutxa Bira kanpainaren karietara, erabaki genuen herriko etxeek ofizializatuko genuela». Halere, argi utzi zuen birazkatzeak bizitzeko «herritar guziek berenganatu behar» dutela, eta, haren arabera, gazteak izanen dira partaidetza horren gakoa.

Segura eta Urruñaren artekoa ez da Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko senidetza bakarra. Kasu baterako, Aiherran hainbat senidetzatako ordezkariek egindako mahai inguru batean, horiei buruzko gogoeta bat abiatu dute hilabete honetan. Hainbat senidetza izan zituzten solasgai, eta kasik denentzat erronka nagusia da herriko etxeek abiatu prozesua gizarteratzea.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.