Ustekabea ote? Azken egunak hiru libururekin pasatu ditut: Krutwigen Vasconia, Bidegainen Kepa Anabitarte eta Bayarden Et si les Beatles n’étaient pas nés. Zer lotura du hirugarrenak beste biekin? Ukroniarena.
Ukronia, zientzia fikziozko idazleek asmatutako desmartxa da. Helburua: historiaren bidegurutze nagusietako gertakari bat ez balitz izan, munduak zer bide hartuko zuen asmatzea. Gertakarietatik haratago doa Bayard, obra batzuek izan duten erdiespenak nola beste batzuei itzala egin dien kontatuz, Beatles eta Kinks, Rodin eta Camille Claudel edota Marx eta Proudhonen adibideak barnatuz. Desagertu ziren obra batzuen ibilbidea ere erakusten du. Adibidez, Proust ez omen da agertzen, edo toki izugarri murritzean, lehengo literatura entziklopedietan, gaur egun frantses literaturako izan garrantzitsuenetarikoa delarik.
Ideia hau Euskal Herriratu dut beste bi liburuak irakurtzearekin. Guk ere gure kanonikoak baditugu. Ni bezalako ez jakintsuei hainbat izen ezagunak zaizkigu, gure herriaren historia egin dutenak. Baina, gehienetan, azaletik baizik ez ditugu ezagutzen. Krutwig soilik borroka armatuaren ideologoa izatera zokoratu dugu. Anabitarteren ibilbideaz deus ez dakigu, eta borroka kide izan zuen Aginaga zenaren pentsamolde nazionalaz, are gutiago.
Hemen hasten da ukronia. Zer gertatuko zen jeltzaleek 1936ko euskal gobernuaren bideari ez baliote uko egin 1962ko Municheko itunean? Zer bide hartuko zuen euskal gatazkak ETAren protagonismorik gabe?
Agian, ukroniaren laguntzaz bide berriak asma ditzakegu itzalean egon diren militante eta ideologo baztertuetara joz.